Ezaguna denaren beste ikuspuntu bat

Ezaguna denaren beste ikuspuntu bat

​Euskalduna jauregia, Kale Nagusia, Bidebarrietako Udal Liburutegia… Bilboko paisaiaren elementu finkoak dira, eta edozein oinezkok egunero egiten du topo haiekin. Baina, ezagunak izanagatik, kutsu bereziago bat hartzen dute urtean asteburu batez: Bilboko Out arkitektura kolektiboak eta udalak antolatuta, hiriko eta Bizkaiko makina bat eraikin eta eremu bisitatzeko aukera ematen du Open jaialdiak, eta, halaber, eraikinon historiaren, balioen eta erabileren berri ere ematen du. «Hasieratik dugu helburu garbi bat: jendeari helaraztea arkitektura modu irisgarri batean, eta ahalik eta argien», laburbildu du Andoni Pombo jaialdiko antolatzaileetako batek.

Helburu horri lotuta jarraituko du festibalak aurten, zortzigarren aldian, baina bestelako jarduerak ere egingo dituzte. Horiei tokia egiteko, festibala luzeagoa izango da oraingoan: asteartean hasi zen eta domekan bukatuko da. Asteburuan bisitatuko dituzte eraikinak: 72 ikusi ahalko dira, guztira; horietako zortzi, jaialdian lehen aldiz.

Zerrenda ikusita, agerikoa da eskaintzaren aniztasuna: kasu baterako, askotarikoak direlako diseinuak eta koloreak, baita garaiak ere, Open festibaleko zerrendan badaudelako hala bostehun urteko egiturak, nola berri-berriak. Eta aniztasuna azpimarratu du Pombok eraikin horien erabileraz berba egiteko orduan ere: haren irudiko, eraldatzeko gaitasunean egiten dute bat Bilboko eraikinek, oro har. «Eraikin asko ditugu hasiera batean erabilera jakin bat zutenak —gehienak, industriarekin lotutakoak—, baina gaur egungo bizimodura eta hiriaren funtzionamendura moldatu direnak, eta beste erabilera bat dutenak eraberritzeen, handitzeen eta birgaitzeen bitartez».

Bisitari talde bat Bilboko Bizkaia dorrearen inguruan, iazko Open jaialdian. OPEN JAIALDIA

Adibidez, egun Begoñaibarra auzoko udaltegia tramiteak egiteko eta bestelako zerbitzuetarako erabiltzen dute, baina, hasiera batean, arropa garbitzeko leku bat izan zen, eta, ondoren, merkatu gisa ere funtzionatu zuen; handitze baten ostean hasi ziren orain bezala erabiltzen —bihar bisitatu ahalko da, 10:00etatik 20:00etara—. Eta antzera gertatu da Zankoetako udaltegiarekin, desinfekzio eraikina izan baitzen jatorrian —bihar erakutsiko dute, 10:00etatik 14:00etara—. «Oso ohikoa da udal eraikin horiek erabilera aldatu izana», esan du Pombok. Aldaketak handiak ere egin izan dira zenbaitetan. «Bizkaia dorreak, nahiz eta erabilera mantendu duen, eraberritze sakon bat egin behar izan du gaur egungo beharretara moldatzeko». Bihar bisitatuko dute dorrea, 10:00etatik 20:00etara, baita igandean ere, 10:00etatik 19:00etara.

«Bilbon eraikin asko ditugu hasiera batean erabilera jakin bat zutenak —gehienak, industriarekin lotutakoak—, baina gaur egungo bizimodura eta hiriaren funtzionamendura moldatu direnak»
ANDONI POMBO Open jaialdiko antolatzaileetako bat

Bilbok ere baditu eraikin modernoagoak, duela urte gutxi ondu zirenak, eta arkitektura eta funtzionalitate aldetik berrikuntzak ekarri dituztenak. Miribilla auzoko Bilbo Arena aitatu du antolatzaileak —etzi bisitatuko dute, 10:00etatik 14:00etara—. «Jasangarritasuna oso kontuan izan duen eraikin bat da: adibidez, euri ura jasotzen du», zehaztu du. Tamaina txikiago batean, aurten irekitako Oslo Cowork egongo litzateke, Urgozo kalean. Eraikin bloke batean kokatutako espazio «oso bitxi, berezi eta berritzaile bat da», Pomboren ustez, eta argazkilaritza estudio bat dago han. «Ikus dezakegu arkitektura txikiek ere balio handia dutela, eta halako proiektuetan xehetasun txikietara iristeko gaitasuna egoten dela. Bisita batean, nabaritu litezke erabilitako materialak, sortzen diren espazioak…». Etzi egingo dute, 10:00etatik 15:00etara. Bide beretik, Bear arkitektura estudioaren Rabe bulegoa ere bisitatu ahalko da bihar, 10:00etatik 15:00etara. «Beste lokal batean dago. Kasu horretan, aurretik beste erabilera batzuk izan zituen, eta hango arkitektoek eraberritu egin dute, euren beharretara eta filosofiara egokitzeko».

