Tanta hotz bat olatu bihurtu zenekoa

Tanta hotz bat olatu bihurtu zenekoa

Zihara Jainaga Larrinaga

Aste Nagusiko egun arrunt bat zirudien. Bilbo paradisuan zegoen, jai giroan murgilduta, zorion betean. Alabaina, espero gabe eta baldekada bat ur goitik behera erori balitz bezala, 1983. urteko abuztuaren 26an ordu gutxian igaro ziren poztasunetik dramara. Egun osoan gelditu gabe aritu zen euria goitik behera, eta hiria gurutzatzen duen ibaiak indar ikaragarria zekarren. Halako batean, urak, gainezka egin, eta hiriko kaleak eta, bereziki, jaigunea hartu zituen. Berrogei urteren ostean, Bilboko Konpartsek 83-23 Elkarlan Uholdea dokumentala ondu dute, gertaturikoa erakusteko. Orduan konpartsakide zebiltzan lagun batzuen testigantzak jaso dituzte bertan. Halaber, egun hura nola bizi izan zuten kontatu zuten duela hilabete bat, dokumentalaren estreinaldiaren aitzakian Bilbon antolatutako hitzaldian. Nostalgiatik harago, etorkizunera begira, konpartsen eta auzotarren rola azpimarratu dute.

Alazne Olabarrieta Mamikiko konpartsakidea izan zen urte hartan Aste Nagusiko txupinera. Goizean goiz, egunero bezala, suziria jaurti zuen. Zerua gris zegoen ortzi mugan, eta trumoiren bat edo beste ere entzun zen, baina inork ez zuen espero ondorengo orduetan gertatuko zena. Eguerdi parterako, konpartsakideak fanfarrearen laguntzarekin jaiaz gozatzen ari ziren. Olabarrietak, arratsaldero legez, Txomin Barullora balsa dantzatzera joateko asmoa zuen. Atmosferan sorturiko tanta hotz batek, baina, asmo guztiak eraitsi zituen. “Halako batean, egoera serio jarri zen. Urak gainezka egin zuen estoldetatik kanpora; Zazpikaleetan ez zen ezberdintzen urak zer zeraman”, esan du Olabarrietak.

Ibaia gora egiten hasi bezain pronto, Zazpikaleak hustu behar izan zituzten. Hainbat lekukoren esanetan, beldurgarria zen bertako egoera ikustea. Konpartsen antolaketa adierazgarria azpimarratu du Karmelo Landak. 1978ko lehen jai batzordeko partaide izana da, eta, ordutik, Txomin Barulloko konpartsakidea. 1983an, garbiketa brigadetan aritu zen. Euriteen osteko egunean, errealitate gordinarekin egin zuten topo bilbotarrek: urak dena hondatu zuen. Konpartsen erantzuna berehalakoa, antolatua eta berezkoa izan zen, Landaren esanetan. Adin guztietako jendea aritu zen. “Gazte asko inplikatu zen garbiketa lanetan”. Irrati bidez jabetu ziren herritar gehienak egoeraren gordinaz. Kazetaritzan lizentziatu berri, Amaia Goikoetxea, egungo Euskal Kazetarien Elkargoko presidentea, Cadena Ser irrati katean ari zen. Aste Nagusian lan erritmoa izugarria izaten zela dio. “Ez genuen eten albistegia egoera gainezka zegoela esateko. Hasieran gertatzen ari zenaren berri eman bagenuen ere, ez ginen jabetu larritasunaz”. Dena den, azpimarratu du hain une delikatuan euskal komunikabideak eta, bereziki, irratia egoeraren parean egon zirela, eta harro sentitzeko modukoa dela.

Auzoaren berrantolaketa

20 urte zituen Javier Rodriguez Bihotzean Zazpikaleetako auzokideen elkarteko presidente eta Tximitxurri konpartsako kideak. “Dena oso azkar igaro zen; inork ez zuen sinisten”. Bilbo zeharkatzen duen ibaiaren gaineko zubiak barandarik gabe ikusteak eragin zion harridura handiena. Horrez gain, gogoan du nola bete zen hurrengo egunean Areatzako kioskoa laguntzeko prest zegoen jendez lepo, konpartsek gidatuta. Asteburua zen, eta hori alde zuten. “Areatzara edo Zazpikaleetara, zalantza genuen nora joan laguntzera; toki guztietan banatzeko beste jende zegoen”. Gertakari tristea izan zen arren, uste du lezio bat emateko balio izan zuela. Hain zuzen, gertakari hark hiriaren ikuspegian mugarri bat markatu zuela iritzi dio Rodriguezek; Zazpikaleetan, bereziki. Hark dioenez, urbanistikoki eremua aldatzeko balio izan zuen. Horrez gain, hiri grisa auzoaren aniztasuna aintzat hartzen hasi zen. Rodriguezek dio erakundeek ez zituztela aurreikuspenak bete. “Auzoko biztanleok berritu genuen auzoa. Masa sozial oso garrantzitsua egon zen. Auzotarrok egiten ditugu gauzak”.

