“Harrotzen nau arbasoek emandako irakaskuntzak transmititzeak”

“Harrotzen nau arbasoek emandako irakaskuntzak transmititzeak”

Zihara Jainaga Larrinaga

Urduñako zezen plazaren aldameneko etxe baten atarian argazkilariari adarra nola jo irakasten ari da Javier Irabien artisaua (Amurrio, Araba, 1953). Txantxetan ibil zitekeen, baina instrumentua du eskuetan. Halaber, beste dozena erdi bat du zintzilikatua detaile txiki eta bitxikeriarik falta ez duen tailerrean. Bertan ematen ditu eguneko 24 orduak. Eskuz eginak dira pieza denak, baina adarrengatik baino gehiago, urte hauetan guztietan eskuz egin dituen bi milatik gora makilarengatik da bereziki ezagun. Makila pertsonalizatuak egiten ditu, mimo eta ilusio guztiarekin. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak behin galdetu zion ea makilek hainbeste hitz egiteko ematen duten. Horren erakusle, bi ordu pasa iraun du Bizkaiko Hitza-ko elkarrizketak. Komunikatzaile ona da Irabien, eta gustuko du hitz egitea. Patxadaz aritu da.

Kirolzalea ere bada. Txirrindularitzara lotua egon da urte askoan. Ataxia telangiectasia gaixotasunaren ikerketa bultzatzeko, Urduñatik Fisterrara (Galizia) lau egunetan tandemean egin zuen Donejakue bidea, 2020an. Joan den apirilaren 23an, bestalde, hamabi ordu eman zituen oinez gelditu gabe Xabier semearekin. Txakolin gorria ere ekoizten du. “Etxean izan ezik, edonon eta mila saltsetan egotekoa naiz”.

Makilen erregea zarela diote.

Bakoitzak interpretatu nahi duen moduaren arabera. Erabat artisauak diren makilak egiten saiatzen naiz, ezberdinak eta eskuz eginak. Pertsonalizatu egiten ditut. Normalean, eskaerak telefonoz egiten ditut. Askok telefonoz makila bat nola egiten den galdetuko dute. Bada, galderak eginez. Pertsonaren garaiera, hazi den giroa, makilari eman nahi zaion erabilera… galdetzeko ohitura dut. Hurbilekoei dozena erdi bat poema idazten dizkiet.

Orduan poeta ere bazara…

Idatzi, nik idazten dut. Baina sare sozialak, nire adinagatik mugatuago dudan zerbait dira, eta semeak laguntzen dit; pergamino batera pasatzen ditu. Nik dakidanez, makilarekin pergaminoa eman diedanetan inor ez da hunkitu gabe gelditu. Makila bat baino askoz gehiago dira, egur zati bat uhal zati batekin baino gehiago. Bakoitzak bere efemeride propioa du. Hori da, behintzat, makila batean islatzen saiatzen naizena.

8 urterekin hasi zinen zaletasunarekin. Nola gogoratzen dituzu hasierak?

Baserri batean jaioa naiz. Aita idiekin edo behiekin ibiltzeko akuiluak egiten ikustean, konturatzen nintzen beti zegoela bat denen eskura ez zegoena. Etxeko pribilegiozko lekuren batean egoten zen, eta halako makila bat egunerokoan zergatik ez ote zuen erabiltzen galdetzen nuen. Are gehiago, konturatzen nintzen San Rokeko ferian baselizara ganadua erakustera joatean erabiltzen zituela. Hortxe hasi zitzaidan jakin-mina. Aitak azaldu zidan makilak arropak bezalakoak zirela; hots, batzuk igandekoak zirela, norabait eramatekoak, ez egunero erabiltzekoak. Egun, horretaz hitz egiteak harrotu egiten nau, bizi izan dudalako, transmititu egin didatelako, eta egun jendeari interesatu ahal zaion orori heltzen saiatzen naiz. Egongo da ni baino makila politagoak eta hobeak egiten dituena, baina niri benetan gustatzen zaidana eta harrotzen nauena da gure arbasoek eman dizkiguten irakaskuntzak transmititu ahal izatea.

Nola gogoratzen duzu baserriko bizitza?

