Amaia Igartua Aristondo
Liburuen azal andana batek egiten du harrera Bilboko Anti liburu dendan. Lokaleko hormak estaltzen dituzte komikien kolore deigarriek, fikziozko obra batzuen leunagoek, saiakeren diseinu diskretuagoek. Eta dendaren erdia hartzen dute artearen eta diseinuaren inguruko obrek, tipografia landuek, argazki bildumek. Ia hogei urteko ibilbidea egin du dagoeneko Antik, guztiak kokaleku berean, San Frantzisko auzoko Maiatzaren 2ko kalean. Eusko Jaurlaritzaren Gure Artea sarian gailendu berri da, ikusizko arteak bultzatzeko egindako lanagatik. Javier Nevado (Gasteiz, 1977) da proiektuaren arduradunetako bat, Maia Villotekin batera. Udazkenean jasoko dute garaikurra, Donostiako San Telmo museoan egingo den ekitaldian.
2005ean sortu zenuten Anti. Nondik jaio zen asmoa?
2004an sortu zitzaigun ideia; hiru urte lehenago bukatua genuen Arte Ederren karrera. Zortzi hilabete ondoren zabaldu genuen liburu denda. Arrazoi sentimentalengatik erabaki genuen auzo honetan kokatzea, hemen bizi ginelako, hemen egin genituelako karrerako urteak. Baina baita arrazoi praktikoengatik ere: ez genuen proiektua hiriko erdigunetik kanpo imajinatzen, eta hemengo alokairua baino ezin genuen asumitu.
Kultur proiektu asko errotu dira Bilbon, San Frantziskon. Bilakaera bat igarri duzue?
Prekaritatean bizi den auzo bat izate hutsagatik, jende prekarioa erakartzen du, eta, oro har, kulturan ari den jendea prekarioa izaten da. Proiektuak bazeuden: bazegoen, adibidez, Espacio Abisal, galeria autogestionatu bat, gerora itxi zena. Kokapen zaila zen, auzo baztertua eta arriskutsua izatearen estigmagatik; aurreiritziak desagertzen ari dira, baina oraindik kostatzen da jendea etor dadin. Horrek zaildu egiten du proiektu kulturalak aurrera ateratzea, eta udalak ez du egiten ahalko lukeen guztia; areago, auzoko egitasmoak oztopatzen ditu.
Momentu ona zen liburu denda bat abiatzeko?
Erreferentziazko liburu denda batzuk itxi zituzten: adibidez, Zazpikaleetako Verdes. Ez genuen ireki ikuspegi komertzialetik hutsune bat betetzeko, baina bete egin genuen: bazeuden artearen inguruko liburuak zituzten dendak, baina ez katalogoaren zati handi bat arteari eskaintzen zionik. Eta, orain ere, uste dut Bilbon ez dagoela bere katalogoaren erdia arteari eskaintzen dion liburu dendarik.
Hasieran, arteari eskainitakoaren proportzioa handiagoa zen?
Narratibaren eta saiakeraren atalak hazi egin dira.
Zergatik?
Denborarekin, kontzientzia politikoa hartzen joan gara. Era berean, uste dugu arteak eta kulturak gauzak hobetu ditzaketela. Uste hori indartuz joan da urteekin.
Fikzioari toki handiagoa ematea modu bat da beste publiko bat erakartzeko? Liburu denda batek fikzioa baztertu dezake?
Bagenuen fikzioa haurrentzako liburuetan eta komikietan. Hedatzea erabaki genuen. Ez dut argi arrazoi komertzialengatik izan zen, baina seguruenik, bai. Arkitekturaren atalean, katalogoa zabalagoa zen lehen. 2008an, krisiarekin, salmentak asko jaitsi ziren atal horretan: krisiak asko eragin zion higiezinen sektoreari, eta, beraz, arkitektura estudioei. Erabaki genuen atala murriztea, eta toki hori narratiba gehiagorekin betetzea.
Atala berreskuratu duzue?
Kontzientzia kritikoa eta politikoa biltzen joan garenez, hirigintza kritikoaren atala daukagu orain, eta arkitekturarena horren azpiatal bat da.
Zein da orain irizpidea?
Lehen, eraikuntzari eta alde estetikoari erreparatzen genien, eta, orain, hiria bizitzeko moduan jartzen dugu arreta: nola laguntzen duten arkitekturak eta hirigintzak bizitza hobe bat edukitzen, bizikidetza eremuak sortuta, esaterako.
Zuek hautatzen dituzue dendako liburuak. Ardura ere bada.
Liburu asko daude entretenimenduzkoak direnak, baina beti saiatzen gara ekartzen errealitatearen ikuspegi kritikoa eta aurrerakoia ematen duten liburuak. Hori da galbahe nagusia. Ez dugu uzten aukeraketa banatzaileak egin dezan. Badakigu horrela lan batzuk galtzeko arriskua dugula: agian atera eta hilabetera dugu liburu baten berri, bezero batek eskatu digulako. Baina, guretzat, hautaketa funtsezkoa da.
Bezeroekiko hartu-emanak ere laguntzen du katalogoa osatzen, beraz?
Noski. Liburu batzuk bezeroen bitartez ezagutzen ditugu.
Zer toki du haur literaturak zuen katalogoan?
