Mungian egingo dute domekan Euskal Eskola Publikoaren jaia

Mungian egingo dute domekan Euskal Eskola Publikoaren jaia

Ibai Maruri Bilbao

Jagon lelopean, Euskal Eskola Publikoaren 30. jaia egingo dute etzi, Mungian. “Gure inguruan zaindu esateko erabiltzen dugu jagon. Uste dugu garrantzitsua dela gurea jagotea, eskola publikoa gurea delako eta bizi dugun testuinguruan jagon beharrekoa dela iruditzen zaigulako”, esan du Mungiako Legarda HLHIko eta Mungiako institutuko guraso Mikel Regilek. Aspaldi hasi ziren jaia antolatzen, eta dagoeneko dena prest dute etziko.

Garraio publikoa hartu eta haienera agertzeko deia egin dute. Bizkaibusek Bilbotik Mungiarako zerbitzua indartuko duela azpimarratu du EHIGEko koordinatzaile Lurdes Imazek. Horrez gainera, autoak aparkatzeko gune bat egongo da Prado fabrika egondako inguruan, saihesbidetik herrira sartzeko azken sarbidean. Autokarabanentzako tokia, ganadu feria egiten den lekuan egongo da. “Gero eta gehiago dira bezperatik autokarabanarekin etortzen direnak”, zehaztu du Imazek. Han utzi eta jasoko dituzte beste eskola publiko batzuetakoek antolatu dituzten autobusetan etorriko direnak ere.

Mungialdeko sei eskola publikoei egokitu zaie aurten festa antolatzea. Mungian bertan dauden Mungiako institutuari eta Legardako eta Laukarizko eskolei, Bakioko Urkitza eskolari, eta Gatikako eta Laukizko eskola txikiei. Sei zentroek lan egiten dute haien arteko harremana sendotzeko, eta jaia elkarrekin antolatzeak horretarako aukera handiagoa eman die. Legardan egin zuten egitarauaren aurkezpena joan den astean, han egingo baita jaiaren hasiera ekitaldia. 50 urteurrena ospatzen ari dira aurten.

Mungiako institutuko DBHko 4. mailako Izaro Fernandezek eta Jon Espigak eta Bakioko Urkitza eskolako LHko 6. mailako Ekhi Rementeriak eta Malen Ispizuak eman zuten egitarauaren berri. Hiru gune nagusi izango ditu jaiak: Ikastetxe publikoak, Matxin plaza eta Torrebilella. Legarda, institutua eta Lanbide Heziketa zentroa dira Mungiako ikastetxe publikoak; elkarren ondoan daude, eta gune nagusia dira. Lau azpigunetan banatu dute inguru hori. Jaia bezperan hasiko da, eskoletako kirol pistan: Toc eta Trikizio taldeek kontzertu bana eskainiko dute, 18:30ean hasita.

Tailerrak eta ikuskizunak

Domekan, 11:00etan izango da irekiera ekitaldia, Legardan. Han egongo dira BERRIAren eta EITBren guneak, besteak beste. Han izango da Goazen-en ikuskizuna, 13:00etan. Institutuan, Lanbide Heziketa zentroan eta pabiloian tailerrak egongo dira, gaika antolatuta. Kirol pistan, berriz, ikuskizunak. “Goizean, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Urteak bete, abenturak bizi ikuskizuna eskainiko dute. Arratsaldean, kontzertuez gozatu ahal izango dugu: Kilimak, STR eta Oxabi taldeak izango dira”, azaldu du Espigak. STR taldeak egin du, hain zuzen, aurtengo kanta.

Mungia erdigunean egongo da bigarren gunea, Matxin plazan, Ispizuak azaldu duenez: “Adin guztientzako jarduerak izango ditugu: memoria historikoaren ibilbidea, bertso saio musikatua, Intxurtxu dantza taldearen ikuskizuna, Gora bihotzak antzerki musikala, Asago folk taldea…”. Torrebillela parkean egongo da hirugarren gunea. “Gurea familia giroko jaia denez, lasai egoteko jaia denez, berdegunean egongo da horretarako aukera”, esan du Imazek. Besteak beste, antzerkiaz gozatzeko lekua ere izango da Torrebillelako gunea.

Informazio gehiago: Euskaleskolapublikoarenjaia.eus