Uxue Gutierrez Lorenzo
Organoak badu berezitasun bat: leku bakoitzak du berea, ez musikari bakoitzak. Horregatik, nahitaezkoa da zorrotza izatea eta egokitzeko gaitasuna ondo lantzea. Hain justu, organo jotzaile profesionala da Miriam Cepeda (Bilbo, 1982), eta, organo ugari ezagutzen dituen arren, baten bueltan antolatzen du eguneroko lana: Bilboko Begoñako basilikako organo jotzaile nagusia da. Goi mailako piano ikasketak egin zituen Bilbon, Juan Crisostomo Arriaga kontserbatorioan, eta, ondoren, erdi mailako organo ikasketak Donostian, Francisco Escudero kontserbatorioan. Ondoren, Musikenen goi mailako organo ikasketak egin zituen, eta hala bilakatu zen organo jotzaile profesionala.
Nola hasi zinen organoa jotzen?
Oso hasiera pragmatikoa izan nuen. 9 urterekin hasi nintzen Bilboko musika kontserbatorioan pianoa jotzen. Aldi berean, Begoñako parrokiako eliztarra nintzen, eta domekaero joaten nintzen mezetara. Organoa entzuten nuen mezan, eta garai hartan gazte taldeekin ibiltzen zen apaiz batek animatu ninduen organoa jotzera: Jose Luis Atxotegik. Aipatu zidan basilikako organo jotzaileak erretiroa hartuko zuela, eta laster ordezko bat beharko zutela. Oinordekoa ni izatea proposatu zidan.
Pianoa jotzen hasi bazinen, organoaren zerk harrapatu zintuen?
Pianoarekin alderatuz, errepertorioa askoz pluralagoa da organoan. Organo bakoitza bakarra da, eta organo ezberdinak ezagutu eta jo ahala, estilo ezberdinak ezagutu nituen. Horrela, instrumentua jotzeko modua hobeto ulertzeko gai izan naiz. Ez daude bi organo berdin, eta egongo balira, soinua desberdina izango litzateke, tokiaren akustika ez litzatekeelako kasu bietan berdina izango. Hori zoragarria da.
Hasieran afizioz jotzen zenuen organoa, ala hasieratik izan zenuen argi ogibide bilakatu nahi zenuela?
Erdi mailako piano ikasketak egin nituenean, oraindik ez nuen argi; aukeretako bat zen, baina beste ikasketa esparru batzuk ere gustatzen zitzaizkidan. 18 urterekin egin nuen musikaren aldeko apustua.
Kontserbatorioetan ikasi duzu organoa jotzen; beraz, formakuntza zorrotza izan duzu. Nola gogoratzen dituzu kontserbatorioko urteak?
Oso diziplinatua izan behar nuen. Eskola bakoitza erronka berri bat zen. Adibidez, azterketa garaietara maila onarekin heldu ahal izateko, lan erritmoari eutsi behar nion. Ahalegin handiko garaia izan zen.
Zer egiten zitzaizun gogorren ikasketa garaian?
Entzunaldiak, lanen entregak, epaimahaiaren aurrean jotzea eta noten zain egotea.
Bilboko eta Donostiako kontserbatorioetan ikasketak bukatu ondoren, Musikenen, Euskal Herriko goi mailako musika eskolan, jarraitu zenuen zure ibilbidea. Zertan sakondu zenuen etapa horretan?
Organo ikasketak findu nituen. Errepertorioa zabaltzeko aukera paregabea izan zen. Europako hainbat konpositore eta eskola ezagutu nituen; besteak beste, barrokoak eta erromantikoak. Oso zorrotzak ziren, eta, era berean, organo asko ezagutzen hasi nintzen Gipuzkoan; besteak beste, Azkoitiko, Usurbilgo eta Debako organoetan jasotzen nituen eskolak. Instrumentua ulertzeko nuen modua aldatu zen garai hartan. Errepertorioari dagokionez, organoaren bilakaera musikaren bilakaerarekin batera garatu da. Halaber, organoaren altzarien bilakaerak artearen historiaren garapenarekin du zerikusia. Testuinguru artistikora moldatzearen garrantzia ulertu nuen, eta, ondorioz, organo bakoitzaren mekanikara, soinura eta akustikara egokitu beharko nuela.
Ikasten zeunden bitartean hasi zinen Begoñako basilikako organoa jotzen?
Bai. Ikasi bitartean, 2003. urtean hasi nintzen meza gutxi batzuetan jotzen basilikan. Aurreko organo jotzaile Anton Juaristi erretiroa hartzear zegoen, eta nik goi mailako piano ikasketak amaituta nituen ordurako. Organo eskolak jasotzen nituen bitartean ikasi nuen mezak antolatzen eta musika ezagutzak mezara egokitzen. Horretarako, mezetan organista ohiak nola jotzen zuen ikustera joaten nintzen, eta hainbat argibide ematen zizkidan kantu bakoitzean. Une batean esan zidan prest nengoela, eta astean meza batean edo bitan jotzen hasi nintzen. Horrela egon nintzen urtebetez. 2003an Juaristi bat-batean gaixotu zen, eta elizkizun guztietan jotzen hasi nintzen.
Hogei urteren ostean, nolakoa da zure egunerokoa basilikan?
