Mahats gutxiago, baina kalitate onekoa

Mahats gutxiago, baina kalitate onekoa

​Azken urteetako beranduen, baina hasi dira aurreneko mahatsak batzen Bizkaiko mahastietan. Eguraldiak nabarmen baldintzatu du mahatsa heltzeko prozesua, eta horrek uztaren ohiko epeak atzeratzea ekarri du. Ekoizleen arabera, iaz baino txakolin gutxiago ekoitziko da aurten, baina aurreratu dute kalitatean ez duela eraginik izango.

Aurtengo ziklo begetatiboa «oso konplexua» izan dela esan du Iñaki Suarez Bizkaiko Txakolina jatorri izeneko zuzendari teknikoak: «Eguraldiaren eraginez, asko atzeratu da ziklo guztia: ohi baino beranduago hasi gara mahatsa biltzen, eta, gutxienez, urriaren amaierara arte-edo luzatuko da prozesua». Eguraldiaren menpe egoteak «ziurgabetasuna» ekarri du sektorera: «Leihotik begira ari gara une oro, eguzkia noiz aterako. Lurra bustita badago edo euria ari badu, ezin gara joan, makinak sartzea arriskutsua baita».

«Oraindik ez dugu daturik, baina iruditzen zaigu %30 inguru-edo galduko dugula iazko datuekin alderatuta. Kezkatuta gaude»
IÑAKI SUAREZ Bizkaiko Txakolina jatorri izeneko zuzendari teknikoa

Zikloa atzeratzea ez da arazo bakarra izango, Suarezen arabera: mahats kopuruan ere izango du eragina. Joan den urteko uztan dagoeneko %18,5 gutxiago ekoitzi zuen Bizkaiko Txakolinak eguraldiaren gorabeherengatik, baina aurten beherakada are nabarmenagoa izango dela iruditzen zaio zuzendari teknikoari: «Oraindik ez dugu daturik, baina iruditzen zaigu %30 inguru-edo galduko dugula iazko datuekin alderatuta. Kezkatuta gaude». 

Txakolinaren sektorea txikia da Bizkaian. 1994. urtean sortu zuten, eta hirurogei hektarea mahasti baino ez zeuden erregistratuta lurraldean. Ordutik, handitu egin da ekoizpena urte hauetan guztietan, eta, gaur egun, Bizkaiko Txakolina jatorri izeneko upategietarako ekoizten duten 436 mahasti hektarea daude lurraldean. «Errioxako upategi batzuek hektarea kopuru hori edo gehiago ekoizten dute euren mahastietan», zehaztu du Suarezek, konparazioa eginda. Aurrera begira, beraz, aztertu beharko dute kopurua apaltzeak salneurrian eraginik izango duen ala ez: «Nik neuk aspalditik uste dut txakolina oso merke saltzen dugula. Oraindik goiz da ezer jakiteko, eta aztertu beharko dugu».

Kalitate onekoa espero dute

Eguraldia gorabehera, uzta ona espero dute ekoizleek. Arteako Ugabe Txakolina upategietan iraileko azken asteburuan hasi ziren mahatsa batzen, eta, Ugaitz Iturbe buruak kontatu duenez, «dezente mahats gutxiago» biltzea espero dute aurten: «Aurreko urteetan, esaterako, zazpiehun gramo zituen mahats mordo batek; aurtengoak, berriz, laurehun gramo». Haren hitzetan, baina, horrek ez du kalitatean eraginik izango: «Mahatsa oso ona eta garbia da; osasuntsu dago». Suarezek ere bat egin du Iturberekin: «Ziurrenik azidoagoa izango da aurtengo txakolina, baina freskoa ere bai, eta kalitatez, oso ona».

«Mahatsa oso ona eta garbia da; osasuntsu dago»
UGAITZ ITURBE Arteako Ugabe Txakolina upategiko burua

Urte hauetan guztietan, Bizkaiko Txakolina sor-markak «identitatea eta aniztasuna» lortu duela iruditzen zaio Suarezeri, eta pozik dago alde horretatik: «Aurreiritziak apurtzen ari gara. Kalitatezko ardoa egiten dugu, eta eskaintza zabala eta askotarikoa dugu». 

Hemendik aste batzuetara egingo dute balantze orokorra, mahats guztiak bilduta daudenean, eta orduan erabakiko dute zer neurri hartu beharko dituzten. Klima aldaketaren ondorioak nozitzen ari da ardogintzaren sektorea ere, eta arduraz begiratzen diote aurrez aurre duten erronkari. «Arduratuta gaude, txakolin gutxiago ekoiztuko delako, baina merkatuak eskatzen jarraituko duelako. Faktore guztiak aztertu beharko dira», adierazi du Iturbek. 

TXIKITEROEN jaia GAUR BILBON

Txikiteroen jaia ospatuko dute gaur Bilboko Zazpikaleetan. 11:30ean, Bizkaiko Txakolina sor-markako ekoizleak kalejiran joango dira Unamuno plazatik Yohn jauregira. Han, aurtengo lehen muztioa eta loreak eskainiko dizkiote Begoñako Ama Birjinari. Gero, Matsorriak, Deustoarrak eta Bilbao Argia abesbatzen emanaldia, pintxoak eta tarta banaketa egongo dira. 

1964tik egiten dute Bizkaiko zaindari Begoñako Amaren jaiegunean txikiteroen festa: bilbotar izaera suspertzea eta txikiteoaren ondare kulturala bultzatzea du xede. Aurten, Txema Soriak, Jon Mujikak eta Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoak jaso dute Ohorezko Txikitoa saria. Begoñan ere erromeria izango da egun osoan: txosnak, trikitilariak, euskal dantzak, udal musika banda…