Euskal herritar askorentzat buruhaustea da etxea aldatzea. Are gehiago, azken urteetan geroz eta geroago doaz gazteak gurasoen etxetik: Bizkaian, batez beste, 31 urterekin emantzipatzen dira gazteak; hau da, Europako Batasuneko beste herrialdeetan baino bost urte geroago. Arrazoiak asko izan daitezke; enplegu iraunkor baten falta, esaterako. Hala ere, Bizkaiko alokairuen kasuan, gazteei zein helduei eragiten dien ezaugarri bat dago: prezioak. Getxon, esaterako, zaila da hilean 850 euro baino gutxiagoko prezioa duten etxebizitzak aurkitzea.
Getxokoaren moduko beste hamaika adibide daude lurraldean. Horregatik, eta Euskal Herrian —zein Europako beste hainbat herrialdetan— orokortutako arazo bat denez, udalerriak tenkatutako eremu gisa izenda daitezke, etxebizitzen prezioak mugatze aldera. Espainiako Gobernuak maiatzean onartutako Etxebizitza Legeari esker egin daiteke hori. Udalek urte erdi bat izan dute Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jartzeko. Hori aurreneko pausoa izango litzateke, gero hainbat urrats egin behar baitira tentsio handiko eremu izendatzeko: haien artean, pauso bat da Eusko Jaurlaritzak udalerriaren egoera aztertzea eta eskariari onespena ematea.
Legeak udalerri bat tentsio handiko eremu izendatzea aurreikusten du etxebizitza eskasia dagoenean eskariarekin alderatuta, eta, beraz, alokairuen prezioak gora egiten dutenean. Tentsio handiko eremu izendatuz gero, erakunde publikoek alokairu sozialeko etxebizitza eskaintza handitu beharko dute, horretarako kasuan kasu egokiak iruditzen zaizkien neurriak bultzatuta. Izendapen hori lortzeko aurreneko pausoa, soilik bi udalerrik eman dute Bizkaian: Barakaldok eta Portugaletek. Jon Pesquera Portugaleteko Etxebizitza zinegotziak azaldu duenez, ez dute zertan udalerri osoa izendatu etxebizitza tentsio eremu; eremu jakin batzuk —auzo jakin batzuk, esaterako— izan daitezke izendapena jasotzen duten bakarrak.
Gaur egun, geroz eta zailagoa da etxebizitza bat lortzea. Are, Amaia Busto Galdakaoko Etxebizitza sindikatuko kidearen arabera, «pribilegio bat» bihurtzen ari da etxebizitza bat izatea. Eskuragarri izatea edo ez «klase sozialen arteko arrakala areagotzen» duen faktorea dela iritzi dio: «Alokairuan dauden etxebizitzak prezio oso altuan eskaintzen dira, eta, gainera, baldintza asko jartzen dituzte horietan sartzeko. Horregatik, gazteontzako, migratuentzako, arrazializatuentzako, langabeentzako eta bestelako egoera zaurgarrietan bizi garenontzako oso zaila da etxebizitza bat eskuragarri aurkitzea».
Hori dela eta, Galdakaoko Etxebizitza sindikatuak ez du uste nahikoa denik tentsio eremuak izendatzea: «Etxebizitzarena arazo estrukturala da». Are, Bustok azpimarratu du «etxebizitzaren merkantilizazioak eta haren gaineko espekulazioak indarrean» dauden bitartean ezinezkoa dela etxebizitzaren arazoa «guztiz» gainditzea. Etxegabetzeak egungo ezintasunaren adierazgarritzat dauzka sindikatuko kideak.
Aurreikusi gabe
Etxebizitza Legeak errealitate jakin bat aurreikusten duela dio Sheila Fernandez Berri Otxoak Barakaldoko elkarteko kideak: etxebizitza bat familia bakoitzeko. Bizkaiko udalerri askotako bizilagunen egunerokoa —barakaldarrena, esaterako—, ezberdina da oso. Izan ere, geroz eta hedatuagoa dago hainbat familiak pisua partekatzea; hau da, familia batek logela bat izatea alokairuan. Fernandezek salatu du Espainiako Gobernuak bultzatutako legeak ez duela aurreikusi errealitate hori, eta herritar horiek alde batera utzi dituztela. «Alokairuen prezioak gora doaz etengabe, eta gaur egun ematen diren laguntzak ez dira nahikoa alokairua ordaintzeko; hori dela eta, familia asko behartuta daude bizilekua partekatzera», esan du Berri Otxoakeko kideak.
