Arrauna, Ondarroaren ondare

‘Arraun Ondarru, ogibidetik kirolera’ proiektua ondu dute Ondarroako zenbait herritarrek. Arraunak herrian izan duen garrantzia jaso eta herritarrei transmititzeko abiatu dute egitasmoa.

Uxue Gutierrez Lorenzo

Ondarroa, kostako beste toki asko bezala, arraunari estu lotutako herria izan da eta da; lehenago familien sostengu ekonomiko zena zale ugari biltzen dituen kirola da gaur egun. Ehunka urte atzera egin beharko litzateke lanaren nondik norakoak azaltzeko, eta mende eta erdi atzera kirol jardunaren bilakaera jasotzeko. Bigarren egiteko horri heldu diote Ondarroa arraun elkarteko kideek. Kirol jardunaren laburpen osatua prestatu eta emaitza ondarroar guztien esku jartzeko ondu dute Arraun Ondarru, ogibidetik kirolera egitasmoa. Proiektuaren sustatzaileak hauek dira: Agustin Etxeberria Ondarroa arraun elkarteko lehendakari ohia, Koldo Azpiazu Ondarroa arraun elkarteko lehendakaria, eta Jose Luis Basterretxea.

Iazko udazkenean hasi zen ernetzen egitasmoa, arraun elkartearen 50. urtemuga zela eta. 2022ko azaroan, herri bazkari bat antolatu zuten elkartearen urtemuga ospatzeko. Bazkaria xumeegia zelakoan, herritik kanpoko kide baten eskutik heldu zen bestelako euskarriak sortzeko bultzada: Jose Luis Basterretxea berriatuarrak piztu zuen lehen txinparta. Koldo Azpiazurekin eta Agustin Etxeberriarekin hitzordua egin zuen, ideiak jaso eta proiektua marrazten hasteko.

Hirukotearen lehen bileran sortu zen Arraun Ondarru, ogibidetik kirolera. Proiektuaren helburua da ikusaraztea nolako garrantzia izan duen eta oraindik ere baduen arraunak Ondarroan. Izan ere, Azpiazuk azaldu duenez, gabezia bat sumatu zuten: klubaren historiaren ezagutza falta. “131 bandera ditugu, eta herriko jende askok ez daki bandera horiek daudenik ere. Ondarroa ez da izan bere ondarea zaindu eta erakutsi duen herri bat”. Ondarea erakutsi nahian ekin diote bideari sustatzaileek.

Asmoak eta helburuak partekatu ostean, ideiak ekintza zehatz bihurtu zituzten. Gaur-gaurkoz, hiru ardatz ditu proiektuak: artxiboa, erakusketa eta dokumentala. Hirurak, ordea, ez dira aldi berean garatu.

ONDARROA ARRAUN TALDEA 1973KO ESTROPADA

Dokumentazioa biltzea izan da lehen urratsa.”Hirurok adostu genuen lehenengo artxiboa sortzea: arraunlari ohien eta horien gertukoei galdetu genien ba ote zuten irudirik, aldizkari txatalik, bideorik”. Iker Etxabe aritu da atez ateko bilketa egiten. Martxan jartzeko, ordea, epe historikoa zehaztu behar izan dute lehendabizi. Azpiazuren arabera, begirada mende eta erdi bat atzera botatzea da neurri egokia.”Ondarroan, oso historia luzea dauka arraunak. Artxiboa XIX. mendearen erdialdetik hastea erabaki genuen”. Hain zuzen, 1865. urtean irabazi zuen Ondarroak Bilboko bandera; hura izan zen estropada baten garaileari oparitutako lehenengo bandera.