Toki garrantzitsua du. Beti aipatzen dugu gauza bat, guretzat itxaropentsua dena: ni 27 urterekin hasi nintzen dendarekin, eta ia publikoaren erdia 35 urtetik beherakoa da; hogei urte daramatzagu sakelako adimendunekin eta askotariko pantailekin, eta, hala ere, teknologia horiekin jaio diren arren, batzuek nahiago dute paperezko liburua.
Etorkizuna al du paperak?
Esango nuke baietz. Azken hogei urteetan merkatu kuota handia galdu du, eta geratzen dena liburu denden artean banatu behar dugu. Baina azken urteetan jaio diren liburu denda batzuek jarraitu egiten dute. Testu luzeak irakurtzeko, behintzat, papera izango da euskarri hegemonikoa.
Arte eskaintzara itzulita: gehiago jotzen duzue dibulgaziozko lanetara, edo denetarik duzue, baita obra astunagoak ere?
Inoiz ez dugu interes handirik eduki erakusketen katalogoetan, adibidez. Bi lerro lehenetsi ditugu: artista liburua, autoekoitzia izaten dena, normalean; eta saiakera, badena dibulgatzailea eta analitikoa, eta izan daitekeena astunagoa ere bai. Hautaketa intuizioz egiten dugu, ezein liburu saltzaile ezin baitaiteke izan aditua eskaintzen dituen liburu eta esparru guztietan.
Espezializazioa arriskua da, edo balio erantsia?
Gure kasuan, aspaldi ez gara definitzen liburu denda espezializatu baten moduan, baizik eta filtro kritikoa duen liburu denda bat bezala. Antik hainbat azpititulu izan ditu: lehena izan zen Gaur egungo artea eta kultura; eta oraingoa da Kultura kritikoa eta alternatiboa.
Erakusketak ere antolatzen dituzue, liburu aurkezpenak sarri… Ekintzok zer ekarpen egiten diote eskaintzari?
Hasieratik, nahi genuen Anti espazio kultural bat izatea, topagune bat, ez soilik liburuak salduko ziren denda bat. Betidanik izan ditugu dibulgazio jarduerak, analisirakoak, eztabaidatzekoak… Eta erakusketen egitarau bat ere badaukagu: indibidualak izaten dira normalean, urtean zazpi inguru antolatzen ditugu.
Esan duzu liburu denda batzuk ireki dituztela, baina asko ixten ari dira. Nolakoa da egoera, gaur egun? Nola bizi duzue zuek?
Uste dut tokia badagoela. Zoritxarrez, proiektu oso interesgarri batzuek ezin izan dute aurrera jarraitu; Donostiako Tobacco Days, esaterako. Konparazio bat erabiliko dut. Hamazortzi urte daramatzagu, baina ez gara itsasontzi bat; jarraitzen dugu izaten txalupa bat. Dena dago bere tokian, baina itsasoa harrotzen bada —eta itsasoa da testuinguru ekonomikoa, soziala…—, txalupa bati gehiago eragingo dio itsasontzi handi bati baino. Anti aintzatesten da, baina, milioi bat biztanleko metropoli batean, jarraitzen dugu izaten proiektu txiki bat. Inork liburu denda bat sortu nahi badu, jakin dezala ez dagoela hazteko tarte handirik.
Egongo balitz, noraino haziko zinatekete?
Anti jada hazi da, eta jarraitzen du hazten. Eta hazteko proiektuak ditugu. Alokairuan egon gara beti, eta, duela gutxi, lokala erosi ahal izan dugu. Alboko lokala ere erosi behar izan genuen, batera doazelako; epe erdirako asmoa da hormak botatzea, eta denda apur bat handitzea: katalogoa ugaritu, gai berriak gehitu, jardueretarako espazioa hobetu, gonbidatzen ditugun artisten lan egiteko baldintzak hobetu…
Zeintzuk izango dira gai berri horiek?
Orain burura datorkidan lehena gastronomia da. Baina atal guztiak handituko lirateke.
Gure Artea saria eman dizuete berriki, Bilbon. Zertan lagundu zaitzakete, zuen ustez?
Laguntza ekonomikoaz gain, sariak erakusten digu komunitate artistikoaren barruan aintzat hartzen dela gure lana. Ez gaude beste artista edo erakunde batzuk bezala %100 artean zentratuta; hanka bat dugu hor, eta bestea, gai orokorretan. Ez gaitu harritzen, izendatuta geundelako, eta hirugarren aldia zen izendatu gintuztena. Saria irabaztea izan da harrigarria. Berretsi digu garrantzitsuak garela artearen esparruan. Ez genuen imajinatzen hain maitatuak garenik.
Hamazortzi urteren ondoren, anekdota pila bat izango duzue. Bitxikeriaren bat?
Antin, liburu gutxi osten dizkigute. Dokumentu bat daukagu, eta liburu bat topatzen ez dugunean gehitu egiten dugu: seguruenik lapurtuak izan direnen zerrenda bat da, eta balio digu ikusteko ea patroi bat dagoen. Gauza arraro bat gertatu zitzaigun behin. Antzeman genuen liburuak desagertzen ari zirela, eta susmoa genuen nor zen lapurra: deitu genion esateko itzuli behar zizkigula. Hurrengo egunean etorri zen, motxilatik hamar liburu atera zituen, eta mahai gainean jarri zizkidan. Azken urtean ostu zituen guztiak kontatu nizkion: 700 euro inguru guztira. Kreditu txartela atera zuen, eta ordaindu zituen.