Raul Palacio (independentea, Karrantza): “Egonkortzeko, garraio publikoa behar dugu”

Raul Palacio (independentea, Karrantza): “Egonkortzeko, garraio publikoa behar dugu”

I. Maruri Bilbao

Karrantzako Minda auzia lehertu zenean iritsi zen Karrantza Zabala Karrantzako alkatetzara 2012an. Ordutik Raul Palacio (Karrantza, 1979) da alkatea, eta karguari eustea du helburu.

Iazko ur hornidura arazoak berriro gerta daitezke Karrantzan?

Urteak daramatzagu diputazioarekin eztabaidan: ez dute eurek txarto egindako Argañedako urtegia konpontzen, eta nahi dute gu jabe egin eta guk konpontzea. Udan iazkoa berriz gertatuz gero, diputazioarekin saiatuko ginateke konponbidea topatzen, eta ez bagenuke lortuko, Kantabriara [Espainia] joko genuke berriro.

Abeltzainek otsoen erasoak salatu dituzte. Udalak zer konponbide ikusten dio auziari?

Otsoaren babesari eustea erabakitzen bada, ezin da abeltzaina izan kaltetu bakarra. Erasoei aurre egiteko diputazioaren laguntzak barregarriak dira.

Abeltzaintza, oro har, garai zaila pasatzen ari da.

Sektorea arriskuan dago. Horregatik da urarena hain korapilatsua. Ur partzuergoko kide egiteko ipini nahi dizkiguten tarifekin ustiategien %70ek zarratu egin beharko lukete.

Minda planta izan beharreko eraikinean biogasa sortzeko proiektu abiatu nahi dute. Udalak babesten du, ezta?

Mindarena arazo bat da, eta gure esku dagoen guztia ipini dugu proiektuak aurrera egin dezan. Dokumentazio guztia aurkeztu dute, eta espero dugu luze gabe martxan ikusi ahal izatea.

Zer erronka ditu Karrantzak?

Nagusietakoa, garraio publikoa: trena, Bizkaibus… Gurea bezalako landa herri bat garraio publiko gabe ezin da egonkortu. Errepidea ere arazoa da, eta hura konpontzeko lanek urteak daramatzate geldi. Gure baldintzetara egokituko den araztegi bat egiteko proiektua ere badugu.