Mugarri historikoak

Arraunak historia luzeagoa du, baina lehen banderaren lorpenak definitu du proiektuaren tarte historikoa. Orduantxe hasi ziren arrauna eta estropadak ogibide izaten, arrantzaleak baitziren arraunlariak. Hiru garaitan banatu dute Ondarroako arraunaren historia. 1865etik 1902ra bitarte, Ondarroako kofradiaren izenean lehiatzen ziren lehen banderak lortu zituzten arrantzaleek. Arrantzaleen arteko ika-mikak tarteko, etena izan zuen Ondarroako arraunlarien parte hartzeak 1925era arte. Gero, Aurrera kirol elkarteak bultzatu zuen estropadetan berriro parte hartzea. Bigarren etenaldia berehala heldu zen: 1926an bukatu zen elkartearen ibilbidea. Hirugarrena eta azkena 1973an hasi zen, Ondarroa arraun elkartea sortu zenean. Hori da gaur egun dirauen kluba.

ONDARROAKO ARRAUNLARIAK 1926KO KONTXAKO BANDERAN

Materiala bildu ostean, artxiboaren antolaketa beste fase baterako utzi dute. Azpiazuren esanetan, herritar gehiagoren laguntza beharko dute material guztia nola atondu pentsatu eta artxibo sistema eraginkorra osatzeko. Are, asmoa da herritar guztientzat eskuragarri egotea materiala; hau da, artxibo publikoa izatea.

Dokumentazioa biltzeko lehen fasea osatutzat emanda, gainerako zereginei heldu diete bultzatzaileek: erakusketa eta dokumentala. Hain zuzen, erakusketa datorren udazkenerako prest edukitzea da asmoa, eta dokumentala abenduan estreinatu nahiko lukete.

Erakusketari dagokionez, arraunaren bi funtzio historikoen erakusleiho izatea da haien asmoa. Batetik, arraun elkarteak eskuraturiko banderak jarriko dituzte ikusgai. Bestetik, Ander Etxaburu historialariak etxean dituen arrantza tresnak erakutsiko dituzte. Besteak beste, arraina biltzeko erabiltzen ziren 11 otzara mota eta balearen hezurrak egongo dira erakusketan. Azpiazuk azaldu duenez, oraindik ez dute argi noiz izango den erakusketa: “Toki egokirik ez dugu aurkitu oraindik; hainbat aukera aztertzen ari gara”.

Dokumentalari dagokionez, Asier Riberta eta Jon Iriondo gazte ondarroarrek hartu dute ikus-entzunezkoa prestatzeko ardura. Azpiazuk jakinarazi du pieza “dinamikoa” sortu nahi dutela, Ondarroan arrauna izan denaren laburpen entretenigarria osatzeko.

Horretarako, arraunlariak eta arraunlari ohiak elkarrizketatzen ibili dira zinemagileak. Artxiboko irudiekin osatuko dute dokumentala. “ETBri eskatu dizkiogu estropada esanguratsuen irudiak”, esan du Azpiazuk. Horrez gain, emakumezkoen lanari balioa eman nahi diote.”Gizonek egiten zituzten arrantza eta arrauna, baina emakumeek sortzen zuten azpiegitura, saltzen zuten arraina, diru kontuak kudeatzen zituztenā€¦ Emakumeen atzeko lana erakutsi nahi dugu”. Dokumentalean eta erakusketan agertuko da andrezkoen lana.

ONDARROAKO ARRAUNLARIAK 2016AN

Herri zozketa

Proiektu guztiek izaten dute, neurri handiagoan edo txikiagoan, finantzaketa eskuratzeko premia. Kasu honetan, zozketa erraldoi bat antolatu dute proiektuaren sustatzaileek. Komertzioz komertzio igaro dira, ekarpen eske. Zuzenean dirua eskatu ordez, saltoki bakoitzean zerbitzu edo produktu jakin bat eskatu dute. Keinu egin nahi zioten 50. urteurrenari. “50 urte, 50 sari lelopean hasi genuen bilketa, baina goiz bakarrean lortu genituen 50 sari”. Herritarren erantzunak markak hautsi ditu. “50 sari zozketatzea zen asmoa; azkenean, 151 sari izango dira”. Irailaren 28an egingo dute zozketa.

Oztopoak oztopo, aurreaz doaz egitasmoaren bultzatzaileak. Beste batzuentzat eredu eta abiapuntu izan nahi dute. “Guk egindako lana hor dago. 2023ra artekoa bildu dugu, eta ondorengoei lana erraztu diegu”.