Frantziarra barrutik, ingelesa kanpotik

XIX. mendeko landetxe bat berreginda sortu zuen Ricardo Bastida arkitektoak Barakaldoko Munoa jauregia, 1916an, Etxebarria-Etxebarrieta senar-emazteen enkarguz. 2004tik Barakaldoko Udalarena da, eta bisitatu daiteke.

Ibai Maruri Bilbao

BurtzeƱako monasterioa XV. mendean eraiki zuten, Barakaldoko izen bereko lekuan, eta, XIX. mendean desagertu zen arte, erabateko eragina izan zuen Enkarterriko eta Uribeko ekonomian eta gizartean. Monasterioaren jabetzen artean, 1569an, Munoa izeneko leku bat aipatzen zen: baserri bat, sagastiak, mahastiak eta baratzeak zituen. 1860an, Juan Etxebarria La Llana Bilboko alkateak erosi zuen, eta landetxe dotore bat eraikitzeko agindu zuen, udaldia han igarotzeko. 1916an, haren biloba Rafael Etxebarria Azkarretak hartu zuen herentzian; Amelia Etxebarrietarekin ezkonduta zegoen; hau da, Horacio Etxebarrieta industrialariaren arrebarekin. Etxebarria-Etxebarrieta senar-emazteek jauregia guztiz eraberritzeko agindu zioten Ricardo Bastida arkitektoari. Garaje bat, atezainarentzako etxea, baserri bat eta ingeles estiloko lorategi eder bat eraiki zituzten, besteak beste. Horiek dira egungo Munoa jauregia eta lorategia. 2004tik Barakaldoko Udalarena da, eta lorategiak publikoak dira. Udan bisita gidatuak eskaintzen dituzte jauregia ezagutzeko.

Nahasketaz betetako gunea da. Lorategia, esan bezala, estilo ingelesekoa da. Jauregia, berriz, Frantziako II. Inperioko estiloan egin zuen Bastidak. Batez ere, eraikinera sartzeko eskailera inperialean igartzen da. Dena den, baditu beste estiloen nahasketak. Jatorrizko eraikinari dorre bi ipini zizkion Bastidak albo banatan, sendotasuna emateko. Barruan, aretoetako bakoitza zein baino zein arranditsuagoa da. Orain gutxiago nabaritzen den arren, garai batean jabeen oparotasuna agerikoa zen. Izan ere, Etxebarria-Etxebarrieta senar-emazteek diru asko inbertitu zuten artelanetan. 1940ko hamarkadan, Horacio Etxebarrieta Munoara joan bizitzera, bere arreba Ameliarengana, eta han hil zen, 1963an.

Munoa jauregia

Erabat apainduta

Bastidak lau solairutan berregituratu zuen eraikina. Sotoan, sukaldea, upategia, plantxa gela, esekitokiak, ikaztegiak eta biltegiak jarri zituen. Beheko solairuan, eskailera handi baterako sarbidea ematen zuen ezkaratz bat jarri zuen, baita areto handi bat ere, organoarekin; horrez gain, areto txikiagoak, jangela, josteko gela, bulegoa eta kapera zituen solairu horrek. Lehen solairuan, familiaren logelak eta bainugelak zeuden. Azkenik, teilatupean, langileen gelak eta bestelako biltegiak ipini zituen.

Arkitektoak erabat apaindu zituen gela guztiak: luxuzko zurak erabili zituen paneleztatu, ate, zokalo eta zoruetarako; hormen goiko aldea oihal tolestuz estali zuen, eta sabaietan igeltsuzko apaingarriak erabili zituen. Bainu modernoak eta tximinia arranditsuak diseinatu zituen. Estilo neorromanikoko kapera bat eraiki zuen, eta, lorategira irteteko, azuleju apaingarriz estalitako galeria bat atondu zuen.

Lorategian, hainbat espezietako 652 zuhaitz eta ehun zuhaixka daude. Nemesio Mogrobejoren eskultura bat eta Valentin DueƱasen beste bat ipini zituen, Kixoteren eszenekin apaindutako lau banku, erdian urmael handi bat, eta pitxer handiz errematatutako harrizko balaustrada bat. Hasieran, zazpi hektareako eremua betetzen zuen, baina, zenbait desjabetze direla medio, gaur egun nabarmen txikiagoa da lorategia.

Munoa jauregia