Astelehenetik ostiralera Bizkaia irratian 09:00etan zuzenean ematen den mezan jotzen dut. Horrez gain, astelehen, asteazken eta ostiraletan hiletak egon litezke. Asteburuetan eta jaiegunetan bost meza egiten dira: bat bezperan eta beste lau egunean bertan. Apiriletik azarora, gutxi gorabehera, ezkontza garaia izaten da, eta basilikan egiten diren ezkontzetan ere jotzen dut organoa.
Ziortzako organoa. Irudian, Miriam Cepeda organo jotzailea Ziortzako monasterioko (Ziortza-Bolibar) organoa jotzen. Bizkaiko zaharrena da organoa: 1686an egin zuen Joseph Eizaga Etxebarriak.
Zer-nolako organoa da Begoñako basilikakoa?
Cavaille Coll organogileak egindakoa da, Parisen, 1884an. Organo erromantikoa da. [36ko] Gerra garaian Cavaille Coll asko desagertu ziren, baina Gipuzkoan eta Bizkaian ugari daude. Duela zazpi urte zaharberritu egin zuten, eta mantenduta beste ehun urte iraun ditzake. Txikia da basilikako organoa, baina oso soinu berezia sortzen du: garbia eta sakona.
Basilikako lanaz gain, beste zenbait kontzertu ere egiten dituzu. Zaila da dena uztartzea?
Oso aldakorra da. Ikasturtean lan asko egoten da, eta errepertorioa prestatzeko estu ibiltzen naiz askotan. Bestalde, uda atseden garaia izaten da, eta batzuetan gogorra da ikasten buru-belarri aritzea.
Zein da organoa jotzearen zailtasun nagusia?
Hiru pentagrama irakurri behar ditut aldi berean: bi, eskuak mugitzeko, eta bestea, pedalari eragiteko. Kontzentrazioa eta psikomotrizitatea ezinbestekoak dira. Gainera, norberak ez duenez bere organoa, kontzertu bakoitzean hutsetik hasten gara, eta musika tresna bakoitzaren berezitasunei egokitu behar dugu.
Zer hartu behar da oso kontuan organoa jotzeko?
Belarri oso fina izatea ezinbestekoa da. Ahots asko jotzen ditugu aldi berean. Gainera, organo bakoitza ezberdina denez, ondo ulertu behar dugu instrumentu bakoitza nahi dugun soinua lortu ahal izateko. Eskuen eta oinen arteko mugimenduak sinkronizatzeko sasoi onean egotea ere komeni da.
Oso instrumentu delikatua da? Ñabardurei erreparatzea garrantzitsua da?
Bai, detaileak funtsezkoak dira. Ez da gauza bera instrumentu bat jotzea edo musikaria izatea.
Organoa jotzeko Elizari lotuta egon beharra dago?
Kontzertuak emateko ez da beharrezkoa, baina elizkizunetako organista izateko, bai. Izan ere, ospakizunaren nondik norakoak zehatz-mehatz ezagutu behar dira, bat datozen kantuak eta piezak aukeratu ahal izateko.
Nola daude organo jotzaileak gaur egun Bizkaian? Erreleboa daukazue?
Organista gazteak daude, baina gutxi. Bilboko kontserbatorioan, adibidez, espezialitatea desagertu egin zen. Uste dut organo ikasketak eskaini beharko liratekeela udal musika eskoletan. Horrela, erreleboa egon liteke Bizkaiko ondarearen parte diren organoak zaintzeko.
Zu zeu organo irakaslea ere bazara.
Oraintxe bertan zortzi ikasle dauzkat, eta oso giro ona dago gelan. Irakasle izatea eskuzabaltasun ekintza bat da; oso esperientzia atsegina eta polita da.
Zure ustez, zergatik da hain garrantzitsua lekukoa bermatzea? Zer balio du organoak?
Musika tresna bat izateaz gain, balio artistiko kultural handiko pieza bat da organoa. Elizaren ondarearen zati bat da, eta erretaula batek bezainbesteko interesa izan beharko luke. Ondare bizia da.
Zer ekarpen egiten dio organoak ondare kulturalari?
Bizkaian garrantzi handiko organogileak daude: Aquilino Amezua, Lope Alberdi, Cavaille Coll edo Wlcker. Organogile horiek oso garrantzitsuak izan ziren nor bere garaian. Bizkaia oso lurralde aberatsa da estilo erromantikoko organoei dagokionez, eta gure eginbeharra da ondare hori zaintzea.
Diego de Amezua Bizkaiko Organoaren Lagunen elkarteko kide eta lehendakari zara. Zein da elkartearen helburua?
Gaur egun, bi jaialdi antolatzen ditugu: Bizkaiko Hotsak eta Bilboko Nazioarteko Organo Jaialdia. Horien bitartez, organoaren musika hedatu eta belaunaldi gazteak organoa jotzen ikastera bultzatu nahi ditugu. Horrez gain, Ondarearen Europako Jardunaldietan bisita gidatu bat antolatzen dugu Bilbon, Begoñako basilikan.
Mantentzeari dagokionez, zaintza lan handia behar dute organoek?
Urtero egin beharko litzateke mantentzea. Oso garrantzitsua da instrumentua jotzea, ez dadin degradatu materiala. Egokiena litzateke eliza bakoitzak bere organista izatea, eta hura izatea instrumentua zaintzeaz arduratzen dena.
Organo berriak egiten dira?
Bai. Oraindik ere organo berriak egiten dira, enkarguz. Adibidez, Bizkaiko berriena Loiun dago, eta 2007an egindakoa da.