Zinema eta beste

Dena den, bisitetatik harago doa Open jaialdiaren eskaintza. Pombok aldarrikatu duenez, aparteko jarduera horiek «bisitek bezain garrantzia handia» izan zezaten ahalegindu dira aurten. Esaterako, gaur zinema forum bat egingo dute Bilbo Arten, 18:00etan. King Vidorrek zuzendutako The Fountainhead (1949) pelikula hartuko dute hizpide, eta, hura ikusi ostean, Bernardo Garcia De la Torre arkitektoak gidatuko du eztabaida. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, Vidorren filmean arkitektoak gizartean duen identitateari buruzko hausnarketa egiten dute, eta arteak eta irudimenak mundu modernoaren sorreran duten esanguraren inguruan ere aritzen da.

Ibilbideak ere proposatzen ditu festibalak, egun guztietan. Herritarren parte hartzea eta diseinu soziala ardatz dituen Bilboko Tipi kooperatibarekin, Zabalgunea eta Santutxu auzoak ezagutzeko ibilbideak egingo dituzte, eta aztertuko dute zer-nolako gaitasuna duten eremu horiek harreman komunitarioak sustatzeko, eta kaleen diseinuak eta eraikinek nola eragiten duten bizilagunen harremanetan. Haurrentzat propio antolatutako paseoak ere izango dira: bihar eta etzi, San Ignazio, Begoñaibarra eta Atxuri auzoak bisitatuko dituzte, Detalleres taldearekin batera. Lekualdaketen artean, jolastu eta hausnartu egingo dute.

Horrez gain, igandera arte, Cities Connection Project erakusketa ikusi ahalko da Deustuko Erriberako IED Kunsthalen. Nicola Regusci eta Xavier Bustos arkitektoek gidatutako erakusketa ibiltari bat da. Trantsiziozko arkitekturaren adibideak biltzen ditu: hau da, eraikuntza etikoago bat helburu dutenak. Erakusketa osatzen duten paneletan, jada badauden eremuak berrerabiltzen dituzten proiektuak ageri dira, material efizienteak eta jasangarriak erabiltzen dituztenak, baita erabiltzaileen ongizatea sustatzen dutenak ere. Hogei egitasmo jaso dituzte: Belgikakoak, Luxenburgokoak, Bartzelonakoak eta Euskal Herrikoak.

eraikin batzuk

Arteche enpresako ultra goi tentsioko laborategia. Derio bidea, 28, Mungia. Metal leunduzko fatxada dauka, eta, barruan, 27 metro garai den Faraday kaiola bat. Bihar izango dira bisita gidatuak, 10:00etatik 14:00etara. 
Bilboko Elkarte Filarmonikoa. Portuko Markesaren kalea, 2, Bilbo. Fidel Iturria Tolosako (Gipuzkoa) arkitektoak diseinatu zuen: oinplano angeluzuzeneko eraikin bat da, eta estilo modernistako ganbera areto bat du, inspirazio frantziarrekoa. 1904an inauguratu zuten. Bihar —10:00-20:00— eta etzi —10:00-19:00— bisitatu ahalko da.
Bilboko udaletxea. Ernesto Erkoreka plaza, 1, Bilbo. 1892ko eraikin bat da, eta Joaquin de Rucoba arkitektoak sortu zuen. Fatxada simetrikoa du, eta kontrastea dago kanpoko soiltasunaren eta barruko areto hornituen artean, Open jaialdiko antolatzaileen arabera. Bihar —10:00-14:00— eta etzi —10:00-14:00— egingo dituzte bisita gidatuak.
Juan Crisostomo Arriaga kontserbatorioa. Ibarrekolanda plaza, 1, Bilbo. Eraikin garaikideagoa da, eta nabari da: 2007an inauguratu zuten, eta beiraz osatutako fatxada bat proiektatu zuten sortzaileek, Roberto Ercilla eta Miguel Angel Campo arkitektoek. Festibaleko antolatzaileek esan dutenez, argiztapena da eraikinaren gakoetako bat: are, sotoetara ere heltzen da argi naturala, eraikinaren eta esparru publikoaren artean dauden pitzadura batzuei esker. Bihar bisitatu ahalko da, 15:00etik 20:00etara.

Euskararen Etxea. Agoitz plaza, 1, Bilbo. 1950eko hamarkadan eraiki zuten, eta 2004an hasi ziren orain bezala erabiltzen. Bihar izango dira bisita gidatuak, 15:00etatik 19:00etara.

Bailen etxe orratza. Bailen kalea, 1, Bilbo. Hiriko aurreneko etxe orratza izan zen —43 metro garai da—, eta Chicagoko (AEB) orduko arkitekturan oinarritu ziren M. I. Galindez eta J. M. Chapa arkitektoak hura sortzeko, 1946an. Estilo arrazionalistako fatxada dauka; formatu hori ohikoa izan zen Bilbon XX. mendearen bigarren erdialdean. 2013an birgaitu zuten. Bihar —10:00-20:00— eta etzi —10:00-19:00— bisitatu ahalko da.