“Ondoeza saihesten irakasten digute, baina saihetsezina da”

Galdakaoko ospitalean psikologo kliniko egoiliarra da Leire Pinedo. Laguntza psikologiko profesionala eskatzeko joera areagotu den arren, beharren eta baliabideen arteko desoreka nabarmendu du.

Uxue Gutierrez Lorenzo

Leire Pinedok (Basauri, 1990) Psikologia gradua egin zuen Salamancan (Espainia). Ikasketak bukatuta, lanean hasi zen berehala, Madrilen. Baldintza txarrek, ordea, beste aukera batzuk aztertzera eraman zuten. Egonkortasun bila, Osakidetzan psikologo kliniko izateko bidea hasi zuen. BAPE Barneko Psikologia Egoiliarra izateko azterketa prestatzen hasi zen. Azterketa gaindituta, egoiliarrei dagokien lau urteko prestakuntza jasotzen ari da. Formakuntza epearen azken urtea hasi berri du Galdakao-Usansolo ospitalean. Datorren urtean eskuratuko du psikologia klinikoko espezialistaren titulua. Sare sozialetan ere ibiltzen da; besteak beste, buruko osasunaz hizketan.

Barneko psikologo egoiliarra zara Osakidetzan. Zein da horretarako prozesua?

Azterketa baten bidez sartzen da. Azterketa zaila da; oso toki gutxi daude eta jende asko geratzen da kanpoan, nahiz eta ondo prestatuta egon. Gero, lau urteko formakuntza teorikoa eta praktikoa jasotzen dugu. Egonaldiak egiten ditugu hainbat alorretan: ospitaleratzea, haurrak, helduak…

Esaterako, Bizkaian zenbat toki daude?

Orain bertan, Bizkaian sei leku daude. Azken urteetan, handitu egin da toki kopurua, baina oraindik gutxiegi dira dagoen premia asetzeko.

Nolako kasuak artatzen dituzu psikologo egoiliar gisa?

Nahiko ezezaguna da psikologoek Osakidetzan egiten dugun lana. Hainbat adin talderekin lan egiten dugu, eremu komunitarioan, eguneko ospitaleetan edo ospitaleratzean. Horrez gain, ebaluazio kognitiboak eta neuropsikologikoak egiten ditugu. Gaitz mentalak dituztenekin egiten dugu lan, eta baita euren ongizate mentalean eragina duten beste osasun arazo batzuk dituztenekin ere. Esaterako, minbizia, bihotz errehabilitazioa eta obesitatea.

Gazteak, hirugarren adinekoak, haurrak, helduakā€¦; zein gizatalde da, oro har, zaurgarriena?

Adin talde bakoitzak arazo psikologikoak izatearekin erlaziona daitezkeen ezaugarri zehatzak ditu. Baina pertsona zaurgarrienak bizi baldintza prekarioak dituztenak dira: oinarrizko premiak beteta ez dauzkatenak, indarkeria jasan dutenak edo orain jasaten ari direnak, eta sostengatzen dituen gizarte babesik ez dutenak. Aldea dago gizonen eta emakumeen artean. Emakumeengan ohikoagoak dira antsietatea eta depresioa, eta gizonengan, berriz, adikzioa. Laguntza eskatzeko joera handiagoa dute emakumeek, baina, pixkanaka, gizonen artean ere normalizatzen ari dira.

Arta farmakologikoa da, ala terapeutikoa?

Psikologoen arreta psikoterapeutikoa da, eta indibiduala edo taldekoa izan daiteke. Hala ere, psikiatrekin lankidetzan jarduten gara medikazioa lagungarria izan daitekeela erabakitzen denean.

Psikiatria sailarekin harremanetan zaudete?

Leku gehienetan, psikologo klinikoak psikiatria zerbitzuen barruan daude, eta gure kasuan ere hala da. Harreman estua dugu psikiatrekin.

Arreta psikologikoa behar dutenek gehienbat arlo pribatura joan behar izaten dute. Zergatik dago hain pribatizatuta?

Dirua zertan inbertitu erabakitzen dutenei galdetu beharko litzaieke buru osasuna zergatik ez den lehentasuntzat hartzen. Ezinezkoa da erabat osasuntsu egotea buru osasunik gabe.

Zein rol du osasun sistema publikoak psikologiaren pribatizazioan?

Sistema publikoa beharrei erantzuteko gai ez denean, ahal duena arlo pribatura joaten da. Baina, noski, jende askok ezin du bere gain hartu horrek dakarren kostua. Agendak beteta daude, eta kontsulten arteko maiztasuna ez da egokiena. Eremu publikoko psikologoen kopuruari dagokionez, Europako batez bestekoaren oso azpitik gaude.

Buruko osasunari dagokionez, zein da euskal gizartearen egoera egun?

Artatutakoen kopuruak gora egin du, eta arazo ohikoenak antsietatea eta depresioa dira. Bereziki nabarmendu behar da pandemia ostean haur eta nerabeen kopuruak gora egin duela. Psikofarmakoen kontsumoak kezkatzen nau: oso handia da. Suizidioek eta suizidio saiakerek ere gora egin dute. Geroz eta laguntza gehiago eskatzen da, baina baliabideak falta dira.

Antsietatea, depresioa eta estresa dira, besteak beste, egunero aipatzen diren nahasmendu emozionalak.

