Juan Carlos Abascal (PSE-EE, Ermua): “Bizkaian bigarren mailan sentitzen gara”

Juan Carlos Abascal (PSE-EE, Ermua): “Bizkaian bigarren mailan sentitzen gara”

Mikel Garcia Martikorena

Bost urte daramatza alkatetzan PSE-EEko Juan Carlos Abascalek (1974, Ermua) Ermuan, eta alkategai da berriro. Azken agintaldia “pandemiak, Zaldibarko hondamendiak eta Ukrainako gerrak markatu” dute, baina herriak badu beste erronka bat duela hamarkada batetik: saihesbidea.

Zergatik diozu bigarren mailako bizkaitar sentitzen zaretela?

Badakit [herrialdeen] mugan dauden herriek arazoak dituztela. Gure zerbitzu asko Gipuzkoatik datoz; ur patzuergoa eta hondakinak, besteak beste. Baina bizkaitarren arteko kohesioa garrantzitsua da, eta, saihesbidearen moduko gaiekin, Bizkaian bigarren mailako herritar sentitzen gara.

Zergatik da hain garrantzitsua saihesbidea?

Herriak duen erronkarik handienetakoa saihesbidea da; nahitaezkoa da. Aldundiak hogei urte daramatza bere hitza bete gabe. 2011n, 2016rako egongo zela esan zuen foru diputatuak; 2023an gaude eta oraindik atzeratzen ari dira. Mugikortasunaz, kutsaduraz eta segurtasunaz ari gara. Gure kaleak errepide bilakatu, eta haietatik 1.200 kamioi baino gehiago igarotzea ez da onargarria. Ezinbesteko azpiegitura da.

Zer erronka ditu Ermuak datozen urteetan?

Aurrekontuen prozesu parte hartzaileetan, herritarrek euren kezkak eta jorratu beharreko ardatz garrantzitsuenak aipatu dizkigute: enplegua, gizarte kohesioa, irisgarritasuna eta ondo gobernatzea dira ermuarrentzat gairik garrantzitsuenak, ordena horretan. Politikek ildo horietatik jo behar dute, orain arte bezala. 1960ko hamarkadako hiri gehienek bezala, gureak ere irisgarritasun arazoak ditu.