“Itzen memoria batu nahi izan dugu, guztiz desagertu aurretik”

“Itzen memoria batu nahi izan dugu, guztiz desagertu aurretik”

Mikel Garcia Martikorena

Urdaibaiko itsasadarraren magalean dauden bost udalek indarrak batu dituzte —Busturiak, Foruak, Gautegiz Arteagak, Kortezubik eta Muruetak—, eta, Aranzadi zientzia elkartearekin batera, Itzak, Urdaibaiko kultur paisaia liburua argitaratu dute. Eneko Iriartek eta Josu Narbartek (Irun, Gipuzkoa, 1992) 2019 eta 2020 bitartean egindako ikerketa batean oinarritua dago liburua. Haiek idatzi dute. Narbartek dio liburuaren helburua dela “ikuspegi orokor bat” ematea “Urdaibaiko itsasadarreko paisaia kulturalaren eraldaketa historikoari buruz”.

Zer du berezia Urdaibaiko paisaiak?

Euskal kostan, industrializatu eta urbanizatu egin dira padurak dituzten paisaiak. Beste hainbat itsasadarretan —Muskizen, esaterako—, Urdaibain egun dagoen paisaia zegoen duela 50 urtera arte, baina, gaur egun, guztiz ordezkatu ditu Petronorren findegiak.

Urdaibairen berezitasuna da industrializazioak eta urbanizazioak ez dutela hainbesteko eraginik izan. Horri esker, hobeto mantendu dira industria aurreko paisaia horiek. 1980ko hamarkadatik, Urdaibai biosferaren erreserba izendatu zenetik, bizimoduetan aldaketa batzuk gertatu dira. Baserrietako paisaiaren bizimodu tradizionala —hau da, nekazaritza eta abeltzaintza— abandonatzen hasi ziren, eta paisaia horiek degradatzen hasi ziren.

Zer ekarri du biosferaren erreserbak?

Biosferaren erreserba izendatzeak berekin ekarri zuen paisaia horiek uztea —baserrien bizimoduarekin lotutako paisaiak—. Ez dira ondorio txarrak, baizik eta aldaketak. Biosferaren erreserbak ekosistema leheneratu du Urdaibain. Padura eta muna horiek galduta zeuden nekazaritza eta abeltzaintza jardueren ondorioz. Hortaz, zera behar da ekosistemok leheneratzeko: espazio horiek uztea. Nekazaritzako eremuak desagertzearekin eta padurak leheneratzearekin batera, antzinako polder-ak [itzak] desagertuz joan dira. Alde batetik, oinarrizko egitura nolabait kontserbatu duen paisaia dugu. Bestetik, biosferaren erreserbak abiatutako paduren leheneratzeak eragiten du aztarna horiek gero eta ahulago, gero eta higatuago gelditzea. Itzen memoria batu nahi izan dugu, guztiz desagertu aurretik.

Zer alde dago gaur egungo eta antzinako paisaiaren artean?

Azaleko irudia ez da ausaz hautatu: Gautegiz Arteaga da. Oso argi ikusten da nola dauden padurak, garai batean itzak izandakoak, ezin dira nekazaritzarako erabili. Halere, argazkian mantendu den itz bat ikus daiteke. Garai batean horrelakoa zen dena: ez zegoen padurarik, eta, itzei esker, lursail guztiak nekazaritzarako soroak ziren. Kartografia bi egin ditugu, gaur egungo egoera eta lehen zegoena alderatu ahal izateko.

Zer-nolako harremana zegoen antzina padurekin?

Itzak sartu ziren arte, padurak eremu komunalak ziren. Herriak eta baserriak urez betetzen ez ziren eremuetan kokatzen ziren, eta baserri horiek azpian zeuden padurak erabiltzen zituzten arrantzarako, ehizarako, ongarria egiteko elementuak biltzeko, itsas errotak eraikitzeko —Urdaibain zazpi egin zituzten XVII. mendetik aurrera—…

Zer gertatu zen inguruan itzak heldu zirenean?

XVIII. mendetik aurrera, aldaketa handiak etorri ziren. Urdaibain artoak berebiziko garrantzia izan zuen, oso ondo egokitu baitzen Euskal Herrira. Baina hezetasuna behar du landatu ahal izateko; hortaz, paduretan itzak eratuz, artoarentzako gune bikainak lortzen ziren. Gero, desamortizazioa etorri zen, eta lur berriak zituzten horiek nekazaritza intentsiboaren alde egin zuten, padurak lehortuz. XIX. mendearen erdirako, itsasadarra itzez beterik zegoen. Hainbat lekutan urbanizatzeko erabili zituzten itzak: Abando auzoa eta Petronor.

Muna eta paduretan jarri duzue arreta. Zergatik?

Euskal Herriko edozein paisaia kulturalek Erdi Aroan izan ohi du jatorria. Baina egia da Aro Modernoan aldaketa nabarmenak egon zirela. Aldaketa gehien ekarri zuen faktorea Ameriketako kolonialismoa izan zen: elikagai berrien sarrera, merkataritza bide berriak egonkortzea, globalizazio txiki bat egotea eta hazkunde demografiko eta ekonomikoa, besteak beste. Egun tradizionaltzat jotzen ditugun paisaiak faktore horien guztien menpe sortuak dira. Urdaibain, bilakaera horretan faktore erabakigarria izan zen paduren kolonizazioa. Horregatik, uste genuen diskurtso zabalago baten barruan protagonismo berezia behar zuten faktoreak zirela.

Urdaibaiko Guggenheimek zer eragin izango luke paduretan?

Egitasmo hori alde batera utzita zegoela zirudienean egin genuen ikerketa hau. Hezeguneen inguruan eztabaida dago, eta bi iritzi kontrajarri daude. Herbehereetan, itzak babesteko ingeniaritza obra oso handiak egin dituzte, itsasoaren maila igotzeak arriskua baitakar. Bestalde, Frantzia bezalako herrialdeak daude. Horiek itzen birnaturalizazioa defendatzen dute. Izan ere, padurak biodibertsitatearen gordailuak dira, eta karbonoa bahitzeko eremu oso eraginkorrak. Horregatik, berotegi efektuari aurre egiteko, paduren aldeko apustua egiten dute.

Zer egingo dute, hortaz, Guggenheimen kasuan?

Urdaibaiko Guggenheimen inguruan erabaki behar dutenek kontuan izan behar dituzte bi ildoak. Egitasmoa oraindik ez da argitaratu; beraz, ez naiz ausartzen esatera zer ondorio izan ditzakeen. Halere, Guggenheim Urdaibain egitea ez dator bat azken hamarkadetan hango padurak leheneratzeko egindako lanekin. Ikerketa askok diote datozen hamarkadetan hezeguneetan bizi direnek aldaketak pairatuko dituztela. Zientzialari bezala, gure eginkizuna da datuak biltzea, testuinguruan kokatzea eta gizarteari eskaintzea.