Musika eta kirola Getxon, alboko esklerosi amiotrofikoa ikertzeko

Gaurtik etzi arte, 22 talderen kontzertuak eta hainbat kirol eta aisialdi jarduera egingo dituzte, DalecandELA jaialdian, Algortako Portu Zaharrean. Diru bilketa abendura arte luzatuko dute.

Ibai Maruri Bilbao

Hainbat helbururekin sortu zuten iaz DalecandELA Fest jaialdia, DalecandELA elkarteko Alvaro Lafitaren esanetan. Batetik, AEA alboko esklerosi amiotrofikoaren gaitza ikusgarri egitea. Bestetik, dirua bildu, gaitzaren ikerketa laguntzeko eta gaixoek dituzten gastu ekonomikoetan laguntzeko. Azkenik, Dale CandELA elkartea laguntzen eta babesten dutenei eskerrak eman, hiru eguneko festibala oparituta. Lehen aldiaren “arrakasta” ikusita, bigarrena antolatzen ibili dira, eta gaurtik etzira egingo da, iazko leku berean: Algortako Portu Zaharrean (Getxo). Besteak beste, 22 musika talderen kontzertuak, kirol jarduerak, aisialdi eskaintza eta jan-edana izango dira hiru egunetan.

Doako jaialdia da. Iaz, 4.000 lagun inguru elkartu ziren, eta aurten gehiago izango diren itxaropena du Lafitak. “Nazioarteko artista gehiago etorriko dira, denbora gehiago iraungo du… Zaila egiten zait pentsatzea ez dela arrakastatsua izango”. Ariel Rot gitarra jotzaile eta abeslari argentinarra da kartelburua. Gaur joko du, 22:00etatik aurrera. Kontzertuak lehenago hasiko dira, 18:00etan. Gaur, Gildas, Mab├╝, Mississippi Queen & The Wet Dogs, Travellin’ Brothers eta Laguna Goons ere arituko dira. Ostera, bihar eta etzi, 13:00etan hasiko dira kontzertuak: besteak beste, La Bien Querida, Afrika Bibang, Margo Cilker, El Deseo del Doctor, Trampas eta El Menton de Fogarty jardungo dira.

Musika baino gehiago

Gaur zabalduko da karpa gastronomikoa ere. Bizkaiko hainbat ekoizle eta ostalariren produktuak dastatzeko aukera egongo da: hanburgerrak, saltxitxak, patata tortillak, ogitartekoak, ostrak, Mexikoko takoak, Argentinako enpanadak, Japoniako sushia… Ia dozena bat postu egongo dira. Baita txosna handi bat ere.

Bihar, musikaz eta gastronomiaz gain, bestelako jarduerez gozatu ahal izango da. Hainbat tailer eskainiko dituzte, helduentzat zein umeentzat. Lafitak bihar egingo den erronka bat nabarmendu du. Iaz ere egin zuten. Mugikortasuna galtzen dutenean, AEA dutenek aukera bakarra izaten dute komunikatzeko: begietako irisarekin. Modu horretan ipuin bat idazteko aukera eskainiko dute, guztiekin bilduma bat osatzeko. Lafitak aitortu du zaila dela.

DalecandELA Fest

Kirolak ere garrantzia izango du egunotan. Bihar, 12:00etatik aurrera, arraun surfaren lasterketa, yoga saioa eta errugbi inklusiboan ibiltzeko aukera egongo da. Asteburuko kirol jarduera nagusia domekako igeriketa zeharkaldia izango da. 13:30ean hasiko da, eta lau kilometroko tartea osatu beharko dute ibilbide luzea egingo dutenek, Ereagako hondartza eta Portu Zaharraren artean; bigarren bat egongo da laburragoa. Parte hartzeko izena eman beharko da aurrez, elkartearen webgunean. Lafitaren arabera, kirol jardueren bidez kontzientzia sortu gura dute: erakutsi zer zailtasun dituzten AEA dutenek.

Iaz 35.000 euro bildu zituzten jaialdiaren abaroan. Kopuru handia dela aitortu du Lafitak, baina aurten gainditzea dute erronka: 40.000 eurora iritsi gura dute. “Diru asko da, baina ikerketak eta gaixoen zaintzak behar dituen inbertsioarekin alderatuz, oso gutxi. Gure hondar aletxoa gehitu nahi dugu; hondartza oso bat gehitu badezakegu, askoz hobeto!”. Gaur abiatuko dute bilketa kanpaina berria, eta, iaz bezala, urtea bukatu arte ibiliko dira. Azalduko dute zelan eman daitekeen dirua, eta jaialdiak irauten duen bitartean Portu Zaharrean kontagailu bat egongo da une oro zenbat duten jasoa erakusteko.

DalecandELA elkartea da jaialdiaren sustatzailea, baina AEAren inguruan dabiltzan beste elkarte batzuek ere parte hartzen dute: Adela EH, Dar Dar, Sacalengua a la ELA, ConELA eta Fundacion Luzon. Esaterako, Adela EHk karpa bat izango du egunotan, eta handik hainbat laguntza bultzatuko dituzte. Lafitaren esanetan, bildutako dirua gorabehera, jaialdia egitea bera arrakasta izatea da haientzat, hiru egunez milaka lagunek gaitzaren berri izatea lortzen dutelako. “Gero eta gehiago hitz egiten den arren, oraindik ere ezezaguna da. Zenbat eta gehiago ezagutu, hobeto”.

Egitarauaezagutueta probetan izena emateko, jo webgune honetara: Dalecandela.org