Gainontzekoen gisara gozatzeko aukera

Gainontzekoen gisara gozatzeko aukera

Zihara Jainaga Larrinaga

Ikasturtea bukatu eta uda hasten denean, haur eta gazteek makina bat aukera izaten dituzte aisialdiaz gozatzeko: kirola, hizkuntzak, musika eta ingurumena lantzen dira, besteak beste, hainbat eskaintzatan. Gehienak ere aukera konbentzionalak izaten dira, eta mugatuagoa egoten da beharrizan bereziak dituztenentzako eskaintza. Dena den, Bizkaian badira aukerak aisialdi egokituan ere.

Duela hamar urte inguru sortu zen Haszten elkartea, eta azken zortzi urteetan udako campusak antolatzen dituzte %33ko urritasuna baino handiagoa dutenentzat. “Ikusten genuen ez zegoela aniztasun funtzionala zeukaten pertsonentzako kirol campusik, eta aukera bat eman nahi genien”, azaldu du Gorka Fernandez Haszten campuseko arduradunak. Kirol egokituaren inguruan eskolaz kanpo eskaintza mugatua zegoela iritzita, ohartu ziren familia bereko neba-arrebek, aisialdian, kirol ezberdinak egiten zituztela beren baldintza fisiko ezberdinengatik. Hala, elbarritasunen bat zuten lagunek kirol batzuk zergatik ezin zituzten egin galdetzen zuten. Galdera horren erantzunetik sortu ziren Haszten elkartearen campusak. “Bizkaian ia inork eskaintzen ez duen zerbait eskaintzen dugu, normalizazio bat”, adierazi du Fernandezek. Espazio eta formatu bertsuetan, kirola egiteko leku seguru bat eta beren artean erlazionatzeko espazio bat dira Haszten campusak.

Gaur egun, zazpi campus antolatzen dituzte uztailean, Bizkaiko hainbat udalerritan. Bana Bilbon, Portugaleten, Barakaldon eta Durangon, eta hiru Getxon. Parte hartzaileak Bizkai osokoak izaten dira. Campus inklusibo eta egokituen barnean, astekako campusak eskaintzen dituzte, bi formatutan. Hala, elbarritasunaren arabera, campus batera edo bestera bideratzen dituzte. Fernandezek esan duenez, uda honetan 12 urtetik 30 urtera bitarteko 62 kirolarik parte hartuko dute beren ekintzetan. Familien erantzun positiboa nabarmendu dute. “Urtetik urtera jende gehiagok ematen du izena”.

Campusei dagokienez, batetik, Getxon, Durangon edota Barakaldon beren kirolarien beharrizanetara egokitzen dira. 09:00etatik 14:00etara izaten dira, eta, gainontzeko campusetan bezala, multikirola eta aisialdia sustatzen dituzte oporretako egun hauetan. Bestalde, campus inklusiboetan, “estruktura konbentzionaleko” campusetara egokitzen dira. Hala, parte hartzaileak beren begirale laguntzaileekin joaten dira, eta bertako ekintzak egokitzen zaizkie besteekin batera era bateratuan aritzeko. Zenbait kirol klubekin aritzen dira elkarlanean, hain zuzen. Esaterako, uda honetan, sei gazte kirol inklusiboa egiten dabiltza Bilbo Basket saskibaloi taldearen campusean, eta beste sei Portugaleteko futbol klubak antolatutakoan.

AISIALDI EGOKITUA

Kirolaz gaindi

Urte osoan egiten duten lanak jarraipena izatea da elkartearen helburua, udan ere kirolariek bizitza aktiboa izan dezaten. “Horrez gain, gazte hauen gurasoei aukera bat ematen zaie udan lana eta aisialdia bateragarri egiteko”. Fernandezen arabera, kirolak kolektibo honetan eskaintzen dituen onurak oso handiak dira: psikomotrizitatea landu, egoera fisikoa hobetu eta sedentarismoa apurtu. “Duela hamar urte aukera faltak etxean kirolik egin gabe gelditzea zekarren”. Hala ere, azpimarratu du campusetan zein eskolaz kanpoko jardueretan ikusi dela kirolaz gaindi espazio horiek harremanak egiteko aukera bat ere badirela haientzat.

Haszten elkartearen helburua ohiko campus bat izatea da. “Gure egitaraua ez da oso ezberdina gainontzekoekin alderatuta”. Halaber, gizartean zegoen hutsune bat betetzen ari direla iruditzen zaio Haszten campuseko arduradunari. “Familien ustez, halako ekintzak beharrezkoak dira beren seme-alabentzat. Izan ere, ikasturtea bukatuta, haientzat garrantzitsuak dira harremanak egiteko garaian”. Garrantzi handia ematen diete arlo sozialari eta elkarren arteko harremanei.

Surfa ere bai

Sopelako Peña Txuri surf eskolak parte hartzaile guztien beharrizanei egokitutako surf ikastaroak eskaintzen ditu udan Arriatara hondartzan. Arduradunen esanetan, uretako kirol horren bidez bizi kalitatea hobetu eta eguneroko zereginetan lagundu nahi dute. “Ikastaro hauek, errehabilitaziorako mesedegarri izateaz gain, autonomia pertsonala handitzen dute, gizarte inklusioan lagungarri dira, eta norberaren buruaren mugak gainditzera bultzatzen dute”.

Urritasun fisiko, intelektual edo sentsorialen bat dutenentzat dira bereziki Sopelako surf eskola egokitu horiek. Hain zuzen, bakoitzaren beharrizanei egokitzen diren programa berezituekin, kirolaren bidez izan dezaketen indar psikologikoa sendotzen eta potentzial fisikoa azaleratzen laguntzen diete. Izena emateko gutxieneko adina 8 urtekoa da, eta bi orduko klase batengatik 70 euro ordaindu behar dira.