Are gehiago, Fernandezen ustez, Euskal Herriko etxebizitza parkearen inguruan «hausnarketa bat» egitea beharrezkoa da: «Etxebizitza handiak ditugu Bizkaian, logela asko dituztenak dira, antzina familiek kide asko zituztelako. Egun, baina, ez da horrela. Familiek ez dituzte hain etxe handiak behar, baina horrelakoak ez daude merkatuan». Metro koadro kopuruak etxebizitzen prezioak igotzen ditu. Gainera, bestelako eredu bat irudikatuz gero —gaur egun etxebizitza bat dagoen eremuan, sobera duen espazio askorekin, bizpahiru egotea—, eraginkorragoa izango litzatekeen azalera izango lukete herritarrek, Fernandezen ustez.
Horren eraginez, euskal herritarrak haien soldataren kopuru handia erabili behar dute etxebizitzetan. Esfortzu tasa deitzen da biztanle batek alokairua ordaintzera bideratu behar duen soldataren ehunekoa. Fragua ondasun higiezinen analisian espezializatutako enpresak Hego Euskal Herriko udalerri denen datuak aztertu ditu biztanleen esfortzu tasa ezagutzeko, herriz herri, eta, tasa %30etik gorakoa izanez gero, tentsio handiko eremutzat har daitekeela uste du enpresak. Fraguaren arabera, Bizkaiko 22 udalerrik dute ezaugarri hori; haien artean daude, besteak beste, Barakaldo, Bilbo, Getxo, Portugalete eta Santurtzi.
Esfortzu tasa, dena den, ez da biztanle kopuru handiak dituzten udalerrietara mugatzen; adibidez, erroldan 545 biztanle dituen Fruiz edota 444 dituen Kortezubi ere Fraguaren txostenean agertzen dira, %30eko tasaren langa gainditzen baitute. Herri horietan arrazoia da etxebizitzen eskaintza eskasa dela; hortaz, zaila da tentsio handiko eremua izendatzeko eskaria helaraziko dutela aurreikustea.
Udalen erantzuna
Ikerketaren arabera, 771.933 bizkaitar bizi dira esfortzu tasa %30etik gora dituzten udalerrietan: biztanleen %67,22. Barakaldoko Berri Otxoak-eko kidea kritikoa da Bizkaiko udalekin, salatu baitu ez dagoela «asmo politikorik» etxebizitzaren arazoa amaitzeko: «Politikoek ez dute aldaketarako nahi argirik adierazi. Ez dituzte alokairu pribatuak mugatzeko neurriak hartzen». Udal batzuek, ostera, neurriak hartu izan dituzte azken urteetan herritarren bizitza errazte aldera. Abantoko Udalak, adibidez, 18 eta 35 urte bitarteko gazteentzako laguntza ekonomikoak ditu alokairuan lagundu ahal izateko; laguntzok, gehienez, hilean 420 eurokoak izan daitezke, eta diru kopuru hori urtean 9.000 euro gordin baino gutxiago irabazten duten herritarrentzat dago eskuragarri.
Jon Pesquera Portugaleteko Etxebizitza zinegotziak argi du arazo «orokor» bat dagoela. Azpimarratu du arazoari aurre egiteko neurriak hartzen urteak daramatzala haien udalak: «Etxebizitzarako eskubide subjektiboak baldintza asko ditu, eta era askotako neurriak behar ditu gauzatzeko. Guk urteak daramatzagu neurriak hartzen, eta tentsio handiko eremua izendatzea beste tresna bat da». Etxebizitza parke publikoaren sorrera eta garapena ekarri ditu hizpidera Portugaleteko zinegotziak. Pesquerak uste du udal «guztiek» egiten dutela lan herritarren mesedetan, eta, herria tentsio eremu izendatu ez duten arren —«legeak oraindik denbora gutxi darama», zehaztu du—, bestelako tresnak dituztela dio.