Oraingoarekin alderatuz, erabat ezberdina zen. Egun, ni jaio nintzen baserriarekin harremanetan jarraitzen dut. Orduan, dena oso patxadatsua eta zehatza zen; gauzak zerbaitegatik egiten ziren. Arbasoek aurrera atera gintuzten, oso gutxirekin. Orain, aldiz, askorekin ez gara ezer egiteko gai. Etengabeko lasterketan bizi gara, eta, askotan, bizpahiru aldiz egin behar izaten ditugu gauzak, ondo ateratzeko. Lehen, zituzten baliabideekin, gauza bat egiten igarotzen zuten egun osoa. Garai hartako hurbiltasuna, familiarena, faltan sumatzen dut. Egunez egun bizitzeko beste modu bat zen. Gure seme-alabei hezkuntza bera ematen saiatu gara, baina bizitza oso azkar doa.

Makila bati bizia emateko lehen urratsa mendira joatea da. Asko ibili zara?

Paseatzea hitz zehatza da. Ez da bere sasoian joan eta makila bat moztea. Jakin behar da nora joan. Urtean zehar mendian ibiltzen naiz, eguzkiak non jotzen duen begiratzen dut, hezetasuna non dagoen.. Aitak ere hala egiten zuen. Mendira joan, eta leku berean ehun haga moztea ez da egokia; ez dira ehun makila behar. Ezberdinak batzen saiatzen naiz.

Noraino joan zaitezke makila baten bila?

Jada ez goaz hain urrun, baina nire anaiarekin batera —hura ere zale amorratua da—, bi makila ekartzeko 250 kilometro egin izan ditugu joan-etorrian. Han nahi genuena egongo zela esaten ziguten, eta birekin itzuli ginen, eta ez ziren onak. Elkarri begiratu, eta planteatu genuen ea posible ote zen haga bat mozteko hain zorrotzak izatea.

Posible da?

Bai. Hemen dauden gauza berdinak ikusten dituzu han. Ez duzu ezer egiten berrogei haga ekarriz berdinak edo antzekoak badira. Berdinak ez dira inoiz izango, baina identifikatzen jakin behar da. Egunero ikasten dira gauzak; makila bat non mozten den, adibidez.

Zenbat baldintzatzen du makila bat egiteko beharrezko haga biltzen den geografiak?

Iruditu ez arren, asko. Hezetasuna, lurra eta eguzkia zuhaitz orok behar dituen hiru elementu dira. Baina enklabearen arabera, inguruan duten landaretzaren arabera, azalak kolore bat edo beste du. Zura ia berdina da hurritza, lizarra edo eukaliptoa ebakitzean.

Dena oso aztertua duzu. Ez duzu zurik ausaz aukeratzen. Zein erabili duzu gehien?

Bizitza propioa duten makilen bilduman hamazazpi egur dauzkat. Egur batzuk oso esker onekoak eta landatarrak dira, baina oso astiro hazten dira eta asko adarkatu egiten dira. Eta, gainera, inguruan duten guztiaren eraginpean daude. Egur ederrak dira, oso zaharrak, eta ez dute tratamendurik behar; eskuaren izerdiarekin distiratzen dute. Baina gehien erabiltzen den egurra betikoa da, elorri gorri edo zuria, edo hurritza bere hiruzpalau barietateetan. Hurbilen ditugunak dira.

Bi mila makilatik gora egin dituzu, nahiz eta zure helburua ez izan asko eta politak izatea.

Gauza desberdinak egin nahi izan ditut beti, eta nik egindako makila bat nahi duen orok pisuzko arrazoi bat izatea nahi izan dut. Ez dira ibiltzeko makilak, baina ez dut arazorik emango zaion erabilerara egokitzeko. Makilarik onena norberak nahi duena da.

Enkargu berezirik izan duzu?

[Bi metro inguruko garaiera duen makila hartu du eskuetan]. Makulu honen erreplika bat du Gasteizko gotzainak. Behin Urduñara, Antiguako Santutegira, etorri zenean eman nion. Hala ere, ilusio berbera egiten dit apezpikuari, lehendakariari edo nire etxera datorren edonori oparitzeak.

JAVIER IRABIEN

Mendia. Natura eta mendiarekiko zaletasuna betidanik izan du Javier Irabienek. Irudian, eskuinetara, Gorobel mendilerroko Fraileburu mendian, 2002n, Xabier semearekin eta Txiki txakurrarekin.

