Amaia Igartua Aristondo
Kolore primarioen nahasketa deigarri bat, eta figura geometrikoak. Bilboko San Antongo zubi azpiko tunela apaintzeko deialdi bat antolatu du BBK Kunak, eta Zuhir Ujaa artistaren (Midelt, Maroko, 1999) proposamena gailendu da, haren “freskotasunagatik eta harmoniagatik”, hain justu, epaimahaikideen arabera. Amiarteko dozena bat kideren laguntzarekin mamitu du diseinua Ujaak —egoera zailetan daudenei laguntzen dien sorkuntza tailer bat da Amiarte—. Yassin Qarai lagunak itzuli ditu haren hitzak, amazigeratik.
Zergatik joan zinen Mideltetik?
Nire egoera hobetzeko. Egoera txarrean nengoen, han ez bainuen aukerarik. Lan bat topatzeko alde egin nuen, eta familiari lagundu ahal izateko.
Nolakoa izan zen honainoko bidea?
Aurrena, Marokotik Turkiara joan nintzen. Eta Turkiatik hona, oinez egin nuen bide osoa, hiru hilabetean: Grezia, Mazedonia, Serbia, Hungaria, Austria, Suitza eta Frantzia zeharkatu nituen. Hona etortzea zen nire asmoa, entzunda baineukan hemen elkarte asko daudela laguntza ematen dutenak. Zazpi hilabete dira heldu nintzela. Lagun batekin batera joan nintzen Mideltetik, baina lagunak Madrilera jo zuen.
Nolakoa izan zen harrera? Zerekin egin zenuen topo? Hasieratik kalean lo egin behar izan zenuen?
Bai, lehen egunean jada kalean egin behar izan nuen lo. Lehenik eta behin, saiatu nintzen eskola bat topatzen gaztelania ikasteko, hemen errotzeko, hemengo jendearekin hitz egin ahal izateko. Eta behin, Begorekin [Intxaustegi, Amiarteko presidentea] lanean hogei urte zeramatzan gazte bat hurbildu zitzaidan. Bego ezagutu nuen, eta hark lagundu zidan hainbat kontutan, hala nola hizkuntzarekin.
Noiz piztu zitzaizun pinturaren gaineko interesa?
Gazte nintzela; 17 urterekin, gutxi gorabehera. Artearen munduak interesa piztu zidan, oro har. Baina Marokon etxeak baino ez nituen pintatu. Ezin izan nituen pintura eskolak hartu. Eskola guztiak pribatuak ziren; diru asko ordaindu behar nuen, eta familiaren egoerak ez zuen modurik ematen horretarako. Hemen hasi naiz eskolak hartzen, Begorekin. Eta Guggenheim museoa bisitatu dut, eta Amiartera bisitan etorri zaizkigun artista batzuk ezagutu: Kepa Junkera, Luis Cañada poeta…
Muralak interesatzen zaizkizu, batez ere?
Bai, kaleko artea, oro har. Etxeak pintatzea ere gustatzen zitzaidan. Eta, aukera emango balidate, beste bide batzuetatik ere joko nuke. Jarraitu nahi dut pintatzen, baina, paperik gabe, ezingo dut asko aurreratu. Izan ere, lan bila bazoaz, esaterako, lehenik eta behin paperak eskatzen dizkizute. Kurtsoak egin behar ditugu, praktikak egin ahal izateko, eta hortik kontratu bat lortzeko. Horretan ahalegintzen gara.
Nola diseinatu duzu murala?
Gustuko dut kolore ezberdin asko erabiltzea, pintura hornituta ikus dadin; eta, batez ere, figura geometrikoak pintatzen ditut.
Ekainaren 1etik 14ra bitartean, murala pintatzen ibili zarete. Nola joan da lana?
Apur bat kostatu zaigu, hezetasun handiagatik eta itzalagatik. Baina, bestela, oso ondo joan da: bakoitzak bere ideiak garatu ditu, eta denek egin dituzte ekarpenak. Gainera, jendea paretik igarotzen zen, agurtzen gintuzten, animatu, gosaria ekarri… Bilbon, jendeak gustuko du artea.
Artearen munduan jarraitu nahi duzu, ezta?
Bai. Orain, sariarekin gela bat alokatu nahi dut, kalean lo egiteari uzteko eta ikasteko leku on bat edukitzeko.