Mikel Garcia Martikorena
Aberria atzean utzi eta “munduko beste puntara” joatea, ezagutzen ez dituen “kultura, hizkuntza eta ohitura” berrietara egokitzea ez da “erraza inorentzat”, eta are gutxiago haur batentzat, Celia Rubio Jimenez Basauriko San Migel auzoan dagoen Sofia Taramona ikastetxe publikoko irakasleak dioenez. Zailtasun horien jakitun egonik, Rubiok eta Ixone Aierdi Gillartek —eskolako Lehen Hezkuntzako 4. mailako irakasleak dira— integrazioarekin lotutako diziplinarteko proiektu bat aurrera eramatea erabaki dute atzerritik datozen ikasleei “ahalik eta harrera goxoena ziurtatzeko”: harrera gida.
“Azken urteetan, atzerritik familia asko heldu dira San Migelera. Hortaz, geroz eta ikasle atzerritar gehiago dauzkagu eskolan, eta horiei ongietorri egokia egiteko beharra ikusi genuen”, esan du Rubiok. Guztira, 26 herrialdetako ikasleak daude Sofia Taramonan: Euskal Herrikoak, Espainiakoak, Marokokoak, Georgiakoak eta Errumaniakoak, besteak beste. Ikasleekin migrazioaren gaia jorratzen hasi ziren irakasleak, eta eskolako familien beharrak ezagutu eta klasean jorratu ahal izateko galdetegia banatu zuten familien artean. Bertatik atera duten ondorio nagusia da informazioa dela familia migranteek duten beharrik handiena Euskal Herrira etortzerakoan.
Hori dela eta, harrera gida egitea otu zitzaien irakasleei, “betiere haurren ikuspuntutik”, Rubiok gaineratu duenez: “Haur batek hona datorrenean zer behar dituen pentsatu genuen, eta haiekin horiek jorratu ditugu azken hiruhilekoan”. Hasieran, 26 herrialdeetakoekin egitea zuten buruan, baina, herri bakoitzaren ohitura, geografia eta historiaren inguruan ikertu nahi zutenez, laugarren mailan ikasten ari diren ikasleen herrialdeetara mugatzea erabaki dute.
Ingurua ezagutu
Harrera gidak hainbat gai jorratzen ditu, San Migelgo auzoaren informazio orokorretik hasi eta euskararen garrantzia azpimarratzeraino. Aierdik dioenez, proiektua aurrera eramaterakoan, ikasleak “haien inguruan duten errealitateaz jabetzea” izan da helburu nagusia. Bestetik, dioenez, eskolan eta herrian aniztasun kultural “handia” dago gaur egun, eta horrek “aberastasuna” ematen die haiei: “Ikasleei helarazi nahi izan diegu migratzaileak datozenean behar batzuk dituztela, baina guri ekarpenak ere egiten dizkigutela”.
Rubioren ustez, proiektuaren ekarpenik handienak “kontzientziazioa” eta immigrazioaren inguruko “sentsibilizazioa” dira. Irakasleak adierazi du familiek proiektua “onuragarritzat” hartu dutela hasiera-hasieratik. Azaldu duenez, beste herrialdeen inguruko ezaugarriak ikasteaz gain —klima, geografia, ohiturak, janaria edota janzkerak, esaterako—, Euskal Herria “hobeto” ezagutzeko aukera eman die gidak ikasleei. Rubioren aburuz, euskaldunek Euskal Herriko errealitatea kontatu eta transmititzeko “ardura” dute, eta ikasleek hori egin dute gidarekin.
Euskal Herria izan dute jomuga; baina, batez ere, San Migel eta Basauri. Horregatik, eta atzerritik etorritako ikasleek helarazi zizkieten kezkak kontuan izanda, herrian eskura dauden garraiobide aukerak edo osasun zentroak bildu dituzte gidan. Hala ere, Rubiok azaldu duenaren arabera, aisialdian jarri dute arreta, bereziki: “Eskolaz kanpoko ekintzak nahitaezkoak dira umeentzat herrian murgildu ahal izateko”.
Ikasleek 10 urte inguru dituzte, eta migrazio arrazoiak eta antzeko gai “konplexuak” jorratu dituzte. Dena den, Aierdik dio ulertzeko gai izan direla. Irakasleak gaineratu du haien herriaren eta klasekideen jatorriaren inguruan lan egiteak “motibatu” dituela ikasleak lan egitera. Horrela, jatorriaren araberako kopuruekin matematikak jorratu dituzte, eta Euskal Herriko historia edo hainbat herrialdetako klimak bilatzerakoan horien inguruko ezaugarriak ikasteko balio izan die proiektuak.