Turismoaren “ondorio larriak” saihesteko gida egin dute Bilbon

Turismoaren “ondorio larriak” saihesteko gida egin dute Bilbon

Mikel Garcia Martikorena

“Zarata, segurtasun falta edota izaera komunitarioaren galera” dira, Bilboko Zazpikaleetako hainbat bizilagunen arabera, etxebizitza turistikoek auzoari eragiten dizkioten kalte nagusiak. Hori dela eta, turismoaren “ondorio larriak” saihesteko gida bat zabaldu dute SOS Alde Zaharrak eta Bihotzean auzo elkarteak. Gidaren xedea da azaltzea nola mugatu etxebizitza turistikoak auzoko komunitateetan. Izan ere, auzo elkarteen iritziz, Bilboko auzoak “hiltzen” ari dira, “turisten gozamenerako parke tematiko” bihurtzen dituztelako erakunde publiko zein pribatuek. Are gehiago, Zazpikaleetako bi elkarte horiek Bilboko Udalari leporatu diote ekinbiderik martxan ez jartzea auzoen “arazo larriari” aurre egiteko.

Etxebizitza turistikoen ugaritzeak auzokideen komunitatetan arazoak eragiten dituztela diote, eta, elkarteetako bozeramaileek baieztatu dutenez, hiru pauso baino ez dira eman behar horri aurre egiten hasteko. Aurreneko pausoa da komunitateko jabeen bilerara deitzea, eta gai ordenean ezartzea etxebizitza turistikoak alokairu bezala erabiltzea debekatzeko bozketa. Bigarrenik, proposamena aurrera atera dadin, etxejabe guztien hiru bostenen aldeko botoa beharko da. Hirugarrenik, kopuru horretara helduz gero, erabakiaren ziurtagiria Jabetza Erregistroan erregistratu beharko du komunitateak.

Gida lerro horiez gain, jada etxebizitza turistikoak dituzten komunitateetan aurrera eraman daitekeen neurria proposatzen du gidak: “Jada etxebizitza turistiko bat badago, Jabetza Horizontalaren 17.12 artikuluak aukera ematen du komunitateak %20ra handitzeko etxebizitza turistikoen jabeek ordaindu beharreko gastu komunak”.

SOS Alde Zaharra eta Bihotzean auzo elkarteen ekinbidea ez da soilik gidara mugatzen. Etxebizitza turistikoak saihesteko egin beharreko urratsak bizilagunei helarazteaz gain, erabaki dute plaka informatiboak sortzea, etxebizitza turistikoak ez dituzten komunitateak saritzeko. Urdin kolorekoak dira plaka horiek, eta zuriz Pisu turistikorik gabeko komunitatea irakur daiteke. Bi elkarteen helburua da turismo mota hori saihesteko pausoa ematea erabaki duten komunitateen atarietan jartzea.

Gizartearen ekimenez

Bizilagunok egiten dugu auzoa! esaldia ere irakur daiteke plakan, hori baita Alde Zaharreko elkarteen kezka nagusia, “auzo bizi eta artikulatu bat eraikitzeko” aukerarik ez egotea luze gabe, etxebizitzak turismora bideratuz gero. Bi elkarte horiek aitortzen dute euren ekinbideak ez duela guztiz konponduko Bilbok pairatzen duen “turistifikazioaren arazoa”, baina uste dute garrantzitsua dela “bizilagunen beharrei erantzuteko urrats txikiak” egitea.

Elkarteok gizarte zibilaren ekimenaren garrantzia azpimarratu dute “erakunde publikoen pasibotasunaren” aurrean. Auzokoen artean antolatzeak “auzoen etorkizuna erabakitzeko gaitasunaz eta eskubideaz jabetzeko” balio duela uste dute.

Gaineratu dutenez, “pasibotasuna” ez da orokorturik dagoen praktika bat, Euskal Herrian “badagoen arren”. Palmako (Herrialde Katalanak) adibidea ekarri dute hizpidera: han, 2018tik pisu turistikoen alokairua debekatua dute hiri osoan. Portugal izan da neurriak hartzen azkenetarikoa; joan den otsailean hango gobernuak etxebizitza turistikoentzako lizentziak berriak ematea debekatu zuen.

Etxebizitza turistikoen aurkako gida

Zabaldutako joera

Bilboko Zazpikaleetakoen kezka ez da funtsik gabea. Izan ere, INE Espainiako Estatistika Institutuak berriki argitaratutako datuen arabera, iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 4,2 milioi bisitari izan ziren. Turistei ostatua eskaintzeko, Bizkaian ere etxebizitza turistikoen alde egin dute hainbat eta hainbat herritarrek eta etxe agentziek, eta azken urteetan igo egin da etxe mota horien kopurua; %12,8, hain zuzen, aurtengo otsaila eta 2021ekoa alderatzen badira. Estatistika institutuaren arabera, aurtengo otsailean Bizkaian 2.064 etxebizitza turistiko zeuden. Mota horretako pisuak alokatzeko erabiltzen diren hiru aplikazio erabilita lortu dituzte datuok.

Bilbon 975 etxebizitzak galarazten dute SOS Alde Zaharra eta Bihotzean auzo elkarteek nahi duten auzo eredua. Are gehiago, Bizkaiko 113 udalerrietatik hamalauk soilik ez dute etxebizitza turistikorik alokairuan gaur egun: Alonsotegik, Arakaldok, Bediak, Etxebarrik, Errigoitik, Etxebarriak, Garaik, Lanestosak, Munitibarrek, Meñakak, Muruetak, Nabarnizek, Ubidek eta Zaldibarrek. Bizkaiko beste 99 udalerrietan etxebizitza turistiko bat dago gutxienez alokairuan, INEren arabera.