Abstentzioa irabazle

Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeen ondorengo uztailaren 23rako egindako hauteskunde deialdi berriak izandako efektu kolpeak ez du inor axolagabe utzi. Herritarrek aktiboki parte hartu nahi dute bizitza politikoan, baina benetan al daude hori egiteko baldintzak?

Hauteskundeek datu asko utzi dituzte, baina agian garrantzitsuena eta kezkagarriena abstentzioaren ehunekoa izan da. Hauteskundeak abstentzioak irabazi ditu. Herritarren ia erdia ez da bozkatzera joan, nekea eta hauteskunde sistemaren aurkako jarrera erakutsiz. Horrek eragin lezake hainbatek zalantzan jartzea lortutako emaitzen zilegitasuna. Gainera, hauteskundeen ostean, negoziazioak hasi dira, batzuetan ideologikoki koherenteak ez diren aliantzak egiteko, eta, kasu askotan, hautetsontzietan jasotakoa gutxi edo batere errespetatzen ez dutenak. Horrek are gehiago elikatzen du biztanleriak sisteman duen mesfidantza, eta hurrengo deialdian abstentzio handiagoa izango dela iragartzen du. Hautesleek jarrera ausartagoa merezi dute alderdien aldetik, herritarren botoak babesteko.

EAJren indar galera, neurri batean, mugimendu sozialaren mobilizazioen eraginagatik izan da, besteak beste, alderdia bultzatzen ari den gaur egungo eredua ez zaiola gustatzen agerian utzi baitu herritarren parte batek. Aipatzekoa da, halaber, hauteskunde garaian izan duen jarrera harroputzak eta konfrontazioak beste aukera batzuen alde egitea ekarri duela.

Bestalde, Euskal Herria Bilduk bere kanpaina hautesle berriei egokitzen jakin izan du. Klixe zaharretatik urrundu da, eta ezker abertzaleko belaunaldi berrietara hurbildu da, bere boto emaile ohiak galdu gabe. Gainera, leku batzuetan egonkortasunaren eta gobernagarritasunaren monopolioa kendu dio EAJri.

PSE-EEk hainbat udalerritan gobernua osatzeko beharrezko giltza bihurtzen duen emaitza lortu du. Zailena izango da alderdi bitasunaren betiko aurkariarekin, PPrekin, sortuko dituen aliantzak azaltzea, datozen hauteskundeei begira.

Espainiako Estatu mailan, Gorteetarako hauteskundeak aurreratzea apustu arriskutsua izan da PSOEren aldetik. Argi dago eskuinaren gorakadak herritar askorengan sor dezakeen beldurraren botoa erabiliko duela, galdutakoa berreskuratzeko. Eskuinaren gorakadak ekarriko du azken hilabeteetan onartutako lege aurrerakoi guztiak bertan behera uztea, hala nola familiarena, etxebizitzarena… Aukera galdu bat suposatuko luke, lege horiek, guztion gustukoak izan ez arren, bide egokian egindako urrats txikiak erakusten zituztelako.

Ziklo berri bat ireki da, eta alderdi bakoitzak bere koherentzia ideologikoa eta hauteskunde programetan agindutakoa gauzatzeko benetako jarrera erakutsi beharko ditu. Horrela bakarrik berreskuratuko da herritarrek alderdiengan eta sisteman duten konfiantza.