Errefuxiatuak artatzeko psikologo sarea sortu dute Bizkaian

Errefuxiatuak artatzeko psikologo sarea sortu dute Bizkaian

Mikel Garcia Martikorena

Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak eta Bizkaiko Psikologia Elkargo Ofizialak hitzarmena sinatu dute Bizkaian dauden errefuxiatuei arreta psikologikoa eskaini eta profesionalei formakuntza emateko. Elkargotik etorritako psikologoekin garatuko da sare hori, eta jadanik Zeharrekin lan egiten duten psikologoen sareari gehituko zaio. Arantza Chacon Zehar-Errefuxiatuekin elkarteko zuzendariak esan du proiektuaren ekarpen nagusiak hauek direla: errefuxiatuei laguntza psikologikoa doan eskaintzeaz gain, profesionalak “errefuxiatuen egoeraren inguruan trebatzea” eta “sarea handitu eta egonkortzea”.

Zeharreko zuzendariak dio Bizkaian “ezinezkoa” dela jakitea zenbat errefuxiatuk behar duten laguntza psikologikoa. Halere, egun duten sarea “txiki” geratzen ari zaiela konturatu ziren elkarteko kideak; hori dela eta, elkargoko atea jotzea erabaki dute. Lankidetza hitzarmena apirilaren 27an sinatu zen arren, elkargoa joan den astean hasi zen profesionalekin harremanetan jartzen. Proiektuak oraingoz “arrakasta handia” izan duela esan du Chaconek: “Eskaintza egin eta bi egunera, hamabost psikologok izena emana dute jada”.

Zehar-Errefuxiatuekin elkarteko zuzendariak adierazi duenez, proiektuaren aurreneko urtean —hau da, aurten— hamabost errefuxiaturi eskainiko diete laguntza psikologikoa Zeharrek jadanik laguntzen dituen beste errefuxiatuei gehituko zaizkie horiek; halere, argi du kopurua ez dela garrantzitsuena: “Hitzarmenaren helburua da sareak ehunduz joatea, elkarteen eta erakunde publikoen eskaintza handitzeko”.

Izan ere, Chaconek azpimarratu duenez, arreta psikologikoak “berebiziko garrantzia” du errefuxiatuei “harrera egokia” emateko orduan: “Migrazio prozesuak berak ondorio psikologikoak eragiten ditu; are gehiago biolentzia eremu batetik datozenen artean. Migratzaile askok ez dituzte horiei aurre egiteko behar diren tresnak”.

Formakuntza egokia

“Ezinbestekoa da errefuxiatuek laguntza jasotzea bizitakoak eragin dizkien ondorioak identifikatu eta lantzeko”, dio Chaconek. Zeharrek, baina, uste du lanketa psikologikoa ondo egiteko beharrezkoak direla errefuxiatuen egoera “ondo” ezagutzen duten profesionalak. Hortaz, errefuxiatuekin egingo duten lanaz gain, profesionalen formakuntzak duen garrantzia ere aipatu du elkarteko zuzendariak.

Formakuntzan, errefuxiatu izateak zer esan nahi duen, migrazio “behartuen” atzean zer arrazoi dauden eta Euskal Herrian gizarteratzeak zer ezaugarri dituen ikasiko dute psikologoek. Chaconek uste du formakuntza saioek errefuxiatuen arazoak “testuinguru egokian” kokatzeko balioko dutela, profesionalek haien “errealitateari” erreparatuko baitiote: “Psikologoei erakutsi nahi diegu zer eragin duten errefuxiatuen hainbat bizipenek; hala nola egoera bortitzetatik ihes egiteak, eta senitarteko eta lagun guztiekin zenituen harremanak galtzeak, zure ama hizkuntza berriz ez erabiltzeak, eta txartel gorria zer den jakiteak”. Argi utzi du “tratamendu osoa” eskaintzen dietela, eta ez saio solte batzuk. Ahalik eta arreta onena emateko, Zehar elkarteak itzultzaile boluntarioak jarriko ditu.

Sarea handituz

Tratamendua egokia izan dadin, ezinbestekoa da errefuxiatuek duten “trauma” ondo ezagutzea, haren aburuz: “Profesional oso prestatuak daude Bizkaian errefuxiatuen auzian, baina, orokorrean, gaiaren inguruko informazioa falta dutela uste dugu”. Jadanik gaia ezagutzen duten psikologoekin egiten dute lan, Zeharrekoek bestelako elkarte eta erakundeekin duten elkarlanari esker. Zeharreko zuzendariak azaldu duenez, LGTBI kolektiboaren parte izateagatik jaioterritik ihes egin behar izan duten errefuxiatuekin lan egiteko, Euskal Herriko LGTBI kolektiboekin jartzen dira harremanetan, eta, hala, psikologorik “aproposenengana” bideratzen dituzte.

Elkarteko zuzendariak argi utzi nahi izan du harreman horiei eutsi nahi dietela, eta hitzarmen berriaren helburua “gehitzea” dela, nolabait: “Eragile berriak gehitzeko aukera eskaintzen digu”. Hori, baina, ez da Bizkaiko Psikologia Elkargoaren ekarpen bakarra. Chaconek adierazi du elkargoak “bozgorailu bat” eskaintzen diela: “Bideak dituzte gure eskakizuna eta proposamenak elkargoko kide guztien artean zabaltzeko”. Sarearekin komunikatzeko tresnak dituztela ere gaineratu du: berezko albistegia, esate baterako.

Informazio gehoago: Zehar.eus