Scaletxric hitza entzuterakoan, askori burura datorkien lehen irudia haurtzaroan zuten jostailua da. Orduak eta orduak igaro dituzte ume andanak haien logelak Monaco, Silverstone (Erresuma Batua) edota Montmelo (Herrialde Katalanak) direla irudikatuz. Scaletxrica, baina, ez da jostailu bat bakarrik; izan ere, atzean jarraitzaile asko dituen zaletasuna da. Metro batzuetako luzera duten zirkuituetan ibiltzen dira norgehiagokan; errailetik irten gabe aurrena nor helduko den jakiteko lehiatzen dira, denak batera zein erlojupekoan. Bizkaian ere urteak daramatza zaletasun horrek, baina lurralde historikoko hiriburuan ez zegoen hura ardazteko klubik. Azaroaren 17ra arte, Bilboko lehen Scalextric kluba sortu baitute: Bilboko Slot Zirkuitua. Altamirako kultur etxean du egoitza, eta han 33 metroko luzera duen zirkuitua eraiki dute. Zazpi kidek osatzen dute elkartea gaur egun; hala ere, aurrerantzean zale gehiago gehitzeko desioa dutela adierazi du Victor de Marcosek, klubeko presidenteak: «Hilean hogei euro ordainduta klubeko kide egin daiteke edonor, eta nahi duenean erabil dezake Altamiran dugun zirkuitua, astelehenetik ostiralera». Gainera, hilero lasterketa bat antolatuko dute kide guztien artean. Horiek ez dira klubaren kide izateak izango dituen onura bakarrak. De Marcosek aurreratu duenez, kideek pneumatikoak izango dituzte eskura klubean. Zirkuitua erabiltzeko, dena den, ez da beharrezkoa izango izena ematea. Asteazkenero, 18:00etatik 20:00etara, publiko orori zabalduko dizkiote klubeko ateak. Egun hori, batez ere, «auzoko umeei» zuzenduta dagoela dio De Marcosek; baina Bilboko Slot Zirkuituko presidenteak argi utzi du «edonor» dagoela gonbidatua Altamirako kultur etxetik igaro eta autoak gidatzeko. Ez da beharrezkoa izango auto baten jabe izatea zirkuitua erabiltzeko: klubak materiala erraztuko duela baieztatu du Victor de Marcosek: «Lau aginte eta hainbat auto erosi ditugu materialik ez dutenek ere gure zirkuituaz goza dezaten». Hain txikiak diren autoentzako 33 metro asko dirudien arren, ez dela «hainbesterako» dio klubeko presidenteak; are gehiago, «tamaina nahiko estua» dela gaineratu du: «30 metro da gutxienekoa klub batentzako. Hori baino motzagoa den zirkuiturik ez duzu klubetan topatuko». Zornotzan, adibidez, abenduaren 2an, berrogei metroko luzera duen zirkuitua zabalduko dute. Hala ere, txapelketak egiteko adina metro ditu Bilbokoak. Izan ere, Bilboko Slot Zirkuituaren helburuetako bat txapelketak Bilbora ekartzea da. Txapelketa horien artean Espainiako Scalextric Txapelketa egon liteke. De Marcosek aurreratu duenez, 2008an desagertu zen txapelketa Bilbora itzul liteke 2024an. Jostailua baino gehiago Scalextric markaren autoak esanguratsuenak diren arren, txapelketetan zein zirkuitu handietan bestelako autoak erabili ohi dira. Horiek miniaturan egindako autoak direla dio De Marcosek, eta, haur askok etxean dituzten Scalextricekin alderatuz gero, ez dutela zerikusirik gaineratu du: «Seat Panda bat eta Ferrari bat alderatzea bezalakoa da». Askoz konplexuagoak dira zirkuitu handietan erabiltzen direnak. Aluminiozko edo karbonozko hagunak eta ardatz kalibratuak dituzte, besteak beste. Konplexutasun horrengatik, autoek zaintza berezia behar dute. Hori dela eta, tailerrak antolatuko dituzte Bilboko Slot Zirkuituan, interesa duten auzotarrek autoen mantenua nola egin ikas dezaten. «Jendea ohituta dago Scalextriceko autoetara, baina bestelako auto horien kasuan, balaztak ondo mantendu behar dira, eta olio maila kontrolatu, besteak beste», gaineratu du De Marcosek. Askotan, autoak ez dira mugitzen, zikin daudelako. Horregatik, zainzta bereziaz gain, «nahitaezkoa» da autoa garbi mantentzea. Klubean aurrera eramango dituzten tailer eta txapelketez gain, Bilboko auzoetan ere ekintzak antolatuko dituzte. Jarduera horiek doan izango direla aurreratu du klubeko presidenteak, haien helburu nagusia herritarrek zaletasunaz «gozatzea» baita.