Estepan Urkiaga Lauaxeta idazlearen omenez, Bizkaiko Foru Aldundiak urtero Lauaxeta sariak banatzen ditu Euskararen Egunaren bueltan. Aurten, Labayru fundazioa omendu du, 1977. urtetik gaur egunera euskal kultura eta ondarea ikertzeko, bultzatzeko eta gizarteratzeko egindako lanagatik: Ohorezko Lauaxeta saria eman dio. Oihane Zuberoa Garmendiak, Harkaitz Canok eta Aitor Baztarrikak ere aitortza jaso dute. Gaur zortzi egin zuten ekitaldia, Bilboko Foru jauregian.
Igone Etxebarria Labayru fundazioko zuzendaria igo zen saria jasotzera, eta adierazi zuen egindako aitortza fundazioak euskararekin duen konpromisoaren adierazgarria dela: «Labayru fundazioan egunero-egunero gabiltza beharrean euskara gehiago eta hobeto erabil dadin gizarteko arlo guztietan. Horretarako, gure ikerketak eta gure zerbitzuak eskaintzen ditugu. Aurrera jarraitzeko bultzada ematen digu sari honek».
Beste hiru sari
Ohorezko sariaz gainera, poesia arloko bi sari —35 urtetik beherakoena eta 35 urte edo gehiago dituztenena— eta ikus-entzunezko saria ere banatu dituzte.
Oihane Zuberoa Garmendiak jaso du 35 urtetik beherakoen poesia saria, Bi aldiz iraun liburuagatik. Bigarren liburua eta bigarren saria du Zuberoak —Bidaia ariketak lehenengo liburuarekin Iruña Hiria saria irabazi zuen 2020an—. Epaimahaiak nabarmendu duenez, «idazle sendoa» da Zuberoa: «Idazlearen filosofo izaera poema guztien ardatz ikusezina da, eta horixe da, hain zuzen ere, irakurlea gozamenezko hausnarketara eramaten duena». Lau ataletan banatuta dago liburua, eta atal horietako bakoitzak, fruta jakin bati lotuta, urtaro bati egiten dio erreferentzia. Zuberoak poesiaren hazia beragan erein duten guztiak izan zituen gogoan saria jasotzeko orduan: «Idazten hasteko, sariak pizgarri dira, baina irakurketak ere ezinbesteko dira. Idazten jarraitzeko, txanponak eta irakurketa gehiago behar-beharrezkoak dira».
35 urtetik gorakoena, berriz, Canok eskuratu du, Ulu egiteko bolondres bila liburuagatik. Poesia «ertzera» eramatearren jaso du aitortza idazleak, epaimahaiaren arabera: «Irakurlea bera ere mugara eramateko asmoa du liburuak». Poesia konbentzionalak, txisteak, ulu baten transkripzioa daraman pentagrama bat eta poemaren titulua poemaren ostean daraman testu bat nahasten ditu liburuak, besteak beste. Poesia «hutsala eta ahalguztiduna» dela esan zuen Canok: «Nola liteke hain aurkakoak diruditen bi ezaugarri horiek batzea poesiak? Poesia hutsala da nobela baten alboan, askoz jende gutxiagok edo ia inork irakurtzen ez duelako. Ahalguztiduna da hizkuntzarekin duen harremanagatik: hizkuntzarekin harremanik intimoena daukan generoa da poesia, dudarik gabe. Hizkuntza alda dezake poesiak, eta, hizkuntza aldatuz, gure arteko harremanak alda ditzake. Finean, guztia alda dezake poesiak».
Aitor Baztarrika zinemagileak, berriz, ikus-entzunezkoen arloko saria jaso du, Jesus Carrera: Hondarribiko gorria dokumentalagatik. Jesus Karrera militante komunistaren bizitza kontatzen du lanak. Memoria historikoari egindako ekarpenagatik saritu dute epaileek zinemagilea: «Narrazio berritzailea, hunkigarria, aberatsa eta oso beharrezkoa ondu du». Eta, hain zuzen, memoria izan zuen hizpide Baztarrikak ere: «Kulturaz, literaturaz… hitz egiten aritu gara, baina memoria ere gai garrantzitsua da gizartea hobetzen jarraitzeko, iraganeko kontuak ahaztu gabe».
BILBOKO UDALAK hiriko DANTZA TALDEAK OMENDU DITU
Euskararen Egunaren harira, Bilboko dantza taldeak omendu zituen martitzenean Bilboko Udalak: Gaztedi, Bihotz Alai, Arraizpeko Gazteak, Irutasun, Beti Jai Alai, Batasuna Arraizbide, Salbatzaile, Goi Herri, Mikeldi eta Ibai Arte taldeak, hain zuzen ere. Juan Mari Aburto alkatearen hitzetan, «kultura euskalduna» transmititzen dute dantza taldeek, eta nabarmendu zuen «funtsezkoak» izan direla euskararen biziraupenean. Dantza talde bakoitzak opari bana jaso zuen.