“Zinemara joatea familia osoak elkarrekin egiten zuen plana izaten zen”

Zinema aretoen bilakaera gertutik bizi izan du Klari Galdosek. Joan den mendearen erdialdean Etxebarrin egon zen aretoa kudeatu zuen haren familiak. Hark, aldiz, irakaskuntzan eta euskararen aldeko lanean igaro ditu urteak.

Zihara Jainaga Larrinaga

Herriko zinema bat izan zuen Etxebarrik 1950 eta 1970. hamarkaden artean. Klari Galdosen (Basauri, 1954) aitak, osabak eta lehengusu batek abiatu eta kudeatu zuten. Egun errepide bat dago zinema zegoen orubean, baina alboko eraikinean zinemaren arrastoak ikus daitezke. Bertan jarri du Klari Galdosek hitzordua. Hark dioenez, galdu egin da herriko zinemen giroa. Matematikaria eta irakaslea da ogibidez. Telebistaren eraginaren ondorioz Etxebarri Zinemak ateak itxi zituenean, ez zuen familiakoen lekukoa hartu, eta unibertsitatean aritu da erretiroa hartu arte. Aurrez, gau eskoletan euskara irakasten ibilitakoa bada.

Etxebarriko leku berezi honetan jarri duzu elkarrizketarako hitzordua: zinema aretoa egon zen tokian. Zein oroitzapen dituzu?

Txikitako oroipen nahikotxo. Gurasoek osabarekin eta lehengusu batekin herrian zinema areto bat sortzeko ideia izan, eta Etxebarri Zinema gauzatu zuten. Txikitan asteburu guztietan etortzen ginen. Basaurin bizi ginen, eta hona etortzen ginen arratsalde-pasa.

Zinema 1950eko hamarkadakoa da, eta zu 1954an jaio zinen. Esan daiteke nahitaez zaletu zinela zinemara?

Hala da. Txikiak ginenetik ibiltzen ginen zinema inguruan bueltaka. Gogorapen politak ditut.

Haur bat zinen zinema aretoa sortu zutenean, baina, agian, gurasoek kontatuko zizuten. Nola sortu zen aretoa?

Ez dakit askorik. Aretoa eta biok urte berean jaio ginela esango nuke, edo, agian, ni jaio eta urte gutxi batzuetara jaio zen hura, baina ez nago guztiz ziur. Basaurin zinema areto asko zeuden, baina Etxebarrin ez zegoen aurrekaririk, eta uste dut hor ikusi zutela bazegoela zeregin bat edo gabezia bat. Orduan, animatu egin ziren.

Aita, osaba eta lehengusu bat arduratzen ziren aretoaz. Zuen etxean zinema gaiez asko hitz egiten zen?

Gerora, bai; gerora asko hitz egiten zen zinemaz. Nik hori dut gogoan, baita zaletu gintuztela ere. Baina zinema aretoa zabalik egon zen urteetan haurra nintzen, eta ez naiz gogoratzen.

Garai hartako zinemak Cinema Paradiso pelikulan azaltzen direnekin alderatu ohi dira. Bazuen antzekotasunik? Nolakoa zen Etxebarriko aretoa?

Oso handia iruditzen zitzaidan; sarrera nahiko majoa zeukan. Bi solairu zituen; solairu bakoitzean, areto bat. Beheko aldea nahiko zabala zen. Kanpoko aldean, ezkerraldean, eskailera batzuk zeuden. Eskailera horiek igo, eta goiko solairura, oilategira, heltzen zinen.

Nola funtzionatzen zuen?

Ostegunero, larunbatero eta igandero zeuden saioak. Hori da, behintzat, nik gogoan dudana. Hasieran, agian, gehiago zeuden. Helduago nintzela konturatu nintzen saio jarraituak zirela. Igande batean, adibidez, 16:30ean sartzen ziren ikusleak aretora, eta arratsalde osoa egoten ziren bertan; pelikula bera behin eta berriz ikusten zuten. Batzuk emanaldiaren erdian sartzen ziren, amaiera ikusi eta berriz hasieratik hasten ziren. Pipak, kakahueteak eta denetarik jaten zen orduan.

Nolako pelikulak ematen zituzten?

Denetarikoak. Kontatu izan didate lehenengo pelikula Andre de Tothen Springfield Rifle izan zela. Giovanni Roccardiren Africa sotto i mari ere eskaini zuten. Horiek nik ez ditut gogoan. Baina, adibidez, David Leanen Doctor Zhivago gogoratzen dut. Gazte nintzela ikusi nuen. Western estiloko asko zeuden. Horrez gain, Marisolen, Rocio Durcalen edota Antonio Molinaren ikuskizunetara San Antonio auzoko jende pila bat etortzen zen.

Harrera ona zuen aretoak herrian?

Bai. Herriko areto bakarra zen, eta jendea etortzen zen. Hala, arratsalde-pasa egiteko baliatzen zuten. Aitzakia bat zen.

Zertan desberdintzen zen Etxebarri Zinema egungo zinema aretoetatik?

