Ondarroa: antxoaren hamaika aurpegiak

Ondarroa: antxoaren hamaika aurpegiak

Z. Jainaga Larrinaga

Ondarroan antxoa sartzen den bakoitzean, hiru turrun hots jotzen dira herrian. Hala, herritarrek jakiten dute sasoiko arraina portura iritsi dela eta erostera jaitsi daitezkeela. Egunotan, Galiziako, Kantabriako (Espainia) eta Euskal Herriko hamaika txalupa daude Ondarroako uretan. Antxoa sasoi betea den erakusle. Horiek horrela, Antxoa Eguna ospatuko dute bihar herrian. Turrun hotsez emango diote hasiera jaiari, 12:00etan.

22. aldiz antolatu dute Antxoa Eguna Bizkaiko kostaldeko ekialdeko muturrean dagoen herri horretan. Aritza Aristondo Kultura zinegotziak adierazi duenez, jaiaren berezitasun eta indargune nagusia herritarren parte hartzea eta borondatezko lana izaten da. “Egun ederra pasatzeko aukera ematen du”. Gastronomia elkarteek prestatutako jakiak saltzeaz herriko kultur eta kirol taldeak arduratzen dira, Nasa kalean BBK-k jartzen dituzten etxoletan. Horrez gain, herriko tabernek ere egiten dute festarekin bat, eta antxoa mokaduak eskaintzen dituzte. Guztien inplikazioa eskertu du Aristondok.

Herritik kanpo, antxoa saltzen den ia toki guztietan Ondarroakoa izaten dela adierazi du Kultura zinegotziak. “Ondarroa eta antxoa lotuta doazela esan daiteke. Antxoa baino kantitate handiagoan ez da egoten beste arrainik”. Era berean, antxoa sasoian jende asko aritzen da lanean. “Portuak beste itxura eta mugimendu bat izaten du”.

“Antxoari balioa emateko eguna izaten da zapatukoa”, dio Aristondok. Jateko, hainbat modutara prestatu daiteke arrain hori: frijituta, pla-pla, egosita, baratxuriarekin, pintxoetan, tortillan, tenpuran, budinean, kroketetan zein enpanadilletan. Horiek guztiak dastatu ahalko dira Antxoa Egunean. Halaber, sasoia izanik, freskoa izango da. Hain zuzen, kofradia arduratzen da Antxoa Eguneko arraina banatzeaz, eta aurten 405 kilo antxoa banatuko ditu herriko elkarte gastronomikoen eta tabernen artean. Hainbat jende erakartzen du jaiak.

Omenaldia

Zilarrezko Antxoa saria eman ohi diote urtero herritar bati, urteetako ibilbidea eta egindako lana goratuz. Josu Arrizabalaga Basterretxea izango da aurtengo omendua. Urte luzez ari da Arrizabalaga Ondarroako berba eta esaerak batzen. Ondarroan hizkera propioa dute, eta bildutako berba eta esaerak aztertzen ditu, esanahia bilatu eta bilduma bat osatzeko. “Urte askoan egin duen lanagatik, hari emango diogu aurten Zilarrezko Antxoa”. 14:00etan izango da ekitaldia, Alde Zaharrean.

Kozinatzen ikasteko umeentzako tailerra ere antolatu dute, Gamarra ostalaritza eskolak bideratuta. Antxoak ozpinetan prestatuko dituzte azoka gunean. Era berean, Ibilaldiko abesbatza kalerik kale arituko da eguerdian — Ondarroan ospatuko da aurtengo Ibilaldia, maiatzaren 21ean—. Eguna bukatzeko, arratsaldean estropadak izango dira badian, eta Garilak 26 taldeak girotuko du gaua, Musika plazan.

Egitaraua