Hondakinak prebenitzeko eta kudeatzeko zentro bat zabaldu dute Bizkaian

Hondakinak prebenitzeko eta kudeatzeko zentro bat zabaldu dute Bizkaian

​Martitzenean zabaldu zituen ateak WLB Waste Lab Bizkaia —hondakinen laborategia, euskaraz— zentro berriak Derion, Bizkaiko parke teknologikoan. Lurraldeko hondakinak prebenitzea eta kudeatzea da zentroaren helburu nagusia, eta herritarrak sentsibilizatzeko ikerketa eta berrikuntza zentro moduan funtzionatuko du.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiaren esanetan, «erreferente» izango da Bizkaia hondakinen kudeaketaren arloan. «Waste Lab Bizkaia zentroarekin urrats erabakigarri bat egin dugu jasangarritasunerantz». Hondakinak gutxitzea izango da zentroaren ardatz nagusia, baina, era berean, ekonomia zirkularra ere bultzatu nahi dute, Etxanoberen hitzetan: «Sortzen ditugun hondakinak hobeto kudeatu behar ditugu. Elkarregaz lortuko dugu ekonomia zirkularra helburua izan beharrean errealitatea izatea Bizkaian». Era berean, etorkizuneko erronkei aurre egiteko «irtenbide praktikoak eta jasangarriak» ere bultzatuko ditu zentro berriak.

«Elkarregaz lortuko dugu ekonomia zirkularra helburua izan beharrean errealitatea izatea Bizkaian»
ELIXABETE ETXANOBE Bizkaiko ahaldun nagusia

Bizkaiko Foru Aldundiak Aclima Euskadiko Ingurumen Enpresen Klusterrarekin eta EIDE Euskal Diseinuaren Elkartearekin lankidetzan ondu du proiektua. Eraikina birziklatutakoa da: ikerketari eta zientziari eskainitako interpretazio gune bat egon zen bere garaian leku horretan, eta 2.100 metro koadroko egoitza hori egokitu dute. Horretarako, 400.000 euroko inbertsioa egin dute. 

Hiru gune nagusi

Elkargune moduan aurkeztu du zentroa Etxanobek, han elkartuko baitira askotariko ikertzaileak, enpresak, herritarrak, profesionalak, ikasleak zein tokiko erakundeak. Hiru gune nagusitan banatu dute espazioa: Kalea, Plaza eta Auzoa eremuak daude. 

Zentrorako sarbidea izango da Kalea. «Gizartea sentsibilizatzea bilatuko da espazio horretan», esan du Etxanobek. Herritarren gunea izango da, eta bisitariak pasabide batetik iritsiko dira harmailetara. Txirrista batetik plastikozko botila birziklatuz betetako igerileku batera jaitsiko dira, eta erakusketa gune bat ere egongo da, material birziklatuen adibide errealak erakusteko.

Haren azpiko solairuan, Auzoa dago. «Ikerketa eta esperimentazio gunea izango da, profesionalentzat», adierazi du ahaldun nagusiak. Ikerlari egoiliarrak bertan egongo dira lanean, eta dokumentazio zentro bat eta lanerako erabilera askotako aretoak izango dituzte. 

Plaza, berriz, Kalea eta Auzoa eremuen artean egongo da. «Talde guztiak batzeko lekua izango da, elkarrekin sortu eta ideiak partekatzeko erabiliko da», Etxanoberen arabera. Jardunaldiak, topaketak eta eztabaidak egingo dira bertan, besteak beste.

1.200

zenbat kilo hondakin sortzen diren minutuero Bizkaian. Bizkaia osoko hondakinak aintzat hartuta, minutuero 1.200 kilo hondakin sortzen dira lurraldean; urtean, 540.000 tona.

Bizkaiko foru gobernuak maiatzean hasi zuen 2030erako Hondakinen Kudeaketarako Plan Integrala onartzeko bidea. Onartutako gidalerro berrien arabera, herritar bakoitzak 2030erako urtean 23 kilo hondakin gutxiago sortzea da helburu nagusia —hondakinen kudeaketan %15eko murrizketa litzateke—. Birziklapen tasa ahalik eta handienera iristea ere helburu dute, zabortegietara doazen hondakinak asko murriztuta; Bizkaiko hiri hondakinen %76 birziklatzea espero dute 2030erako.