Inbertsio publikoa, onura pribatua

Alaitz ArgandoƱa Oteiza

Tourraren lehen etapa Bilbon hasteko xehetasunak amaitzen ari dira. Makro ekitaldi berri bat hiri honentzat. Bere hiritarren bizitza betikoen mesederako baldintzatua izatera tristeki ohituta dago.

Azken urteotan, hainbat ekitaldi egin dira hirian, erakundeek onuragarritzat saldutakoak. Horien ondorioak herritarrek pairatzen dituzte; ustezko onurak, berriz, ostalari handiek eta makroenpresek banatzen dituzte. Berriz ere, diru publikoa inbertituko da etekin pribaturako.

Espazio publikoa enpresa pribatu baten zerbitzura jarriko da. Trafikoa desbideratu egingo da, garraio publikoa aldatu… Forofo ugari etortzeak zarata areagotzea ekarriko du, bizilagunen atsedena eragotziko du, eta lan bikoitza izango da gure garbiketa zerbitzurako.

Boluntarioen kanpainak nire alarma seinalea aktibatu du, ez baita ulergarria enpresa pribatu batek langile boluntarioak eskatzea. Gainera, ez dakigu langile horiek zein baldintzatan lan egingo duten. Nire ustez, boluntario horien eta ekitaldian lan egingo duten gainontzeko langileen lanaren gainbegiratze instituzional batek planifikatuta egon beharko luke, ezin baita esplotaziorik eta prekaritaterik onartu erakunde publikoen babespean.

Azken urteotan, horrelako ekimenak babesten dituen hiri ereduak turistifikazioa ekarri du, zeinetan ostalaritzaren eta hotelen prezioak igo dira, zerbitzarien eta garbitzaileen soldatak lotsagarriak diren bitartean. Lokalen prezioen igoerak tokiko merkataritza ixtea ekarri du; alokairuarenak, beste aldetik, kaleratzeak ekarri ditu, eta ordaindu ezin dituzten gazteek auzoak uztea.

Duela gutxi onartutako Espainiako Etxebizitza Legea betetzeko interes handirik ez dutela ematen duten erakundeen utzikeria ikusita, bizilagunek bat egin dute konponbideak bilatzeko: esate baterako, Bilboko Zazpikaleetan gida bat atera dute komunitateetan pisu turistikoak sortzea mugatzeko. Horretarako hiru urrats egin beharko dira. Lehenik eta behin, jabeen bilerarako deialdia egin behar da, eta gai zerrendan etxebizitza alokairu turistiko gisa erabiltzea debekatzeko bozketa jaso behar da. Neurria onartzeko, jabe guztien hiru bostenen aldeko botoa beharko da, jabe horiek partaidetza kuoten hiru bostenak ordezkatzen badituzte. Eta, azkenik, akordioa Jabetza Erregistroan erregistratu beharko da.

Eragile askok lasterketak izango duen oihartzun mediatikoa baliatuko dute beren aldarrikapenen berri emateko. Oraingoz, badirudi itzulkin ekonomiko horren onurak jasoko dituzten bakarrak ertzain asindikatuak direla: mila eurotik gorako soldata igoera eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Hori dela eta, gogoraraztekoa da txirrindulariren batek min hartzen badu Osakidetzako profesionalek arreta emango diotela ahuldutako osasun publikoan, non garbitzaileek azpikontratatuta jarraitzen duten, baldintza kaskarretan.