Udalek, oro har, orain arte hartu dituzten neurriak «sasi-konponbidetzat» dauzkate Galdakaoko Etxebizitza sindikatuan: «Udalak erakusleihoan jartzeko balio dute soilik, ez dute benetako gaitasunik arazoari aurre egiteko». Putre funtsak eta jabe txiki zein handiak dira, Bustoren iritziz, benetako erantzuleak, eta, sindikatuko kidearen ustez, «erdibideko» neurriak hartuta ez da «ezer» lortuko: «Etxebizitzekin etekinak lortzen diren bitartean, ezingo gara indarkeria honetatik askatu».
Bigarren etxebizitza
Arazoa ez dago Bizkaiko udalerri populatuetan soilik. Barakaldoko, Portugaleteko edo Bilbo Handiko etxebizitzari lotutako arazo guztiak ezin dira estrapolatu Mundakara, Lekeitiora edota Gorlizera. Azken multzo horrek, kostaldeko udalerri turistikoenak, bestelako arazoak ditu etxebizitzari lotuak: bigarren etxebizitzak eta etxebizitza turistikoak. Udalerriko biztanleak baino erosahalmen «askoz handiagoa» duten pertsonek hartzen dituzte alokairuan etxeak, Bustok iritzi dionez. Etxebizitza sindikatuak ez dira arazoaren jakitun diren bakarrak, udalek ere etxebizitza parkeek dituzten gabezien berri baitute. Hori dela eta, Mundakak mozioa onartu du udalak tentsio handiko eremua izenda dezan. Dena dela, oraindik ez diote haien nahia Eusko Jaurlaritzari helarazi.
Bigarren etxebizitzek herriotan jaiotakoei zuzenean kalte egiten dietela uste du Galdakaoko Etxebizitza sindikatuko kide Bustok: «Gure inguruko etxebizitzak kanpotik eta erosahalmen handiagoa duten pertsonek erosten dituzte, eta prekarizazioa areagotzen da». Prekarizazioak bertako herritarrak herri eta auzoetatik «aldentzen» dituela gaineratu du: «Alokairuen prezioen igoeraren ondorioz, ez dugu gure herrietan bizitzeko aukerarik».
Norbera jaio eta hazi den udalerrian bizitzea geroz eta zailagoa da Bizkaian. Egoera kostaldeko eremu turistikoetatik historikoki erresidentzialak izan direnetara hedatu da. Argi ikusten du hori Portugaleteko zinegotziak. Haren ustez, Portugaleteko bizilagun «gehienak» Portugaleten egin nahi dute bizi «osoa»: «Errotze handia dago portugaletetarren artean». Pesquerak, ordea, jakin badaki oso zaila dela gazteek bertan bizitza proiektu bat gauzatzea: «Oso herri txikia gara; dentsitate handikoa, gainera. Hiru kilometro koadroan 47.000 lagun inguru bizi gara». Zailtasunak zailtasun, errotzea ez galtzeko lanean jarraituko dutela esan du.
Udalerri hautagaiak
Fragua enpresak Hego Euskal Herriko udalerriak ikertu ditu hango biztanleen esfortzu tasa jakiteko. %30 igaroz gero, Espainiako Gobernuak bultzatutako Etxebizitza Legearekin bat egin dezakete, eta tentsio eremu izendatu. Hauek dira Bizkaian tasa horren gainetik daudenak:
- Arrigorriaga
- Barakaldo
- Basauri
- Berriz
- Bilbo
- Busturia
- Elorrio
- Fruiz
- Gautegiz-Arteaga
- Getxo
- Gordexola
- Kortezubi
- Leioa
- Lekeitio
- Loiu
- Muxika
- Ortuella
- Portugalete
- Santurtzi
- Sestao
- Sondika
- Sopuerta