Irizpide estetikoak agerikoak dira irudietan: kolore biziak, deigarriak, arriskatuak; plano orokor indartsuak, enkoadraketa bereziak. Baina trebetasun artistikotik haragoko balioak dituzte filmok, Juan Carlos Vazquez Velasco Zinema Ikusezina jaialdiko zuzendariak aldarrikatu duenez. «Hollywooden eta abarretan, askotan zinema egin izan dute entretenitzeko edo ideologia jakin batzuk helarazteko. Guk beste zentzu batean erabiltzen dugu zinema: hausnartzeko eta eraldaketa sozialerako». Datorren ostegunera bitartean, festibalak 81 ekoizpen eskainiko ditu 38 txokotan —gehienak, Bizkaian—; guztira, ia seiehun proiekzio egingo dituzte. 16. aldia izango da.
[articles:2131730]
Askoz gehiago heldu zaizkie, ordea: 1.100 lanen artean egin dute aurten aukeraketa. Eta nola erabaki? Zuzendariak esplikatu duenez, jaialdia lau zutabetan bermatzen da. Jasangarritasuna jorratzen dute, oro har; hau da, jasangarritasun politikoa, soziala eta ingurumenari dagokiona. Era berean, parekidetasuna ere badute jomuga, proiektatzen dituzten pelikulen erdiak emakume batek zuzenduak izaten direlako. Kulturartekotasuna ere bada ardatz, Vazquezek azpimarratu duenez. «Zineman, askotan gertatu izan da kultura batzuk atzean utzi izan dituztela. Eta hori ezin da gertatu». Eta, halaber, ezinbestekoa da giza eskubideen begirunea. Lau giltzarri horiek kontuan hartuta, baina, askotarikoa da eskaintza: gaixotasun arraro bat duen familia baten komeriak; Ekuadorko oihaneko bizilagunen bizimodua hondatzen ari den petrolio enpresa bat; bonba baten ondorioz hanka galdu duen Siriako zurgin baten istorioa, zeinak besteentzat ere sortzen dituen egurrezko hankak…
«Aberasgarria da ez soilik pelikulaz hitz egitea, baizik eta han agertzen diren errealitateez. Ez badugu hitz egiten eta ez badugu elkar ezagutzen, mundua ez da aldatuko»
JUAN CARLOS VAZQUEZ VELASCO Zinema Ikusezina jaialdiko zuzendaria
Eta Gazako sarraskia, ezinbestean. «Munduan gatazkak daude, eta jaialdian ahalegintzen gara ahaztuta gera ez daitezen. Eta Palestina ezin zen atzean geratu. Gertatzen ari dena izugarria da, eta mundua ezin da isilik egon; are gutxiago gurea bezalako festibal bat. Beraz, Palestina oso presente egongo da». Adibidez, Aniez zuzendariak sortutako Write My Name film labur musikalarekin: Zeina Azzam Palestinako poeta baten izen bereko olerkian oinarrituta dago lana, eta haur batzuk dira protagonista. Bestelako bidegabekeriak ere hizpidera ekarriko dituzte, dena den. Esate baterako, Raul Guillamonen Niñas de arena filmaren une bat eraman dute aurtengo aldiko kartelera. Mendebaldeko Saharako hiru andre gazte dira protagonistak.
Oparoagoa da eskaintza, eta, ondorioz, Vazquez zuzendariarentzat zaila da obra gutxi batzuk nabarmentzea. Hainbat adibideren gainean jarri du arreta, halere. Will My Parents Come to See Me filma «oso berezia» iruditu zaio, adibidez. Somalian terrorismoagatik kondenatutako gizon bati buruzko fikziozko lan labur bat da, Mo Harawek zuzendua: heriotza zigorra ezarri diote, eta ekoizpenak haren azken eguna erakusten du. «Hausnartzera bultzatzen gaitu: txirotutako herri batean, nola jotzen da norbait terroristatzat? Zeren eta nola heldu da egoera horretara? Uste osoz, kasualitateagatik, goseagatik, ideologiagatik… Epaitzen dutenean, berdin du zerk eraman duen egoera horretara». Mother Suriname Surinamen girotuta dago. Tessa Leuwsha zuzendaria bere amonaren istorioaz mintzo da, zeinak ezkontza misto bat egin zuen gizartean txarto ikusita zegoen garai batean. Koloreztatutako pelikula zaharren zatiak ehundu, eta «narratiba harrigarria» erdietsi du, Vazquezen irudiko, historiako hainbat mugarri erakutsita: esklabotza, kolonizazioa —Herbehereen kolonia izan zen Surinam—, matxismoa, gerren «zentzugabekeria»… 1975eko independentziara heldu arte.
Hizkuntza eta egoera ugari
Somalieraz mintzo dira Will My Parents Come to See Me obran, eta herbeheretarrez Mother Suriname-n. Eta jaialdian aditu ahal izango dira gaztelania, frantsesa eta ingelesa, baina baita wolofera, kurdua, arabiarra eta swahilia ere. Eta euskara. Aurten zazpi euskal lan lehiatuko dira, zehazki: Dena asmatuta dago, Eskuen soinua, Konfiantza itsua, Zaintzen duten emakume baserritarrak, Gorriaz, Puzzleak eta Lehen Saiakera.
Konfiantza itsua filmeko une bat. ZINEMA IKUSEZINA
Aniztasuna egongo da, halaber, proiekzioen osteko solasaldietan. 30 foro baino gehiago antolatu dituzte. «Uste dut eztabaida oso inportantea dela, baita beste egoera batzuk ezagutzea ere. Aberasgarria da ez soilik pelikulaz hitz egitea, baizik eta han agertzen diren errealitateez. Ez badugu hitz egiten eta ez badugu elkar ezagutzen, mundua ez da aldatuko». Hilaren 1ean hasi ziren institutuetako proiekzioekin, eta Senegalgo, Kubako, El Salvadorko eta Mexikoko ekintzaileak egon dira jada ikasleei euren bizipenak helarazten.
Izan ere, hainbat ikusle mota batzen ditu festibalak. Ugariak dira irakasleak eta ikasleak, esaterako: zuzendariaren arabera, iaz hamasei ikastetxek parte hartu zuten jaialdian, mila ikasle inguruk eta seiehun bat irakaslek; aurten, hemeretzi izango dira ikastetxeak, eta, beraz, Vazquezek uste du aise gaindituko direla iazko datuak. Oro har, lau soslai nabarmendu ditu Zinema Ikusezinako zuzendariak: ikasleez eta irakasleez gain, nerabeak eta gazteak, helduak, eta adinekoak. «Askotan, adin jakin batera heltzen zarenean, ematen du zirkuituetatik kanpo geratu behar duzula, baina asko dute kontatzeko, eta esperientzia oso aberatsa dute transmititzeko».