Arrantza kuoten banaketan ezustekorik ez Bizkaiko eta Gipuzkoako ontzientzat

Arrantza kuoten banaketan ezustekorik ez Bizkaiko eta Gipuzkoako ontzientzat

Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako arrantzaleak epel utzi ditu datorren urteko arrantza kuotak banatzeko Europako Batasuneko Arrantza ministroek hartutako erabakiak. Haiek arrantzatzen duten eremuetan, handitu egin dira hegaluzea eta legatza harrapatzeko kopuruak, baina berdin mantendu da antxoarena. Berdelarena, aldiz, txikitu egin da.

Hegaluzearena da kanpaina nagusia euskal ontzientzat, antxoarenarekin eta berdelarenarekin batera. Haren kuota azaroan adostu zuten. Zorioneko egon behar lukete euskal arrantzaleek, 22.361 tona hegaluze arrantzatu ahal izango baitituzte haiek aritzen diren eremuan —CIEM VIIIc edo Kantauri itsasoa—; hau da, %23 gehiago.

Dena den, Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziek hegaluzearen kuota Kantabriako, Asturiasko eta Galiziako ontziekin partekatzen dute. Haien ustez, ontzidiaren tamainarako egungo kuotarekin aski da, eta handitzeak gehiago arrantzatzea ekarriko du, eta lonjako prezioa debaluatuko. Hala gertatu da aurten. Hori saihesteko, Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek geldialdiak egin zituzten uda honetan, eta kuota erabat agortu gabe amaitu zuten kanpaina, ohi baino beranduago. Kofradien aspaldiko eskaera da kuota hori barkuen artean banatzea, ontzi bakoitzak nahi duen moduan kudeatzeko.

Antxoari dagokionez, mantendu egin da kuota. Hori ere Kantabriako, Asturiasko eta Galiziako ontziekin partekatzen dute. 29.700 tona izango dute guztientzat, aurtengo berbera. Azken txosten zientifikoek diote antxoa ondo dagoela: Bizkaiko golkoan antxoa gaztearen ugaritasuna iazkoaren antzekoa da. Aurtengo antxoaren kanpaina oso ona izan da euskal ontzientzat.

Albiste txarra berdelak ekarri du. Haren arrantza kuota %5,46 murriztu du EBk; 33.770 tona izango dituzte. Lonjetako deskargetan berdela da baxurako ontzien espezie nagusia: arrantzatzen dutenaren %33, hegaluzearen aurretik. Hegaluzearekin eta antxoarekin ez bezala, berdelaren kuota barkuen artean banatzen dute kofradiek. Aurten arrantzatu ezinean aritu dira Bizkaiko eta Gipuzkoako ontzi batzuk, amua erabiltzen dutenek, eta kuotaren erdia ere ez dute bete ahal izan. Aztiren ikerketa baten arabera, ohiko ibilbideak eta jokabideak aldatzen ari da espezie hori.

Legatzera, ontzi gutxi

Beste aldean, legatza dago. Bruselak %9,7 handitu du Kantauri itsasoan arrantzatu ahal den kuota: 10.971 tona guztira. Hala ere, gogoratu behar da Bizkaian eta Gipuzkoan ia ez dagoela espezie hori arrantzatzen duen ontzirik. Eta altuerakoen artean gutxi batzuk baino ez dabiltzala. Galiziakoak aritzen dira nagusiki. Bizkaiko eta Gipuzkoako lonjetan ere apenas deskargatzen den legatza, Pasaiakoan (Gipuzkoa) salbu, eta egiten dutenak kanpoko ontziak izaten dira.

Lehen aldia da Bruselak espezie batzuetarako bi urterako kuotak adosten dituena, baina horiek ez dira ezarriko Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako ontzien harrapaketa nagusietan.

Arrantzatzen dituzten beste espezie batzuen kasuan, oilarraren kuota %11,4 handitu da. Baina ez da baxurako ontziek asko arrantzatzen duten espezie bat. Gauza bera zapoarekin eta txitxarroarekin: lehenengoa %7,3 handitu da, eta bigarrena, berriz, %1 murriztu. Nagusiki arrasteko teknikak erabiltzen dituzten ontziek harrapatzen dituzte espezie horiek. Gehienentzat ordezko espeziea da udazken-neguan, antxoaren eta hegaluzearen kostera amaitzen dutenean. Askotan, nahi gabe harrapatzen dute, sareetan beste espezie batzuekin nahasten delako eta itsasontziak behartuta daudelako arrantzatzen duten guztia portura eramatera; bestela, zigorra jasotzen dute. Horregatik interesatzen zaie kuota bat mantentzea, txikia izan arren.

Aurtengo arrantzaldia, oro har, ona izan da Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako ontzientzat. Kofradietan merkaturatutakoak %43 egin du gora, eta salmentak %15 handitu dira, 2022ko emaitzekin alderatuta.