Osasunik gabeko sexua

Osasunik gabeko sexua

Mikel Garcia Martikorena

Osakidetzak Bizkaian STI sexu transmisio bidezko infekzioak kontrolatzeko zentro bakarra du: Bilboko Bombero Etxaniz anbulatorioak bakarrik eskaintzen du zerbitzu hori. Zerbitzua leku bakar batean eskaintzeak jada arazoak eragin ditzake, baina arazoa handiagoa dela salatu dute hainbat eragilek. Izan ere, Anitzak LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko elkarteak ohartarazi duenez, Bilboko zerbitzu hori “gainezka” dago. Abuztuan egin zuen lehen salaketa, eta egoerak ez du hobera egin, Alf Setiey Anitzak-eko presidentearen arabera.

Osakidetzak ekainean aurkeztutako HIESa eta sexu transmisiozko infekzioen plana 2022 txostenak dakarrenez, STIen kasuek gora egin dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 2000. urtetik, gorako joera du datuak. Txostenaren egileentzat, “kezkagarriena” nerabe eta gazteen egoera da: hiru lurralde historikoetan antzematen diren lau STItik bat 15 eta 24 urte bitartekoen biztanleetan diagnostikatu dira. Adin tartea zabalduz gero, datua are latzagoa da: infekzioen %70, 34 urte baino gutxiagoko biztanlerian gertatzen da.

Datuek gora egin zutela jakinda, eta Osakidetzak informazio kanpaina bat abiatu zuela ikusita, zerbitzuaren egoera salatzea erabaki zuen Anitzak elkarteak. “Kanpaina oso ondo dago, estereotipoak alde batera utzi eta gazteengan jartzen duelako arreta, kondoiaren erabilera bultzatuz. Baina horrekin ez da nahikoa. Konturatu gara Bombero Etxanizeko egoera oso latza dela”, dio Setieyk. Egutegiak ez direla errespetatzen azaldu du elkarteko presidenteak, eta ohartarazi du horrek STIak zabaltzea eragin dezakeela.

Arazoaren jakitun, Osakidetzak Bizkaiko Hitza-ri esan dio Bilbo-Basurtuko Erakunde Sanitario Integratuko —Bombero Etxaniz anbulatorioa bertan dago— STIen zerbitzua “birmoldatzeko” proiektua garatzen ari direla, “biztanleriaren egungo beharrei erantzuteko”.

Osasunari kalte

Anitzak-ek zerbitzuaren erabiltzaileen kexak bildu ditu, eta dio saturazioak itxaron denborak “asko handitzea” eragin duela. Setieyk, esaterako, PrEPa (GIBetik babestuta egoteko egunero hartzen den pilula) hartzeagatik lau hilabetean behingo segimendua egin beharko zukeen; kontrolak, ordea, sei-zazpi hilabetean behin egiten dizkiote.

“Osasunerako oso arriskutsuak” izan daitezkeen itxaronaldiak daudela esan du Setieyk: “STIren bat duen norbaiten kontaktua izanez gero, lehen, bizpahiru egunera egiten zizuten proba; gaur egun, aste bat edo bi itxaron behar dituzu”. Denbora hori “psikologikoki kaltegarria” dela uste du Setieyk, “infekziorik dagoen edo ez jakiteko tarte gogorra luzatzen dutelako”. Bestalde, kontaktuan egondako pertsonak positibo emanez gero, agian beste pertsona batzuk abisatu beharko lituzke berekin babes neurririk gabeko sexu harremanak izateagatik. “Zenbat eta denbora gehiago itxaron probak egiteko, orduan eta kaltetuen kate luzeagoak sortuko dira”, ohartarazi du Setieyk.

Osakidetzak Bizkaian duen zerbitzu bakarra Bombero Etxanizekoa izan arren, beste erakunde eta elkarte batzuek STIak detektatzeko kontrolak egiten dituzte. Hori da Bizkaisida hiesaren aurkako Bizkaiko batzordearen kasua. Herri ekimen gisa, Bilbon sortu zen 1987an, eta hartatik GIBaren eta beste STIen aurka egiten dute lan. Egun, GIBaren, sifilisaren eta C hepatitisaren probak egin daitezke haien egoitzan. Zerbitzua lagungarria den arren, ez da nahikoa STI guztiak detektatu ahal izateko. Izan ere, Mundu Osasunaren Erakundearen aburuz, 30 bakterio, birus eta parasito baino gehiago transmiti daitezke sexu harremanen bidez.

Baliabide gehiago

Baliabideen inguruko eztabaida da, Setieyren ustez: “Gakoa baliabide ekonomikoak handitzean dago”. “Izugarria izan da STIen igoera, baina bideratzen diren baliabideak ez dira aldatu. Ez du balio igoera salatzeak; zerbitzua moldatu beharra dago”, deitoratu du Anitzak-eko presidenteak. Koronabirusarekin Osakidetzak egindako esfortzua ekarri du gogora Setieyk: “Baliabide ugari bideratu ziren koronabirusaren hedapena murrizteko. STIen kasuan ere hedapena murriztu beharra dago, eta pandemiarekin ikasi dugu erarik egokiena baliabideak bideratu eta kontrol neurriak ezartzea dela”. Are gehiago, Setieyk argi du baliabide egokirik gabe, herritarren eskuetan uzten dela erantzukizuna.

Setieyk dio Bombero Etxanizen lau mediku daudela goizetan, eta, “oso profesional onak” diren arren, ezin dutela lan karga guztiarekin. Osakidetzak horren berri duela adierazi du Anitzak-eko buruak, iaz zerbitzua sendotu zuten eta: “Lehen, goizetan ziren kontrolak zein orduak medikuarekin, baina gainezka zeudela ikusita, eta kontroletarako erizainekin bakarrik balio zuela jakinda, iaz kontrolak arratsaldez ere egiteko aukera zabaldu zuten”. Erabakia txalotu du Setieyk, baina egungo egoerarekin “gehiago” behar dela gaineratu du. Hark bi aukera daudela uste du: beste ospitale batean ere zerbitzua eskaintzea biztanleria bi gunetan banatzeko, edo Bilboko zentroan langile gehiago jartzea.