Lehen, familia osoak joaten ziren zinemara; zinemara joatea familia osoak elkarrekin egiten zuen plana izaten zen. Asteko momentu esanguratsu bat zen; asteburuetan, nagusiki. Orain, aldiz, jendea bakarrik joaten da; bertara joan, pelikula ikusi eta buelta. Beste era batera kontsumitzen da zinema gaur egun.

Filmez gain, bestelako kultur ekitaldirik egiten zen aretoan?

Denetarik antolatzen genuen. Garai haietarako, nire ustez, garrantzitsuak ziren jaialdiak egiten ziren. Euskarazko jaialdiak: Argoitia anaiak, Ondarroako Beti Alai taldea, Maite Idirin, Estitxu eta beste hainbat igaro ziren aretotik. Horrez gain, herriko Beti Batera gazte taldeak antzerki emanaldiak eskaintzen zituen. Ez zegoen beste lekurik hori egiteko.

KLARI GALDOS

Mendizaletasuna. Munduan zehar hainbat mendi garrantzitsu igo ditu Klari Galdosek. Irudian, eskuinera, Kilimanjaroko Uhuru Peak gailurrean ageri da, 1990. urtean, Etxebarriko banderarekin.

Ez zuen luze iraun. Sortu eta hogei urtera zarratu zenuten. Nolako bilakaera izan zuen?

Hasierako urteak oso politak izan ziren. Baina, denborak aurrera egin ahala, gero eta jende gutxiago joaten zen Etxebarri Zinemara, eta, azkenean, aretoa behin betirako ixtea erabaki zuten. Nire ustez, telebistak eragin handia izan zuen garai hartan. Kontsumitzeko moduak aldatu egin ziren. Garai hartako areto askori gertatutako fenomenoa izan zen, zoritxarrez. Ez zen soilik Etxebarriko kontua; Basaurin ere hainbeste areto egon ziren, eta, geldiro-geldiro, desagertuz joan ziren.

Gaur egun ere antzeko joera dago. Plataformek telesailak eskaintzen dituzten neurri berean, zinema aretoetara gero eta jende gutxiago joaten da.

Zinema oraindik ere mantentzen da. Basauriko Sozial Antzokira joaten gara sarritan, eta, batzuetan, dozena bat lagun soilik egoten gara, nahiz eta pelikula onak izan.

Zuk 20 urte inguru zenituen zuen aretoak ateak itxi zituenean. Ez zenuen planteatu gurasoen lekukoa hartzea hura saihesteko?

Ez. Oso gaztea nintzen, eta unibertsitaterako bidea hartua nuen.

Zergatik?

Batetik, gaztea nintzelako, eta, bestetik, negozioa ere ez zegoen oso goian. Argi zegoen gutxika beheraka zihoala. Arrakastatsuagoa balitz, agian, baina neba-arrebok gazteak ginen.

Zuk Matematika ikasketak egitea erabaki zenuen unibertsitatean.

Beti gustatu izan zait matematika, eta irakastea, beste guztiei azalpenak ematea.

Hain zuzen, 1970eko hamarkadan, zinemaren azken urteetan, euskara irakasten ere aritu zinen gau eskoletan.

Borondatezko kontu bat izan zen. Dena erdaraz ikasi behar izan genuen, baina unibertsitatean bertan alfabetatu ginen. Hor hasi ginen euskarazko klaseak hartzen.

Hartu eta eman, ia aldi berean egin zenuen.

Etxetik euskara bagenekien, euskaraz ondo egiten genuen, baina alfabetatzea behar genuen, titulua lortu ahal izateko.

Zer giro zegoen gau eskoletan?

Oraindik jende gutxi zegoen. Baina jendea pozik etortzen zen euskara ikastera. Gogoan dut euskaraz hitz egiten ikasi nahi zuten pertsonak gustura zetozela. Ahalegin handia egiten zuten.

Udalak, aldiz, ez zuen asko lagundu.

Ezer ere ez. Elizan hasi ginen, parrokian eta bertako lokaletan. Itxialdi bat ere egin genuen lokalak lortzeko. Herritarren aldetik gogo handia zegoen euskara ikasteko.

Hego Uriben euskararen erabilera ez da handia.

Ez, baina gero konturatzen zara bertako zein etorritako jende asko dagoela euskara dakiena. Gure garaian egon bazegoen jende euskalduna, baina ez zuten euskaraz egiten. Euskara etxean egiten zen, eta gutxi. Askoz beranduago konturatzen zinen zure lagunak ere euskaltzaleak zirela.

Euskaraldian aktiboki aritzen zara. Nola ikusten duzu egoera?

Orain beste mota bateko beharrek bultzatzen dituzte pertsonak euskara ikastera, tituluak behar dituztelako. Euskaldunak gehiago dira, eta horrek pozten zaitu, baina, sarritan, haurrekin euskaraz egin arren, beraien artean ez dute egiten. Pena ematen dit. Baliabideak eman beharko lirateke gazteek eskolaz kanpo ere euskaraz jarrai dezaten.