Tradizio heterogeneoaren isla

Tradizio heterogeneoaren isla

Amaia Igartua Aristondo

Ez du jauregi baten edo baserri baten egitura landua, ez dago apainduta, egurren kalitatea eskasa da, eta habeak ez daude edertuta. Funtsean, teilatu bat da Lekeitioko Mendieta ontziola, beharginak eta taxutzen ari ziren itsasontzia babesteko egitura baino ez, haren zaharberritze lanetan parte hartzen ari den Mikel Landa Landa-Ochandiano estudioko arkitektoaren arabera. Baina bada ondarea ere, nabarmendu duenez. “Onak ginen itsasontzi militarrak eta komertzialak egiten, baleak arrantzatzekoak… Industria bat zegoen, eta Mendieta da tradizio horretako azken ontzioletako bat”.

Gaur egungoa 1917an sortu zen —aurretik eraikuntza txikiago bat egon zen—, eta Mendieta familiak zuen hura erabiltzeko kontzesioa. Itsasontzien kaskoak egiten ziren han —hau da, azpiko zatiak—, eta itsasgora zegoenean portura eramaten zituzten, bukatzeko. Zurezko ontzigintzaren hauspoak lantegi handiagoak eskatu zituen, eta eskakizunen arabera moldatuko zuten berria, 1990eko hamarkadaren hasieran itxi zuten arte. Aldaketa txikiak izan ziren, baina etengabekoak. “Itsasontzi luzeagoak edo zabalagoak behar baziren, zutabe bat moztu eta metro batzuk harago eroaten zuten ontzia, kabitu zedin; haren tokian beste bat jartzen zuten, eta makila batzuekin apaindu”.

Arrasto horiek bere horretan irauten dute gaur egun, ontziolan han eta hemen baitaude bi molde desberdinen berri ematen duten markak. Izan ere, baserriak eta halakoak egiteko zurajea erabiltzen zen, eta, itsasontziak egiteko, erriberako zurgintza. “Ontziolaren egituran, biak daude nahastuta”, zehaztu du Landak. Eraikuntzaren forman eta zutabeen eta habeen arteko juntaduretan islatzen da zurajea, mihiztadurak erabiltzen baitzituzten elementuok lotzeko; erriberako zurgintzan, berriz, iltzeak erabiltzen zituzten, eta zutabeak ez dira guztiz zuzenak, kurba forma dute, halakoak behar baitziren itsasontzietarako.

Beharren arabera moldatzen zuten eraikuntza; esaterako, egur zatiak jarrita mugitzen ziren zutabeak egonkortzeko. “Eta, gainera, ontziola deformatuta zegoen, kalitateagatik eta haizeagatik. Mugimendu bat geratzeko makila bat jartzen zuten, baina horrek eragiten du mugimendua alde ahulago batera desplazatzea eta hura deformatzea”, arkitektoaren hitzetan. Hala, ontziola txatalez josita dago, ez baitzuen funtzionatzen “eraikin kalkulatu” batek bezala.”Eraikuntza sinplea da kontzeptualki, baina zutabe, makila, diagonal eta habe pila bat du toki guztietan”.

Mendieta historikoa

Esku hartzerik txikiena

Mendieta ontziola zaharberritzen ari dira orain, eta hirugarren eta azken fasea bukatzear daude jada; Landaren arabera, hilabete batean edo bitan bukatuta egongo dira obrak. Lekeitioko Udalaren asmoa da jarduera berrabiaraztea, itsas ondarea jagoteko, egurrezko itsasontziak zaharberritzeko. Eta, hain justu, egokitze prozesuan oztopoa izan da txatal mordo hori, arkitektoak azaldu duenez.

Oro har, esku hartzerik txikiena lehenetsi dute. Egur pusketak, markak eta halakoak ez dituzte ukitu, eta, egiturari dagokionez, egonkortzeko beharrezko aldaketak baino ez dituzte egin. “Zutabe batzuk zuzendu genituen, beren tokitik ateratzeko arriskua zegoelako, eta kolapso bat gerta zitekeen. Hori egin eta gero, egonkortzaileak jarri genituen alboko pabiloietan, egitura berri bat, zutabeak sendotzeko, mugitu ez daitezen”.

Ontziolaren parean, Mendieta etxea dago, itsasoarekin zerikusia duten jardueretarako erabili izan dena. Orain dela hamar bat urte sute bat egon zen, eta hura ere berriztatzeko asmotan daude; finantzaketa bila ari dira orain.