Tokiko historia genero ikuspegitik ikertzeko beka sortu dute Ugaon

Tokiko historia genero ikuspegitik ikertzeko beka sortu dute Ugaon

Olatz Silva Rodrigo

Industrializazioa Bizkaira iritsi zenean, ehungintza industriak ezarri zituzten ibaietatik gertu. Ugaon, hain justu, jute ehungintzako fabrika bat egon zen joan den mendean, Nerbioi ibaitik hurbil. Bertan lan egin zuten gehienak emakumeak izan ziren. Zakuak egiten zituzten, baita alpargatetako kordak ere. Horrez gain, informazio gutxi dago fabrikaren inguruan. Fabrika ez ahazteko eta bertan lan egin zuten emakumeen eginkizuna ezagutzeko, herriko udalak ikerketa beka bat jarri du martxan. “Garai horretako emakumeak omendu nahi ditugu, eta herriari egin zioten ekarpen ekonomiko eta soziala aitortu”, azaldu du Ana Maite Fernandez Berdintasun zinegotziak. Genero ikuspegia landuko duen eta hiribilduko historia ikertuko duen lehenengo beka izango da.

1940ko hamarkadaren hasieran jarri zuten fabrika martxan; 1964ko maiatzean itxi zuten. Gaur egun ez dago eraikinik. Fernandezen arabera, ez dago fabrikari buruzko txosten bat ere. “Beti entzun izan dut jendea jute fabrikari buruz hitz egiten, baina ez dut sekula istorio osoa entzun”. Horregatik erabaki dute beka eskaintzea, “historia ahaztu ez dadin eta jendeak jazotakoa jakin dezan”.

Herriko emakumeek ez ezik, ingurukoek ere egin zuten lan Ugaoko lantoki hartan. Herrian oraindik badago han lan egin zuen emakume bat. “Fabrikan lan egin zuten emakumeen senideak ere bizi dira herrian”, esan du Fernandezek. Bekaren asmoa da testigantzak jasoz ikerketa abiatzea. “Ziur nago istorio interesgarriak kontatuko dituztela; emakumeek garai hura nola bizi izan zuten ezagutu ahal izango dugu, eta hori guretzat oso aberasgarria izango da”.

Tokiko historiari buruzko azterlanak bultzatzea da bekaren helburua. “Espero dugu hemendik aurrera beste batzuk eskaintzea”. Berdintasun zinegotziaren arabera, bekak “aberasgarriak” izango dira herriarentzat. Izan ere, aitortu du herritarrek ez dutela ehungintza fabrikaren ezagutzarik. “Agian, senideren bat bertan izan zutenek ezagutuko dute, baina gainerakoek, ez”. Era berean, bekak aukera emango die gaztetxoenei jute fabrika ezagutzeko. “Hemendik aurrera beka gehiago eskaintzea hurrengo udalen esku egongo da. Guri proiektuarekin jarraitzea gustatuko litzaiguke”.

Bete beharreko baldintzak

Aurten esleituko dute beka. Eta esleipena jakinarazi eta gero, ikertzaileak urtebeteko epea izango du lana egiteko. Beka 14.000 eurokoa izango da, eta izena emateko epea maiatzaren 17ra arte egongo da zabalik. Pertsona fisikoek zein juridikoek, publikoek zein pribatuek har dezakete parte, baldintza batzuk betetzen badituzte: 18 urtetik gora izan behar ditu eskatzaileak, euskararen B2 maila izan behar du —pertsona juridikoen kasuan, behintzat, batek—, betebeharrak ordainduta eduki behar ditu, eta unibertsitate tituluren bat izan behar du Geografian, Historian, Artearen Historian, Gizarte Zientzietan edo Humanitateetan.

Eskabideekin batera, beste datu batzuk aurkeztu beharko dituzte beka eskuratu nahi dutenek; besteak beste, ikerketa eta hedapen proiektuaren laburpen memoria sortu beharko dute. Bertan azaldu beharko dute, esate baterako, zer arlotara atxikiko duten ikerketa, metodologia eta zabalkunderako programa.

Ikerketa bukatzerakoan, herriari aurkeztu nahi diote lana. “Aurkezpen bat egin nahiko genuke. Lortutako informazioaren arabera, ikusiko dugu zer gehiago egin: dokumentu bat, liburu bat edo beste gauzaren bat”.