Mikel Garcia Martikorena
Metro bat eta 86 zentimetro. Saskibaloian jokatzeko ez bada, Jon Arribalzaga (Gernika-Lumo, 1995) altua dela esan daiteke. Baina zentimetro bakar bati esker jarrai dezake bere ogibidean. Izan ere, ilea hori eta begiak urdin dituen gernikarra modeloa da. Bizkaiko Hitza-n agertzeko argazkiak egin bitartean, nabaritzen zaio modelo jarrerak guztiz barneratuak dituela. Oraingoan bere herrian izan dira, baina, normalean, askoz kilometro gehiagotara entzuten du kameraren katua; Norvegian, Italian edo Frantzian, esaterako.
Nola hasi zinen modaren munduan?
Istorioa kuriosoa da oso. Unibertsitatean nengoen gradu amaierako lana egiten, Bilbon. Deskantsuan, pintxo bat jaten ari nintzen. Emakume bat etorri zitzaidan nire izena galdetuta, eta pare bat argazkiren eske. San Frantzisko 40 modelo agentzian egiten zuen lan, eta nire argazkiak hainbat agentziaren artean zabaldu zituen. Pelikula batean bezala! Gauzak horrela, Bartzelonako agentzia bat nirekin jarri zen harremanetan, eta hona etorri ziren bilera bat izateko. Haiek entzun ostean, erabaki nuen Bartzelonara joatea hurrengo ikasturtean , modelo gisa lan egin eta masterra egiteko.
Nolakoa zen zure Bartzelonako bizitza?
2019an joan nintzen hara, eta ia urtebetez egon nintzen, COVID-19a heldu zen arte. Gustura hasi nintzen, baina, modeloen munduan hasten zarenean, tarifak ere zurekin hasten dira, behe-behean. Lan batzuk irten zitzaizkidan, baina diru gehiago behar nuen alokairua-eta ordaintzeko. Horregatik, nire gauzak bildu, eta Madrilera joatea erabaki nuen, bertan aukera gehiago egongo zirelakoan. Hala ere, Bartzelonan nengoela nazioarteko lan batzuekin hasi nintzen: Milanera [Italia] joan nintzen.
Bueltaka ibili zara. Zergatik?
Europan hiru ardatz nagusi daude modan: Milan, Paris eta Madril. Horiek dira merkaturik handienak, eta bertara bidaiatu behar duzu maiz. Milanen jada hiruzpalau aldiz egon naiz, eta Parisen, beste hainbestetan.
Orain arte egindako zer lan azpimarratuko zenituzke?
Bidaiatzea da lan honek duen onena. Santorinin [Grezia] egon nintzen behin Dunorekin kanpaina bat egiten. Italiarrak dira, baina duela gutxi denda bat zabaldu dute Bilbon. Polo Clubekin Mallorcan [Herrialde Katalanak] egon nintzen. Esperientzia itzela izan zen: itsasontzi batean egon ginen argazkiak egiten, eta itsasontziko lema hartzeko kapaz izan nintzen.
Norvegian eta Suedian ere ibili naiz. Hanburgon [Alemania] Zalandorentzat egindako kanpaina ere oso gustura egin nuen. Agian, egon naizen lekuetatik ezberdinena da Hanburgo: Euskal Herrian janzten garen modutik gertuago daude.
Oso ezberdina al da janzkera eta moda ulertzeko era Euskal Herrian eta munduko beste gune batzuetan?
Ez nuke esango ezberdintasun handiak daudenik orokorrean; baina egia da Milan edo Paris bezalako hiri batera joanez gero ezberdintasunak nabaritzen dituzula. Bi hiri horietan, bakoitzak bere estiloa du, eta kalean paseatzen zoazela nabaritzen duzu jendeak garrantzi handia ematen diola janzkerari. Bestela, oso globalizaturik gaude; antzera janzten gara mundu osoan zehar.
