Mikel Garcia Martikorena
Musikak Elorrioko jauregi eta plazak beteko ditu gaur hasi eta uztail osoan. Musikaire jaialdiak 11 kontzertu ekarriko ditu herrira, dohainik, orotariko musika estiloak uztartuz. Izan ere, hori da, Aitor Iriarte jaialdiko antolatzaileetako batek argitu duenez, Musikaireren helburuetako bat: “Publiko guztientzako eskaintza sortzen ahalegintzen gara. 80 urteko aitona-amonek gozatuko duten musikatik, haurren interesa piztuko duen ikuskizunetaraino”. Are gehiago, Iriarteren ustez, egun musika estilo “jakin batzuk” entzuten dira “soilik” irratietan; hortaz, Musikairek aukera ematen dio jendeari “beste musika estilo batzuk ezagutu eta gozatu” ahal izateko. Iriartek argi du Musikaireren nahia “elorriarrek kultura eskura izatea” dela.
2001ean hasi zen Elorrioko Arriola antzokia jaialdia antolatzen, eta orduko hartatik ez dira gelditu. Duela bi hamarkada sortu zen proiektuaren atzean “uda partean kultur eskaintzarik gabe ez geratzea” zegoela dio Iriartek. “Basamortu kulturala saihestu” eta “Elorrion kulturarekin lotutako herri kultura bat eratzea” da antolatzaileen xedea; hori dela eta, jaialdi bat baino gehiago, musika ziklo bat legez ulertzen du Iriartek Musikaire: “Ez da gure helburua asteburu batean karpa erraldoi bat jarri, hamaika kontzertu antolatu eta milaka pertsona batzea. Guk udan kultura ziurtatu nahi dugu Elorrion; hortaz, nahiago dugu egun bakoitzerako kontzertu bat antolatu”.
Jaialdia ulertzeko modu horrek kontzertuen eskaintza “normalizatzea” ekarri duela uste du Iriartek, haien helburua betez. “Jendeak badaki gau aldera Elorriora etorriz gero kontzertuez gozatzeko aukera izango duela”. Are gehiago, jaialdia hain sarturik dago inguruko kultura zirkuituan, batez beste mila lagun inguru agertzen direla kontzertu bakoitzera. Edonola ere, antolatzaileak zehaztu du “hainbeste jende erakartzea” ez dela haien helburua.
Iriartek uste du Elorrion izateak “asko” laguntzen duela: “Herri txikia eta polita izanik, aukera ematen digu aire zabalean kontzertuak antolatzeko”. Antolatzaileak dio momentu “intimoagoak” sortzen direla horrela.
Kokapenaren garrantzia
Hori baita, haren ustez, Musikairek duen “xarma” berezia: “Eguraldi epela egonez gero, jauregietako lorategiez edota herriko plazaz goza daiteke. Horrelako inguruak kontzertu asko errezitalak bihurtzen ditu, nahiko akustikoak izaten direlako”. Horrek “giro itzela” sorrarazten duela nabarmendu du: “Kontzertu denak topera egoten dira”.
Bi izango dira aurtengo jaialdiaren agertokiak: Lariz jauregia eta herriko plaza. Iriartek azaldu duenez, pandemia aurretik Lariz jauregian beharrean herriko beste bi jauregitan antolatzen ziren emanaldiak. Azken urteotan, baina, bi haien jabea zen markesak baimena kendu diela esan du Iriartek, eta horregatik pasatu ziren Larizera. Bertan antolatuko diren kontzertuak arratsaldeetan izango dira, lorategian.
Plaza, bestetik, “izugarria” dela iritzi du Iriartek. Gauean egiten dira bertako emankizunak, hamar eta erdietatik aurrera. “Plazako argi guztiak amatatzen ditugu, tabernek musika kentzen dute, eta jendez lepo egoten da, eta kontzertu edo antzezlan bat egiteko inguru ederra da”, dio Iriartek. Are gehiago, plazan dagoen elizak garrantzi handia izan dezakeela azpimarratu du antolatzaileak: “Behin Umberto Ecoren Arrosaren izena antzeztu zuten elizpean, eta bazirudien eliza atrezzoa zela. Izugarria izan zen”.
Iriartek uste du kultura bizilagunei gerturatzeko “gakoa” ekitaldien kokapena dela: “Talde potenteak ekartzen ditugun arren, badakit Arriola antzokian antolatuz gero, orain biltzen direnen herenak etorriko liratekeela”. Verde Pratoren adibidea ekarri du: “Niretzako ikusgarria da egiten duena, baina, antzokian antolatuz gero, soilik interesa dugunok joango ginateke. Kalean izanik, mila pertsonatik gertu biltzeko gai izango gara”.
Izarrez inguratuta
Verde Prato ez da Elorriora etorriko den artista bakarra. Izan ere, azken 23 urteetan berrehun artista inguru izan dituztela azpimarratu du Iriartek: “Izen oso potenteak izan ditugu Elorrion; Ara Malikian, besteak beste”. Jauregi eta plazetan egondako artisten “hamarretik bat soilik” hartuta ere, “sekulako kartela” osatuko litzatekeela uste du Musikaireren antolatzaileak.
Baina hark dio egun nazioarteko artistak ekartzea geroz eta zailagoa dela; beraz, Euskal Herriko artistei leku egitea erabaki dute. Hori da, adibidez, bihar joko duen Neomak taldearen kasua. Inguruan “ezagunak” direnez, bestelako zenbait herritatik jendea azalduko dela uste du Iriartek. Artista denak euskal herritarrak ez diren arren, Euskal Herriarekin harreman “sendoa” dutenak ere daude; uztailaren 15ean Elorrion egongo den Antonio Lizana, kasurako. Flamenkoa eta jazza uztartzen dituen abeslariak Musikenen (Donostian) egin zituen musika ikasketak.
Hala ere, denek ez dute harremana Euskal Herriarekin, eta, Iriarteren hitzetan, “soinu berriak ezagutzeko aukera” eskainiko diete elorriarrei: “Soula edo swinga entzuteko aukerarik ez dugu izaten normalean”. Azken soinu hori nabarmendu du antolatzaileak. Uztailaren 22an O Sister taldeak emango du kontzertua, eta, antolatzailearen ustez, 1920ko hamarkadako musika entzutera “ohituta” ez dagoen jendeak ere “gozatuko” du: “New Orleans-eko [AEB] musika hori atsegina da oso. Ez duzu esfortzu handirik egin behar ordu eta erdiko kontzertuaz gozatzeko”. Jaialdia elorriarrentzat “onuragarria” dela iritzi du Iriartek, “doinu ezberdinak” biltzen dituelako.