Euria ikustea maite duela aitortu du Francis Diezek, Bilboko Doctor Deseo musika taldeko ahots ezagunak. “Egun hartan, jai giroa itzela zen, eta ni pozik nengoen euriarekin”. Arratsaldean, irratiaren bitartez hasi ziren iristen alerta albisteak. Diezek baikor jarraitu zuen, txosnetan ura hasi arte. “Itsasadarra piztia bat bezala zetorren, baina polita”. Areatzan egoera gogorra zen. Unamuno plazan denbora dezente igaro zuen Diezek; ura belaunetara iristen zen bertan. Etxeetan argia eteten hasi zen; linternak ikusten ziren leihoetan. “Kontua dramatiko jartzen hasia zen, jendeak jai giroan jarraitzen bazuen ere. Garunak ez du hainbeste tragedia sumatzen”. Ordu batzuk etxean atseden hartzen igaro ostean, Areatzara itzuli zen Diez, eta azaldu du mundua gainera erortzeko panorama begitandu zitzaiola. “Edozein film distopiko ez da maila horretara iristen: ezin duzu zure hiria egoera horretan irudikatu, taberna eta denda guztiak suntsituta”.

1983 UHOLDEAK BILBO

Beldurretik elkartasunera

Abuztuaren 26ko arratsaldean igarotako beldur ikaragarria nabarmendu du Olabarrietak. Hurrengo egunean, bestalde, lokatza belaunetaraino iristen zitzaien. Bilboko Areatzan garbiketa lanetan zeuden herritarrei laguntzera batu zen txupinera ere. Han ikusi zuen elkartasuna du gogoan. “Soinez soin gauza asko lor daitezke”. Rodriguez oraindik ere hunkitu egiten da egun hura gogoratzean. “Herritarren artean sorturiko sareak oso ondo funtzionatu zuen”. Era berean, Diezek irudi bat du buruan, eta horrekin gelditu nahi du: ehunka pertsona ilaran, egoera sozial eta adin guztietakoak, beren pala eta eskorgekin agertzen. “Zerbait hain hondatuta dagoenean, ezin daiteke imajinatu nola birsor daitekeen berriro”.

Bereziki, Bilbo erdigunea hondatu zuten uriolek: Zazpikaleen ingurua. Auzoetako jende andana joan zen laguntzera. Haien artean zegoen Maria Jesus Lanciano, Aste Nagusiko jai batzordeko eta Iralako auzo elkarteko kidea. “Zezen plaza inguruan bizi naiz, eta inguru hartako ardura izaten nuen Aste Nagusian; konpartsen sarrerak antolatzen ibiltzen nintzen”. Abuztuaren 26an arazo larrienak izaten ari ziren eremutik aldenduta egon zen, eta euriteen gauean ez zen erdigunera gerturatu; hurrengo goizean, ordea, Basurtuko belardi batera joateko esan zioten. “Bertako belardi batean zeuden uriolengatik etxetik aterarazitako ehunka herritar, kanpadendetan, halamoduz”. Janaria falta zitzaiela ohartu, eta auzora itzuli zen Lanciano; elizan sartu, eta pulpitutik hitz egiteko baimena eskatu zion abadeari. Momentu hura aprobetxatu zuen auzokideei gertatutakoaren berri eman eta janaria biltzeko.

1983 UHOLDEAK BILBO

Deustutik ere aritu ziren laguntzen. Josu Sanmaniego Tintigorri konpartsako kidea, adibidez, Espainiako Poliziarekin eta Guardia Zibilarekin aritu zen batetik bestera. “Errespetatzen gintuzten, existitzen zen indar bakarra ginelako”. Sanmaniegoren ustez, boterez bete zuten hutsune bat, ez zegoelako babes zibileko sistemarik antolatuta, eta oraindik ez zeudelako oso argi gobernuen arteko eskumenak. Guztiaren erdian konpartsek eta auzoek egindako lana goraipatu dute Sanmaniegok eta Lancianok.

Konpartsak, ezin ordezkatu

Frankismoan borroka egiteko sortu ziren auzo elkarteak. Konpartsen aurretik, Bilbon Aste Nagusian ez zegoen jairik. Elkarteek eta konpartsek behetik gora sortu zuten jaia. “Eredugarriak izan ziren”, esan du Landak. Udala Aste Nagusia atzera botatzen saiatu arren, 1983. urtean drama ikaragarri hura ustekabean gertatu zenean konpartsak izan ziren lehenak herriari laguntzen. “Haize kontra eta korronte kontra atera genuen”.

Etorkizunean halako herri erakundeak ezinbestekoak izango direla azpimarratu dute Bilboko Konpartsek: indartsuak eta zabalak. “Ezin dira goitik ordezkatu, eta guztiaren kontra defendatu behar dira”. Uriolen urteurren borobilaren aitzakian, gertaturikoa gogoratzeko ekinaldi gehiago antolatzeko asmoa dute Bilboko Konpartsek.

BILBOKO_UHOLDEAK