Norbere irudiak geroz eta garrantzi handiagoa duela dirudi. Zeure irudiari esker bizi zara. Uste duzu Instagram eta antzekoekiko obsesioa dagoela? Norbere irudiari garrantzi handiegia ematen zaio?
Baietz esango nuke. Gustatuko litzaidake Instagram ez egotea. Beste batzuen bizitzekin eta gorputzekin konparatzen dugu geure burua. Beste batzuen bizitzez arduraturik gaude, eta gureak bakarrik izan beharko luke garrantzitsua. Ezagutzen ez dugun beste pertsona baten fanak gara. Uste dut gazteek geroz eta okerrago kudeatzen dutela; oso lotuta bizi dira. Une oro daude Tiktoken sartuta. Altxor hobea da liburu bat irakurtzea, jendeak zure oporretako argazkiak ikustea baino. Nire ustez, nolabaiteko muga bat ezarri beharko litzateke: egunean Instagram ordubetez erabili ahal izatea gehienez, esaterako.
Sare sozialek zer eragin dute zuen lanean?
Instagram oso garrantzitsua da. Gure curriculuma da. Argazki bakoitzak lan egiteko era bat adierazi behar du: estilo asko aurrera atera ditzakezula. Jarraitzaile kopuruari ere erreparatzen diote: zenbat diren zure lagunak eta zenbat diren jarraitzaileak. Zure inpaktua ezagutzeko egiten da hori. Jarraitzaileen eta jarraitzen diezunen kopuruen arteko kenketa egiten dute. Hortaz, noizbait esan behar izan diet lagunei ezin diedala jarraitu, baina ez dute txarto hartzen.
Zaila da imajinatzea nolakoa den modelo baten lana.
Pazientzia handia izan behar dugu. Kanpaina batean beste hainbat modelorekin batera egon gaitezke lanean; hortaz, litekeena da argazki batzuetatik beste batzuetara oso luze itxaron behar izatea. Onena libururen bat eramatea da. Beste pertsonekin harremanetan egonda egin beharreko lana da: estilistak, diseinatzaileak, argazkilariak, modeloak, eta abar. Denak batu behar dira emaitza ona izan dadin. Hortaz, garrantzitsua da enpatikoa izatea.
Begiradak ere garrantzitsuak dira, ezta?
Ez nuke jakingo azaltzen zehazki nola egiten dudan. Argazkiak ateratzen dizkidatenean eta posatzen hasten naizenean, ez dut ezertan pentsatzen, eta aurrera egiten dut. Automatizatuak ditut gauzak dagoeneko.
Zaila da modelo izatetik bizitzea?
Nik lortu dut, baina egia da zaila dela oso. Mundu honetan sartu aurretik, garrantzitsua da haien ordainketa politikak ezagutzea, markek hiru hilean behin ordaintzen baitute. Apirilean egiten duzu lan, baina ekainera edo uztailera arte ez duzu kobratzen. Hori dela eta, zailena da nolabaiteko egonkortasun ekonomikoa lortzea bi hilabete horietan arazorik ez izateko.
Hasieran, beste lanen batekin osatu beharra dago. Zortea izanez gero, lan handi bat heltzen zaizu, eta lasaiago bizitzeko aukera agertzen da. Beste lan hori uzteko aukera agertzen da.
Europatik zehar lanean. Hainbat marka famaturekin egin du lan Jon Arribalzagak. Argazkian, Polo Club markarentzat Deian (Mallorca, Herrialde Katalanak) egindako kanpaina, iazko maiatzean.
Argazkiak, publizitate kanpainak, iragarkiak eta moda pasarelak: denetarik egin duzu.
Azken horiek ez ditut hain gustuko. Madrilgo Fashion Week delakoan hiru aldiz egon naiz; eta, irailaren 16an, laugarrenez egongo naiz. Milango modaren asteko castingetara ere aurkeztu nintzen, baina ez nuen batere gustuko izan. Zoratzekoa da zenbat modelo aurkezten diren. Denak ziren ni baino altuagoak. Ez nuen arrakastarik izan horretan. Oso arraroa zen. Hiru pertsonaren aurrean ibili behar zenuen soilik, baina oso urduri nengoen. Milanen eta Parisen gizon altuak bilatzen dituzte: Parisen, argalagoak, eta Milanen, gihartsuagoak.
