Mikel Garcia Martikorena
Basaurik hautagaitza aurkeztu du 2024an Europako Kirol Hiri izateko. Joan den astean aurkeztu zuen, eta Unesco Hezkuntzarako, Zientziarako eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen eta ACES Europako Kirol Hiriburu eta Hirien Elkargoaren eskuetan dago izendapenak ematea. Epaimahaikideek Basaurin igaro zuten joan den astea, eta orduan aurkeztu zieten proposamena Asier Iragorri alkateak eta Jon Zugazagoitia Kirol zinegotziak. Basauri Kirol Hiri izendatzeko arrazoiak jasotzen dituen txostena emateaz gain, udal ordezkariek Basauriko kirol instalazioak erakutsi zizkieten, eta biztanleek kirolarekin duten hartu-emana zein den azaldu zieten.
Zugazagoitiak dio Basuriko kirol sare guztiari egindako “aintzatespena” izango litzatekeela izendapena. Basauri “kirol munduan erreferentea den herria” dela deritzo. Are gehiago, biztanleria kirolean “murgildurik” dagoela dio; izan ere, udalaren datuen arabera, herritarren %90 inguruk kirola egiten dute. Ez da hori kirolaren eta gizartearen arteko harremana erakusten duen datu bakarra: Zugazagoitiak azpimarratu duenez, Basaurin, batez beste, kirol klub bat dago zortziehun biztanleko, “eta ACESek oso ontzat jo du datua”.
Zinegotziaren ustez, baina, datuetatik haratago doan zerbait da gizarteak kirolarekin duen harremana: “Basaurin, kirolak garrantzi berezia du, jendearen arteko harremanek askotan kirola baitute aitzakia. Herritarrak kirolaren inguruan biltzeko ohitura oso positiboa da”. Hori dela eta, izendapena kirola hauspotzen jarraitzeko aitzakia izango dela baieztatu du Zugazagoitiak.
“Puntu eta segida bat” izatea da izendapenaren helburua. “Ez du balio orain arteko lana alde batera uztea izendapena lortzen badugu; egun ditugun kirol jarduerekin jarraitu eta berriak gehitzea nahitaezkoa ikusten dugu”, gaineratu du zinegotziak. Gaur egun, Basaurin, Piru Gainza futbol txapelketa —nazioarteko gazte taldeak datoz urtero, hala nola Rubin Kazan (Errusia) eta Valentzia (Herrialde Katalanak)—eta topaketa paralinpikoa antolatzen dira, besteak beste. 2024an Europako kros txapelketa egokitua gehitzea gustatuko litzaioke zinegotziari. Kirola erdigunean duten beste jardunaldi andana antolatu eta berreskuratu nahi dituzte. Herri krosa, esaterako, pandemiagatik bertan behera utzi behar izan zuten.
Berdintasunaren bidean
Herritarren kirol ohiturek beste datu “garrantzitsu” bat ere badute Basaurin: udalaren datuen arabera, genero arrakala “oso txikia da”. “Gizonen eta emakumeen arteko aldea eskasa da: hamar puntu ingurukoa. Gizonak kirola egiten dutenen %55 dira, eta emakumeak, %45. ACESekoek esan digutenez, Espainiako Estatuan dauden batez besteko datuekin alderatuz, Basaurin oso gainetik gaude berdintasunari dagokionez”, esan du Zugazagoitiak. Datu hori lortzeko eremu guztietatik lan egin dela uste du udal ordezkariak, udaletik hasi eta familietaraino.
Basauriko zinegotziak oso ontzat dauka herritar guztiek kirolarekin duten harremana. Haren iritzian kirola osasuna baita: “Beti diot kirolean ez dela xahutzen, inbertitu baizik. Kirolean jarritako euro bakoitzeko 50 euro aurrezten ditugu osasun publikoan”.
Europako Kirol Hiriaren izendapena lortuz gero, Bizkaiko hirugarrena litzateke: 2012an Bilbok erdietsi zuen, eta 2014an, Getxok. Erantzuna datorren astean jasoko dute. Zugazagoitiari gustatuko litzaioke gaur zortzi ospatu ahal izatea, Basauriko zaindari San Fausto egunean.