Ohikoenak dira, eta bizimoduarekin zerikusi handia dute. Elikadura zaintzera eta ariketa fisikoa egitera animatzen gaituzte, eta hori garrantzitsua da, baina baldintzatzaile sozioekonomikoek ere eragina dute. Gure esku dagoena da desorekatzen gaituzten egoerak identifikatzea, gure gorputzeko sintomak ezagutzea eta erregulatzen ikastea.

Joera dago, oro har, emozioak patologizatzeko?

Kulturalki, bai. Kostatu egiten zaigu emozio deserosoak onartzea eta horiekin bizitzea, nahiz eta zailtasun egoeretan normalak izan. Ondoeza emozio negatibo gisa bizi dugu, eta ahalik eta lasterrena desagerrarazi nahi dugu. Horren ondorioz, trabatuta gera gaitezke.

Pandemiak eragina izan du herritarren buru osasunean?

Ezohiko egoera izan da, eta estresari aurre egiteko gure estrategiak kolokan jarri ditu. Zaila zaigu ziurgabetasuna maneiatzea eta aldaketa handietara egokitzea.

Nolakoa zen egoera pandemia aurretik?

Pandemia aurretik, depresio, antsietate eta suizidio kasuak gora egiten hasi ziren. Pandemiak joera hori bizkortu zuen, eta agerian utzi zuen baliabide falta.

LEIRE PINEDO PSIKOLOGO KLINIKOA

Pandemia. Irudian, Leire Pinedo psikologo kliniko egoiliarra, osasun mentalaren Basauriko unitatean, 2020. urtean. Lehen urtea zuen Pinedok Osakidetzan lanean, BAPE azterketa gainditu ondoren.

Hain justu, osasun mentalaren Basauriko unitatean egin zenuen lan 2020an. Nola bizi izan zenuen urte hori?

Osakidetzan hasi nintzen urtea izan zen, eta ezohikoa izan zen. Arreta egokitu behar izan genuen segurtasuna bermatu ahal izateko, neurri bereziak hartuz: distantzia, maskara, telefono bidezko kontsultak… Ziurgabetasun itzela gogoratzen dut, baina baita ikaskuntza izugarria ere. Begirada atzera botata, pozik nago han egon izanaz eta une hartan nire ekarpena egin izanaz.

Nolakoa da pandemia osteko gizartea?

Bizi izan dugun egoerak osasun mentalari buruzko kezka piztu du, eta lehen baino gehiago hitz egiten dugu horri buruz. Garrantzitsua da, tabua apurtzeko eta laguntza eskatzea normalizatzeko. Oro har, gai izan gara luzera begira ondorio larririk izan gabe egoera gainditzeko. Erresilienteak gara, eta ezbeharrei aurre egiteko gai gara. Hala ere, zenbait herritar egoera zaurgarriagoan daude.

Jendeari emozioak eta gorabeherak kudeatzeko tresnak falta zaizkiola uste duzu?

Garrantzitsua da tresna horien berri izatea. Ondoeza saihesten eta ezkutatzen irakasten digute, baina saihetsezina da. Bizitzan badira ondoeza sortzen diguten egoerak. Hori onartzeak eta kontatzeak hobeto gainditzen laguntzen digu. Ondoezari erreparatu behar diogu, hura ulertzeko eta jakiteko zerk egiten digun on.

Zer tresna dira baliagarriak horretarako?

Bakoitzak bereak ditu. Plazera, segurtasuna edo ongizatea ematen diguten bizitzako esparruak indartu behar ditugu: zaletasunak, harremanak, autozaintza eta bizi ohitura osasuntsuak, besteak beste. Azkenik, garrantzitsua da geure burua gogor ez epaitzea eta atseginak izatea.

Zertan lagun dezake arta profesionalak? Zein kasutan jo behar da psikologoarengana?

Psikologoak lagun gaitzake ondoezak gure eguneroko jarduna oztopatzen duenean, eta egoerari geure kabuz irtenbidea topatzeko gai ez garenean. Baina kontuan izan behar dugu psikoterapiak ez duela irtenbide magikorik ematen; hitz hutsak ez dira nahikoa. Konpromisoa eskatzen du: jokamoldea aldatu behar da, helburu errealistekin.

Profesional gisa, gogorra da lanean buruko osasunari eustea?

Bizi egoera gogorrekin harremanetan gaude, eta horrek eragina du gugan. Alde horretatik, lanean eta lanetik kanpo autozainketa urte hauetako ikaskuntza izan da. Egoitzan tutoreek gainbegiratzen gaituzte, eta horretan laguntzen digute. Lankideen arteko babesa ere funtsezkoa da.

Buruko osasunaz hitz egiten da geroz eta gehiago. Zer da buruko osasuna?

Buruko ongizatea da. Estres uneei aurre egiteko, ditugun trebetasun guztiak ezagutu eta garatzeko, eta komunitateari ekarpena egiteko modua ematen du buruko ongizateak. Horretarako, gizarteak oinarrizko beharrak bermatu beharko lituzke; prekaritatea eta ongizatea bateraezinak dira.

Aurrera begira, zer erronka nagusi ditu buruko osasunaren arloak?

Gure emozioekin hobeto erlazionatzen ikasi behar dugu, hari arreta eskainiz eta onartuz; baita geure burua modu atseginagoan zaintzen ere. Azkenik, elkarri hobeto laguntzen ikasi behar dugu, elkar epaitu gabe eta eskatu gabeko aholkuak eman gabe. Horretarako, bizi erritmoak geldoagoa eta atseginagoa izan beharko luke ezinbestean. Hobeto bizitzeko, ongizateak eta zaintzak izan behar dute lehentasuna.