Urkullu lehendakariari ere baten bat egin al diozu?

Bai. Iñigo Urkulluk ere badu makila bat, Urduñako josefinoek enkargatu zidaten. Lehendakaria harrituta gelditu zen eman nion makilari buruz sei-zazpi minutuz hitz egin nionean. Galdetu zidan ea makila bat azaltzeko hainbeste hitz egin daitekeen gauzak errepikatu gabe. Forma laburtua zela erantzun nion. Makila zer den azaltzeko, zergatik egiten den azaltzeko, ordubetez zein egun oso batez lasai hitz egin daiteke.

Bi orrialdeko elkarrizketarako ere ematen dute…

Makilak baino gehiago dira, eta jendeak ez du ulertzen. Makila baten atzean natura dago. Egun, ekologiaz eta klima aldaketaz asko hitz egiten da, eta niri ez zait gustatzen arauen aurka joatea, baina ingurumen legeak jartzen dituztenei pixka bat erreparatzeko esango nieke, ez baita dena bai edo ez. Egun ezin da mendian makilarik moztu. Hori ezin da horrela izan, arrazoi oso sinple batengatik: zuhaitz asko hedatu egiten dira. Aldaxken bidez ugaltzen diren zuhaitzei guztiak uzten badizkiegu, zuhaitza lehortzen den unea iristean ez du dena elikatzeko adina sustrairik izango.

Zein da konponbidea?

Mendira joan naizenetan, ez dut inoiz arazorik izan basozainekin, zorionez. Zuhaitz batek zupatzaile asko dituela ikusten badut, moztu egiten dizkiot, baina ez ditut botatzen, lurrean iltzatzen ditut, eta erdiak hazi egiten direla esatera ausartzen naiz. Oso litekeena da zuhaitz zahar hori berpiztu eta bizitzen jarraitzea. Gaur egun, mendian ibiltzeko kontu handia behar da. Beste lurralde batzuetan kontua guztiz ezberdina da, basoak ezberdinak direlako. Leku bakoitzean lurrari egokitu behar zaio. Naturak ematen digu bizitza. Arauak egiten dituztenak gehiago kezkatu beharko lirateke; ulertu eta jakin dezatela.

Ez da ahal den guztia egiten?

Egun, mendietan etsai bat dago, gizakiak onartua: belar sastrakak kentzea eta mendien errotulazioa. Pinudi bat botatzean, berehala sartzen ditugu makinak, eta dagoen guztia errekrutatzen du. Guk onartutako zerbait da; gizartea gaizki egiten ari da. Birziklatu hitza modan jarri du. Aurretik, dena aprobetxatzea esaten zitzaion horri, gauza guztiei bigarren aukera bat ematea. Zuhaitz bat botatzean, dena aprobetxatzen zen. Orain pinudia botatzen dute, balio duena eramaten dute eta bestea bertan geratzen da, sasi eta sastraka habia izan dadin.

Makilakada asko eman dizkizu bizitzak?

Ez. Landa ingurune batean bizitzeko zortea izan nuen. Lanean hasi nintzen; ez, agian, nahi nuen horretan: 36 urtez enpresa berean lan egin dut. Istripu larri bat izan nuen, baina adore eta bereziki zortearekin bizitzan aurrera egin nuen. Familia bat osatu, eta gaur zuekin hitz egin ahal izan dut maite dudan zerbaiti buruz.

Zure semearekin batera gaitz baten ikerketa bultzatzeko proiektu solidario baten parte zara. Nolatan?

Uste dut zorionekoa naizela, gaixotasun immunodegeneratibo bat, ataxia mota bat duen haur baten familia batekin adiskidetasuna dudalako. Espainiako Estatuan ikerketa bideratzen duen senideen AEFAT elkartea dute, eta ikerketak jarrai dezan gure kausa solidarioetan dirua biltzen utzi ziguten. Horregatik uste dut bi pribilegio ditudala: batetik, elkarte horrentzat dirua lortzea eta gaitzari ikusgarritasuna ematea, eta, bestetik, ez garrantzi txikiagokoa, semearekin egiteko aukera izateak motibatu egiten nau.