“Erretratuak ekarpena egiten dio elkarrizketa artistikoari”

“Erretratuak ekarpena egiten dio elkarrizketa artistikoari”

Amaia Igartua Aristondo

Azaleko detaileak aratz, eta gainerakoak lauso: hala irudikatu ditu Oskar Kazabal (Escalante, Espainia, 2000) artista eta Arte Ederretako ikasleak T4 elkarteko egoitzako egoiliar zaurgarriak eta hango hainbat behargin. Guztira, hamalau erretratu eta audio taxutu ditu Huellas (Aztarnak) erakusketarako —haietako hamahiru, andreenak—, eta lan subjektiboagoekin biribildu du mostra, Bilbao Historiko elkartearen eta BBK Fundazioaren Gazte Art proiektuaren barruan. Bilboko BBK Kunan egongo dira ikusgai hilaren 30era arte.

Interesa duzu arte sozialean?

Interesa dut gizarte gaietan. Ez dakit aurrerantzean bide horretatik joan nahi dudan, baina uste dut garrantzitsua dela.

Zure ustez, arteak helburu bat izan behar du?

Uste dut arteak forma asko dituela. Izan dezake helburu bat, eta Huellas-en badauka, baina ez du zertan. Adibidez, arteak balio dezake hornitzeko, besterik gabe. Baina gustatzen zait zerbait adierazten saiatzen den artea, ez dena azalean geratzen, ez dena irudi eder bat bakarrik.

Nola sortu zen Huellas?

2019an sortu zen, Bilbon paseatzen hasi nintzenean. Herri txiki batetik nator, eta ordura arte ez nuen topo egin etxebizitzarik gabekoen errealitatearekin. Bilbon gogorra iruditzen zitzaidan ikustea inork ez ziela arreta jartzen pertsona horiei; hiri altzariak balira bezala tratatzen zituzten. Hasieran, orokorrean jorratu nahi nuen gaia, gizonez eta emakumeez mintzatuta, baina, emakume zaurgarrien bizitzaren berri izan nuenean, jabetu nintzen indarkeria handiagoa sufritzen dutela. Gainera, Huellas-eko andre gehienak drogazaleak dira, askotariko gaixotasunak dituzte…

Desberdindu egiten dituzu etxebizitzarik gabeko pertsonak eta etxerik gabekoak. Zertan dira desberdinak?

Etxebizitzarik gabekoek kalean egiten dute lo. Etxerik gabekoek badute non egin lo —haien kasuan, T4ren egoitzan—, baina ez dute etxe bat: ez dute lotura esturik toki horrekin, ez da haiena.

Zergatik izenburu hori?

Proiektuan, saiatzen naiz testuinguruari garrantzia kentzen, baina, aldi berean, emakumeak islatzen ditut, eta haien gorputzak islatu egiten du haien iragana: ebakiondoak, orbanak… Haien bizitzaren historia dira. Audioetan ere ibilbide hori jaso dut.

Zein da pinturen eta audioen arteko lotura?

Pinturetan, saiatu naiz emakumeak islatzen modurik aseptikoenean; haiek audioak sortu dituzte, eta horiek ematen dute testuingurua. Niretzat, garrantzitsua da testuingurua haiek ematea. Izan ere, pertsona zaurgarriez hitz egiten dugunean, beti agertzen dira bestearen begirada eta aurreiritziak.

Zaurgarritasun hori aintzat hartu duzu erretratuak egitean?

Bai. Azala eta gorputzak soilik islatu ditut modu definitu batean. Gainontzekoa —arropa, kokalekua…—, modu minimalistan agertzen dut, kolore lauak erabilita, definitu gabeko figurak… Dena da kokatu ezina, haien aurpegiak salbu. Gainera, hilabeteko lana izan da; haiekin asko hitz egin dut, eta ikasi dut T4 elkarteak nola egiten duen lan, aurreiritzietan ez erortzeko.

Nolakoak izan ziren egun horiek?

Oso ederrak, baina baita oso gogorrak ere. Lehen egunetan, pertsona bat hil zen; nahiko ohikoa da, asko makaltzen dituzten egoerak bizi baitituzte. Konturatu naiz batzuetan etxegabeak aurretik epaitzen nituela eta ez direla beti guk pentsatu bezalakoak.

Zer kontatu dizute? Esperientzia komunak dituzte?

Gehienak kalean bizi izan dira inoiz, eta askok galdu egin dute familiaren babesa; batzuetan, babes horri esker eragozten da zaurgarritasun egoeran erortzea.

Argi eta kolore kontrasteak erabili dituzu, ezta?

Figura aurrera ekartzeko erabili dut kontrastea. Saiatzen naiz figura marko batean gera dadin, nabarmentzeko.

Oro har, zure sorkuntzetan zer formatu eta material erabiltzen dituzu?

Asko landu dut collagea ikuspegi surrealistatik; batik bat, Joseba Elorzarengan inspiratuta. Huellas proiektuaz geroztik, hasi naiz egiten erakusketako bigarren zatiko obrak bezalakoak, subjektiboagoak. Pintura eta collagea jorratzen ditut gehien. Eta asko interesatzen zait soinuzko artea.

Nondik joko duzu gero?

Proiektu honetan egindakotik aldendu nahiko nuke. Huellas egin nuen, uste nuelako zerbaitetarako balioko zuela. Hurrengoa nireagoa izatea nahi dut, barne munduaren inguruko proiektu bat.

Arte soziala egiten duen erreferenterik ba al duzu? Huellas-erako inspiratu zaituen norbait?

Bilboko Guggenheim museoan ikusi nituen Alice Neelen erretratuetan inspiratu naiz [Alice Neel: pertsonak lehenbizi erakusketa hartu zuen museoak 2021eko irailaren 17tik 2022ko otsailaren 6ra bitarte]. Erretratuarekin adiskidetu ninduen; hainbat urtez erretratuak egin nituen arkatzez, enkarguz, eta ezinikusia nien. Errealismoa jorratzen ez duen arren, Neeli esker ikusi nuen erretratuak oraindik ekarpena egin diezaiokeela elkarrizketa artistikoari. Gustuko dut nola aurkezten duen subjektua.

Nola aurkezten du?

Erretratu oso intimoak egiten ditu; pertsona agertzen da, eta besterik ez.