Zer sentitzen duzu pasarela gainean zaudela?
Lehen aldia oso gogorra izan zen; oso urduri nengoen. Orain hobeto daramadan arren, urduritasuna ez da guztiz joaten, bihotzetik gorputz guztira zabaltzen den indarra sumatzen duzu. Erdi paralizaturik gelditzen zara. Arnasa fuerte hartu, eta aurrera egiten duzu. Ez duzu ezer ikusten; fokuek itsutzen zaituzte.
Kontatu izan duzunez, zuk ez duzu dietarik egiten. Hala ere, beti pentsatzen da modaren munduko jendeak ez duela harreman oso osasungarririk janariarekin. Hainbesterako da?
Orain glutenik gabe jan behar dut, baina medikuak gomendatuta. Denetarik ikusi dut, baina egia da modeloek, oro har, asko zaintzen dutela beren burua. Harrigarri egin zaidana zera da, asko begetarianoak direla; neskak, batez ere. Nesken eta mutilen artean ezberdintasunak nabari izan ditut janariari dagokionez; neskekin zorrotzago jokatzen dutela esango nuke.
Behin bakarrik entzun dut janariarekin eta pisuarekin lotutako komentario itsusi bat. Bartzelonan izan zen. Agenteak neska bati “ipurdi hori gizendu egin da” esan zion. Hala ere, bestelakoak ere ikusi izan ditut. Modelo batek poltsan harriak sartu behar izan zituen pisura iristeko, gutxieneko bat eskatzen baita.
Elikadura zaintzeaz gain, kirola egin behar duzue, ezta?
Frisbeean jokatzea gustatzen zait. Disc golfean hasi nahi nuke, Bilbon taldea baitago. Golfa bezalakoa da, baina frisbeearekin. Futbolean hasiko naiz berriz aurten. Pesak ere egiten ditut, baina ezin dut askorik egin, bakoitzak bere fisikoa baitu, eta ni argala naiz; beraz, ezin naiz gihartsu jarri.
Txikitatik gustatu zaizu moda?
Niri arropa erosoa gustatu zait betidanik; txandala janzten dut normalean. Surf estiloa ere gustuko dut, baina Gucci eta halakoak gehiegi dira niretzat. Halere, txikitatik gustatu zaizkit arropak. Beti amestu dut lanetik ondo jantzita irtetea, egunkaria irakurriz eta kafe bat hartzen. Elegantzia aldetik bai, baina pasarelen edo diseinatzaileen inguruan ez dut inoiz interes berezirik izan.
Ni ekintzailea naiz, eta bi proiektu ditut aurrera begira garatzeko asmoz. Modan sartu nintzen dirua lortu eta bi proiektu horietan inbertitu ahal izateko. Gainera, oso merkatu ona da kontaktuak egiteko, modan diru asko baitago.
Modarekin zerikusirik dute bi proiektuek?
Ez. Nik beti gustuko izan dut ostalaritzaren mundua, eta adimen artifiziala eta halako teknologia berriak eta ostalaritza klasikoa uztartu nahiko nituzke.
Nola egiten dute lan diseinatzaileek?
Bakoitzak bere estiloa du. Behin, Off-White markarekin maniki lanak egin nituen pare bat astez. Diseinatzaileek nire gainean egiten zuten arropa unean bertan, eta orratzen puntadak ere bai. Argi ikusi nuen nolakoa den haien lana; gutxienez, marka horretan. Hiru diseinatzaile dituzte, eta hirurak ados egon arte ez dute aurrera egiten. Politikan bezala: adostasun batera heldu arte, burua apurtzen dute, ideia berriak eman eta besteekin negoziatzen.