Aberastasuna saltzen den merkatua

Aberastasuna saltzen den merkatua

Bada Bilboko Zazpikaleetan Bolsa ezizenez ezaguna den eraikin dotore bat, baina ez du zerikusirik Bilboko Burtsarekin. Baloreen salerosketa beste leku batzuetan egin izan da. Izan ere, Bilboko Burtsa 1890eko ekainaren 21ean sortu zuten, Maria Cristina Habsburgo-Lorena Espainiako erreginaordeak Bilboko Merkataritza Burtsa Nagusia sortzeko errege dekretua sinatu zuenean. 

Historia lehenago hasi zen: 1889an sinatu zuten hiriko Merkataritza Burtsa sozietate anonimoa sortzeko agiria. 50.000 pezetako kapitala zuen. 29 akziodun zituen enpresak, eta haietako bakoitzak 250 pezetako sei eta hamabi akzio artean zituzten. 

Erreginaordeak erakundea legeztatuta, 1891ko otsailaren 5ean egin zuten lehen saioa. Urtea bukatu orduko, berrogei balore zeuden kotizazioan: hamasei funts publiko, hamar obligazio eta hamalau akzio. Leku zaratatsua izan da historikoki burtsa, baina hastapenetan ez zen izaten astrapalarik. Lehen urte hartan, esaterako, solik sei agentek egiten zuten lan. 

Arriaga antzokiaren beheko solairuan egin ziren lehen salerosketak. Handik Plaza Barrira joan ziren, eta, 1901ean, Bilboko Bankuak utzitako lokal batera. 1905eko maiatzaren 29an inauguratu zuten Bilboko Burtsaren jauregia, hiriburuko tren geltoki nagusiaren ondoan. Hura du gaur egun ere egoitza. Abandoko barrutian dago, banketxe eta enpresa nagusien egoitzak dauden inguruan.

Enrique Epalza arkitektoak eraiki zuen. Proiektu xume, funtzional eta dotorea ondu zuen. Estilo eklektikoa erabili zuen. Zeozer monumentala egiteko eskatu zioten, eta badu halakotik, baina, era berean, eraikin funtzionala da: burtsak zituen beharrei erantzuten asmatu zuen. Aretorik garrantzitsuena salerosketena da: argitsua da, horma berdeak ditu, eta kotizazioak zuzenean ikusteko pantailak ditu. Erdiko zirkuluaren bueltan egiten ziren garai baten salerosketak, eta, ondoren, punteaketa gela dotorean berresten ziren modu ofizialean. Areto hori bakarrik utzi zuten aurretik zegoen moduan 1990eko hamarkadan eraikina zaharberritu zenean.

Gaur egun, hutsik egoten da burtsako salerosketa aretoa; joan den mendearen bukaeratik sarean egiten dituzte salerosketak. Bisita gidatuek hausten dute isiltasuna, edo enpresa garrantzitsuren bat burtsara irteten denean; halakoetan, garai batean bezala, kanpaitxoa jota iragartzen dute salerosketa hasi dela.

BILBOKO BURTSA

  • Helbidea. Jose Maria Olabarri, 1. Bilbo.
  • Ordutegia. 09:00etatik 17:35era zabalik egoten da. Bisita gidatuak aurrez eskatu behar dira.
  • Bisitak. 50 laguneko taldeentzat 40 minutuko bisitak eskaintzen dituzte. Besteak beste, burtsa zer den, Espainiako burtsa sistemak zelan funtzionatzen duen eta Bilboko Burtsaren historia azaltzen dute.
  • Web orria. Bolsasymercados.es.