Mahastien arteko esperientziak

Mahastien arteko esperientziak

​Zentzumen guztiak pizten dituen esperientzia eskaintzen du Mahasti Artean jaialdiak: gastronomia, kultura eta natura uztartzen dituzte egitasmo bakarrean. Urtero-urtero, Bizkaiko mahasti desberdin batean egiten dute, eta aurten, lehen aldiz, Gorbeialdea eskualdearen txanda izango da. Bizkaiko Enoturismoa elkarteak eta Bizkaiko Txakolina jatorri izenak elkarlanean antolatzen dute jaialdia, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gorbeialdea Landa Garapenerako elkartearen eta Idiazabal Gazta jatorri izenaren babesa jaso dute.

Herrialdeko mahastiak ezagutaraztea da proiektuaren helburu nagusia, Maider Zalduondo Bizkaiko Txakolineko komunikazio arduradunak kontatu duenez: «Askok ez dakite leku hauek badaudenik ere. Aukera ona da Bizkaiko eremu guztietako upategiak eta mahastiak ezagutarazteko». Hortik harago, baina, bestelako jarduerez gozatzeko aukera egongo da gaur arratsaldetik domekara bitarte: kontzertuak, yoga saioak, bakarrizketak eta ibilaldiak antolatu dituzte, beste kontu batzuen artean. 

«Askok ez dakite leku hauek badaudenik ere. Aukera ona da Bizkaiko eremu guztietako upategiak eta mahastiak ezagutarazteko»
MAIDER ZALDUONDO Bizkaiko Txakolina jatorri izeneko komunikazio arduraduna

Emanaldi horiek guztiak Usansoloko Berez Galanta upategian eta Dimako Garena jatetxean egingo dituzte. «Paraje zoragarri batean», nabarmendu du Zalduondok. Asmoa, berez, ekitaldi guztiak kanpoaldean egitea da, baina antolatzaileek badute kezka nagusi bat: eguraldia. «Zerura begira igarotzen ditugu jaialdiaren aurreko egunak. Hala ere, euria eginez gero, badugu alternatiba: ekitaldiak, kanpoaldean beharrean, upategiaren zein jatetxearen barruan egingo genituzke».

Joateko asmoa duten horiek sarrerak aldez aurretik eskuratu beharko dituzte, Bizkaikotxakolina.eus webgunean. Zalduondok aurreratu duenez, gainera, doako autobus zerbitzua ere jarriko dute autorik hartu behar ez izateko. Bi ibilbide egingo ditu autobusak: Bilbotik Berez Galanta upategira joango da lehenengoa, Galdakaotik eta Usansolotik igarota; eta bigarrena, Bilbotik Garena jatetxera, Lemoatik eta Igorretik pasatuta.

Sarrerak amaitzear

Pandemia garai bete-betean antolatu zuten Mahasti Artean egitasmoa estreinako aldiz, Bakion, eta, ordutik, urtero egiten dute. Urdaibain, Txorierrin eta Enkarterrin antolatu izan dituzte, hurrenez hurren. «Pandemiaren eraginez, zalantzan egon ginen lehenengo aldia egin ala ez, baina, ekintza guztiak kanpoaldean zirenez, aurrera egitea erabaki genuen, jende gutxirekin». Gaur egun ere, edukiera jakin bat dute ekitaldi guztietarako: «Publikoarekin hurbiltasuna mantentze aldera erabakitzen dugu edukiera jakin bat jartzea». Barikuko eta domekako ekintzetan 90 pertsonak parte hartu ahal izango dute gehienez; yoga saioan, 30ek; eta musika emanaldietan, 180 inguruk. 

Bisitariak Galdamesko Torre Loizaga mahastian barrena, iazko Mahasti Artean jaialdian. BIZKAIKO TXAKOLINA

Herritarren aldetik «erantzun ona» jaso izan dute aldi denetan: «Urtero agortzen dira sarrerak, eta aurten ere agortzear daude. Jendeak, gainera, errepikatu egiten du urterik urtera». Datorren urteko kokalekua pentsatuta dute, baina, oraingoz, nahiago dute isilpean mantendu.

30. urteurrena

Bizkaiko Txakolina jatorri izenaren 30. urteurren betean antolatu dute Mahasti Artean jaialdiaren bosgarren aldia. 1994. urtean sortu zuten, eta, sasoi hartan, hirurogei hektarea mahasti baino ez zeuden erregistratuta Bizkaian. Ordutik, nabarmen handitu da ekoizpena urte hauetan guztietan, eta, egun, Bizkaiko Txakolina jatorri izeneko upategietarako ekoizten duten 436 mahasti hektarea daude lurraldean. Horretaz gainera, nazioarteko merkatua ari dira lantzen pixkanaka.

Uztari dagokionez, aurreko urtean baino murritzagoa izan da aurtengoa, eguraldi eskasaren ondorioz: iaz, 2.201.883 kilo mahats jaso zituzten ekoizleek, eta haietatik 1.457.146 litro txakolin lortu dituzte, 2022an baino %18,5 gutxiago.

EGUNEZ EGUNEKOA

Gaur.

19:00. Mahasti Komedia: The Wine Up Comedy ikuskizuna, Sheila Gonzalezekin, Dimako Garena jatetxean.

Bihar.

11:30. Mahasti Yoga: yoga tailerra, Miren Mentxakarekin, Usansoloko Berez Galanta upategian. Yoga saioaren ondotik, Berez Galanta, Talleri Berria eta Magalarte Lezama upategietako lau txakolin dastatzeko aukera egongo da, bertako produktuekin egindako lau pintxorekin batera.

19:00. Mahasti Musika: Gari & Maldanbera eta Lorelei Green taldeen kontzertua, Berez Galanta upategian.

Etzi.

12:30. Mahasti Gourmet: ibilaldia Garena jatetxeko mahastian barrena. Ostean, Garena, Butroi eta Gorka Izagirre upategietako lau txakolin eta lau pintxo probatzeko aukera egongo da. Bitartean, Zigor DZ-ren zuzeneko musika.