Ibai Maruri Bilbao
Bandoen arteko desoreka “nabarmena” zen, Aitor Miñambres Berangoko Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoko zuzendariaren esanetan. 1937ko maiatzean, Burdin Hesia defendatzeko, Eusko Gudarosteak 10.500 gudari eta miliziano zituen —Asturiasko (Espainia) bi batailoi barne—, hogei kanoi eta hegazkinik ez. Frankisten aldean, ostera, Nafarroako hiru batailoi zeuden (12.000 soldadu), 180 kanoi eta Alemaniako Kondor Legioaren 110 hegazkin. Baldintza horietan, ekainaren 11n eta 12an erraz lortu zuten defentsa lerroa haustea: lehenengo Urkulu mendian, eta, gero, Urrustitik Gaztelumendira arteko tartean. Gaurtik domekara, duela 86 urteko egun haiek gogoratuko dituzte Gamiz-Fikan.
Besteak beste, gaur berbaldi sorta bat egingo dute Gamizko frontoian, 19:30ean hasita. Miñambresek berak 36ko gerraren nondik norakoak azalduko ditu, bereziki Burdin Hesia apurtu zeneko egun haiek nabarmenduta. Zehaztu duenez, hesia hain garatuta ez zegoen lekutik sartu ziren frankistak: “Bazekiten ez zegoela oso babestuta Larrabetzu eta Fika arteko inguru horretan, Alejandro Goikoetxea ingeniari burua bandoz aldatu zelako, eta frankistei kontatu zielako zelan eraiki zuten hesia eta zelan zegoen inguru horretan; hark, apropos, boikota egin zion obrari inguru horretan”.
Orbela elkarteko Iratxe Uriguenek liburu bat ondu du Gamizko eta Fikako herritarren artean bildutako lekukotzekin, eta horren berri ere emango du gaur iluntzeko saioan. Gogora institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok izango du ekitaldia zabaltzeko ardura. Mella familiaren kasua kontatuko du, eta zelan haien lursailetan lurperatuta zegoen gudari baten gorpuzkiak topatu zituzten: Patxi Jaka Bikandi zen. Miñambresek esan duenez, seguruenik Jaka Bikandi familia eta Lander Mella ere berbaldian egongo dira.
Ez da erraza jakiten zenbat hildako eragin zituen eraso hark, Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoko zuzendariaren arabera. Haren esanetan, faktore batzuek eragozten dute kopuru zehatza jakitea: “Batetik, egun nahasiak izan ziren, eta ez zen hildakoen jarraipenik egin. Bestetik, hainbat operazio zeuden aldi berean; beraz, hildakoak hartu eta gero ez zuten zehazten non jaso zituzten. Azkenik, asko gero hil ziren, ospitalean”.
Eusko Gudarosteak 7.500 hildako izan zituen kanpaina osoan. Kopuru handia da. Horretaz ohartzen laguntzeko, Miñambresek beste gerra batzuetakoekin alderatu du datua. Garai bertsuan, II. Mundu Gerrako urte bakoitzean soldaduen %10 hil ziren. 36ko gerran, Eusko Gudarosteak kideen %15 galtzen zituen urtero. “Argi dago zer krudelak izan ziren borroka haiek, eta, neurri handi batean, bi bandoen arteko desorekak eragin zituen”.
Eperlandako lubakiak
1937ko ekainaren 12an hautsi zuten Burdin Hesia Gaztelumendin (Larrabetzu), eguerdian. Goizean, Eperlanda II metrailadore kokagunea suntsitu zuten, Gaztelumenditik kilometro batera, Gamiz-Fikan, lurretik eta airetik egindako eraso bortitz batekin. “Parez pare, Montañealde dago, eta han zeuden frankisten kanoiak. Airetik, berriz, Italiako eta Alemaniako ehun hegazkinetik gora ibili ziren bonbardatzen”, azaldu du Iñaki Libano Edestiaurre arkeologia taldeko presidenteak. Edestiaurrekoak 2011n hasi ziren Eperlanda II kokagunean indusketa lanak egiten. Aurretik, Loba (2018) eta Eperlanda I (2019) aztertu dituzte. Gamiz-Fikako Udalak, Orbelak eta Gogora-k finantzatu dizkiete lanak. Bihar, Eperlandako lubakietara joateko aukera egongo da. Libano bera izango dute gidari. Indusketa lanak zelan egin dituzten eta zer topatu duten azalduko die bisitariei.
Etzi, berriz, 1937ko ekainera jauzi egiteko aukera izango dute Fikako plazara joango direnek. Museo bizi bat atonduko dutela esan du Miñamberesek. Lubakikoak eta Frentes de Euzkadi elkarteetakoekin batera, oroimenaren museoko kideek hainbat gune berregingo dituzte: kanpaina ospitale bat, errekrutatze zentro bat, aginte postu bat eta kanpainako sukaldea, besteak beste. Garai hartako giroa antzeztuko dute goiz osoan.
Gernika-Lumo Ospitalean hildako presoen omenez
Pipergorri kultur elkarteak Gernikako Gerra Presoen Ospitale Militarrean hil ziren 269 presoak omendu zituen zapatuan. Hildakoen senideekin batera egin zuten omenaldia, Gernika-Lumoko Zallo hilerrian, 269 izeneko oroigarriaren aurrean –goiko irudian–, han lurperatu zituzten eta. Izen-abizenak irakurri zituzten banan-banan, “izena eta izana emateko”. Lore eskaintza eta minutu bateko isilunea ere egin zituzten. Ekitaldiaren bidez, Pipergorrikoek “duintasuna” itzuli gura izan diete hildakoei eta haien senideei.