Ibai Maruri Bilbao
Joan den udazkenean jaio zen Bizkaia Gara egitasmoa, Boluntaren lekukoa hartu eta Bizkaian boluntariotza sarea indartzeko. Domekan, Bizkaia Gara eguna egingo dute, lehen aldiz: Urkiolan dauden hondakinak biltzera deitu dituzte bizkaitarrak. “Gure asmoa da urtero Bizkaia Gara egun bat ospatzea”, adierazi du Bizkaia Gara-ko koordinatzaile Leire Ortiz de Zaratek. Aurten ingurumenari lotutako ekintza bat egitea erabaki dute, baina datozen urteetan gaia aldatuz joango da, Bizkaian ikusiko dituzten gizarte mailako beharren arabera. “Eragileekin adostuko ditugu zein diren hurrengo aldietako egitasmoak. Urtero identifikatuko dugu Bizkaian dagoen premia bat, eta gizartea aktibatzen ahaleginduko gara, horri erantzun bat emateko”.
Bizkaia Gara eguna beti ekaineko bigarren asteburuan izatea erabaki dute. Ingurumenaren Munduko Eguna izan zen joan den astelehenean, NBEk hala izendatuta duelako. Baina hori ez da izan lehen aldi honetarako ingurumenari lotutako egitasmo bat egitea erabakitzeko arrazoi nagusia. “Gure gizartean dagoen premietako bat da. Pertsona, agente eta kolektibo guztiei dei egin behar diegu; esan behar diegu ingurumena zaintzeko neurririk hartzen ez badugu, okerrera egingo duela egoerak”.
Bizkaia Gara-ko koordinatzaileak uste du jendea hasi dela kontzientzia hartzen, baina iruditzen zaio oraindik “asko” falta dela. Esaterako, txarretsi du mendira joatekoan, sarritan, hondakinak han botatzen direla. “Askotan sortzen dugun zaborra naturan uzten dugu, eta horrek ondorioak ditu ekosistemetan”. Urkiolako parke naturalak ere agertu izan du kezka hori. 2021eko urtarrileko elurtean bizkaitarrez lepo bete ziren inguru haiek; Urkiolako parketxekoek salatu zuten dena hondakinez beteta utzi zutela, eta haiek biltzera joateko deia egin zuten orduan. Etziko jarduera horrelakoak saihesten laguntzeko bultzadatxo bat izan daitekeela uste du Ortiz de Zaratek. Azken batean, kontzientzia sortzea da Bizkaia Gara egunaren helburua. Horregatik, etzikoa ez da bakarrik izango zaborra biltze huts bat.
Urkiolako santutegi atzean egongo da Bizkaia Gara gunea. 10:00etan hasiko dute eguna, eta 15:00etara arte luzatuko da. “Han egingo diegu harrera parte hartzaileei, eta hiru talde handitan banatuko gara, prestatu ditugun hiru ibilbideetara joateko”. Bata hiru gurutzeen begiratokirantz abiatuko da; bestea, kontrako norabidean, iturrietarantz; eta hirugarrena, Urkiolamendirantz igoko da. Azkenak malda duen arren, hirurak ere edonork egiteko errazak direla nabarmendu du; baita umeek ere. Ingurumen interpretazio arloko profesional bat joango da talde bakoitzarekin, eta naturari eta haren zaintzari lotutako azalpenak emango dizkiete boluntarioei. 10:45etik 12:30era bitartean egingo dute bilketa. Behin bukatuta, abiapuntura itzuliko dira, eta hondakinak sailkatuko dituzte. Gainera, tailerrak eta musika izango dituzte, ingurumenarekin eta haren zainketarekin lotuta. Esaterako, Trakamatraka taldekoek ikuskizun bat egingo dute, birziklatutako musika tresnekin. “Kontzientzia sortzeaz eta ikasteaz gain, ondo pasatzea eta ospatzea ere badira gure helburuak”.
Bihar arte dago Bizkaia Gara-ren web orrian izena emateko aukera; halere, Ortiz de Zaratek esan du domekan han agertuko diren denak izango direla ondo etorriak, nahiz eta aurrez jakinarazi ez. Dena den, azaldu du antolatzeko hobe dela jakitea zenbat izango diren. Zalantzak argitzeko telefono zenbaki bat eta helbide elektroniko bat ipini dituzte: 94-4161511 eta eguna@bizkaiagara.eus. Autoz joan daiteke Urkiolara, baina aparkatzeko zailtasunak egon daitezke, eta ez da aukerarik jasangarriena. Horregatik, autobus zerbitzua ipiniko dute Durangotik: Landako etorbideko autobus geltokitik irtengo dira, 09:30ean.
Bizkaia, “solidarioa”
Bizkaia Gara-k azarotik egin duen ibilbidearen balantze ona egin du Ortiz de Zaratek. Iruditzen zaio Bizkaiko gizartea “oso aktiboa” dela; “parte hartzailea eta solidarioa”. Baina esan du sarri nork bere kasa jarduten duela. “Batzuetan gertatzen da egiten dugula lan gure kolektibo kanpoko beste batekin, elkarlanean ibilita gehiago lor dezakegula konturatu gabe”. Gizartean dauden erronkei guztien artean erantzuteak duen garrantzia azpimarratu du, mota askotako aliantzak sortuta. “Gure eginkizuna da agente guztien artean sare bat sortzea”.
Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara: Bizkaiagara.eus