Izerdirik gabe, loriarik ez!

Azken egunetako euri maskalek arnasa hartzeko aukera eman diote belarrari. Abailtzen hasia da aranondoa, bere fruituek hartu berri duten pisuarekin. Gailuparen papar gorria ikusi dut haren hostotzaren artean. Betoz bazkari gogoangarriak eta hitz-aspertu amaigabeak, gerizpe ederraren abaroan.

Ohi bezala, ekainean, ekinean. Amaitzen ari dira kirol liga guztietako denboraldiak. Berdin dio zein den maila edo kirol mota: sailkapenaren aurrealdetik agertzen diren ume zein gazteek errekonozimendu publikoa jasotzen dute. Horren ondorioz, haien atzetik datozenentzako eredu bilakatzen dira. Udal aldizkarietan berehala jasotzen dute tarte bat, eta haien egoa puztu eta izarrak izatera helduko direla sinetsaraziko diete. Edozein txapelketa irabazteak lortzen dizu espazio bat, lerro batzuk, argazki bat tokiko hedabidean. Udalak Gabonetan banatuko duen egutegian hilabete bateko protagonista izan daiteke, eta, izarren pare jarrita, mutikoen jardunak gizartearen arreta bereganatzen du. Batzuetan, harrera ere egiten zaio kirolariari ikastetxean, are gehiago publikoa ez bada, bertan agertuko baita zentroari publizitatea egiten.

Abiadura berean, hurbiltzen ari da kurtso bukaera. Alderantziz, ordea, ez da inoiz gertatzen, ez dago kirol talderik partaideak emaitza akademikoengatik saritzen duenik. Ezta harrera ekitaldirik ere. Desoreka hori bereziki nabarmentzen da garai hauetan. Gizartearen jokabidea islatzen du. Askotan, irakasle eta guraso moduan, faltan izan dut akademikoki gauzak ondo egiten dituzten horientzako erreferenteak aldarrikatzea. Nabarmenagoa iruditu zait Kolitzapetik dauden institutuetan mugitu naizenean, gehiago ezagutzen baitut ingurua. Baldosa bat bazara, hiru aldiz agertuko zara udal hedabideetan: iragartzen dutenean, jartzen dutenean eta konpontzen dutenean gaizki jarrita zegoelako. Baina doktore tesia argitaratzen baduzu, ez duzu lerro bat ere merezi. Noizero doktore tesiren bat irakurtzen da Enkarterrin, baina ez dago inolako errekonozimendurik. Izerdirik gabe, ez dago loriarik!

Oinarrizko hezkuntzak pertsona baten ibilbidean daukan garrantzia eta eragina kontuan harturik aldarrikatu behar dugu arlo hori. Berehala aipatzen baita unibertsitatea, pribatua eta ordaindua denean, klase baten eskuetan dagoena, eta ez zein harrobitik atera den. Herriotan folklorikoena futbola denez, jar gaitezen futboleroak eta juliganak etapaz etapa ondo ari direnekin. Gizarterako onurak ekarriko dituztenak (medikuak, ingeniariak, psikologoak, itzultzaileak, kazetariak, eta abar) izateko prestatzen ari direnekin, gutxienez, izarren hautsaz poltsikoak bete nahi dituztenekin jartzen garen bezala.

Hausnarketa hau idatzi dut semeak Artzentalesko Eskolan, Zallako eta Balmasedako institutuetan lortu duenaz harro bezain pozik nagoelako. Baita hezkuntza publikoaren ekarpena nabarmentzekoa delako ere. Guztioi, eskerrik asko!