Maiatza magiaz beteriko hilabetea izango da Bilbon

Gaur hasi eta hilaren 28ra bitarte, Magiaren Topaketak programak magiaz beteko ditu Bilboko Txurdinaga eta Otxarkoaga. Udalak antolatuta, adin guztietarako magia ikuskizunak, ekitaldiak, hitzaldiak eta erakusketak egingo dira.

Programaren 19. aldian, ilusionismoa izango dute ardatz. Hala, maiatzeko lehen hamabostaldian Otxarkoagako Udaltegian egingo dira ekintzak. Ostean, Txurdinagara, Garai Lorategien plazara egingo dute jauzi. Ekitaldi guztiak doakoak izango dira.

Parte hartuko duten artisten artean, gaur, Dramagia konpainiak estreinatuko du programa, Doble Impacto emanaldiarekin. 19:00etan izango da, Otxarkoagako Udaltegian. David Blanco ilusionista eta Señor Perez polifazetikoa arduratuko dira publikoa txunditzeaz. Bihar, esaterako, MagoMigueren eskutik AluCine. El cine por Arte de magia ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da. Datorren ostiralean, bestalde, programako ekitaldi nagusia egingo dute Euskal Herriko artisten eta magoen parte hartzearekin. Horrez gain, hilabete osoan, Emakumeak magian: ondo gordetako sekretua erakusketa ikusgai egongo da Otxarkoagako Udaltegian. Gainontzeko egitarauaren berri izateko, Kulturabarrutik.eus/programa/encuentros-de-magia-xvi webgunea kontsulta daiteke.