Gutxiengo baten ofizioa, gehiengoak estimatua

Gutxiengo baten ofizioa, gehiengoak estimatua

Amaia Igartua Aristondo

Bada behar aitortua, musikariek estimatzen baitute eskulangintza, gustura jotzen baitituzte artisautza lana diren musika tresnak. Baina makinaz egindakoak dira orain instrumentu gehien-gehienak, eta tantaka ateratzen dira egile berriak Europan: Ander Arroitajauregi luthierrak aletu duenez, Newark-eko (Erresuma Batua) eskolan oso leku gutxi dira; Suitzan ere badago eskola bat, baina sei lagun matrikula daitezke urtero, gehienez; Zaragozako (Espainia) itunpeko zentroetan ere ikas daiteke; eta zabalagoa da eskaintza Mirapeisen (Okzitania), batxilergo artistiko bat baita musika tresnagintza. Eta, gertuago, zortzi toki eskaintzen ditu ikasturtero BELEk Bilboko Euskal Lutheria Eskola publikoak, Juan Crisostomo Arriaga kontserbatorioan, biolina, biola eta biolontxeloa taxutzen ikasteko. Datorren ostiralera bitartean egongo da zabalik ikasturte berrirako matrikulazio epea.

Arroitajauregi da bertoko irakasleetako bat, Jabier Gurayarekin, Unai Igartuarekin eta Luis Artolarekin batera. Aipatu duenez, biolingintzak ez du batere tradiziorik izan inguruan, eta, agian horregatik, ikasketok ez daude homologatuta: izan ere, Espainiako Hezkuntza Ministerioak ez ditu aitortzen. Hori hala, tresnak egiten ez ezik, konpontzen ere irakasten dute BELEn. “Modulu bat ematen dugu, instrumentu mota hauetan homologatuta dagoen bakarra, lanbide heziketakoa: hari instrumentuen konponketa”.

Aitortzak aitortza, BELEk ia berrogei urteko ibilbidea egin du dagoeneko. Jesus Alonsok sortu zuen, 1986an. Akustika musikaleko doktoretza egin zuen Suedian, eta, handik bueltatu zenean, iruditu zitzaion lutheria eskola batek egon behar zuela Bilbon. “Ezerezetik sortu zuen, orduan ez zegoelako material askorik”. 2014an, Eusko Jaurlaritzaren eskola ofizial bilakatu zen, eta haren esku daude ordutik ikasketa plana eta aurrekontua.

Lutheria eskola 2

Irizpide tradizionalak

Hiru ikasturte dira, guztira. Lehenengoan, biolin bat egiten irakasten diete; bigarrenean, biola bat; eta, hirugarrenean, biolontxelo bat. Akustikari garrantzi handia ematen diote, eta horrek desberdindu egiten ditu gainerako lutheria eskoletatik, Arroitajauregiren irudiko. “Gainera, modu praktikoan ematen dugu; beste leku batzuetan, teoria ematen dute. Tresnen neurketa asko egiten ditugu: pisua, bibrazioa, uhinaren hedapena…”. Arlo horretan, nabaria da teknologia berrien eragina, baina, orokorrean, prozesu klasikoetan oinarritzen dira instrumentuak egiteko.

Diseinatzeko, nahiz eta aurten jada teknologia digitaletara joko duten, eskuaira, kartaboia, erregela eta konpasa erabili dituzte orain arte. Eta piezak taxutu, lotu eta bukaera emateko, orain dela bostehun bat urte erabiltzen zen modu bertsuan egiten dute. Hain justu, Cremonako (Italia) Amati familiakoek XVI. mendean ezarritako moldeari jarraituta. “Gero, Stradivariusek erabiliko zuen berdina. Barruko molde bat egiten dugu, eta horren inguruan eraikitzen dugu instrumentua”.

Egur pieza batetik bi zati ebaki eta itsatsi egiten dituzte, hala tresnaren bizkarra —atzeko aldea— nola sabela —aurrekoa— egiteko. Ondoren, zizelkatu egiten dira, eta sabela hustu egiten da. “Dena eskuzko tresnekin egiten dugu; baditugu lutheriarako espezifikoak diren batzuk, baina, oro har, arotzarenak erabiltzen ditugu”. Zatiak itsasteko kola ere antzinako errezeta bat da, animalia hezurretatik eta azaletik erauzitako gelatinarekin prestatua, zehazki —”sarkofagoak egiteko erabiltzen zen bera”, aipatu du irakasleak— eta erosten duten berniza ere formula historiko baten arabera dago sortua. “Pixka bat anakronikoa da”.

Lutheria eskola 3

Tresnak soinu ederra edukiko badu, diseinuak harmoniatsua izan behar du; piezek, simetrikoak; eta instrumentuak, ergonomikoa, ondo egokitzeko musikariaren eskuetan. “Gustu estetikoa ere lantzen dugu. Oreka egon behar da parteen artean. Gure irizpidea da Italia iparraldeko eskola klasikoa, XVII. mendearen bukaeratik XVIII.aren erdialdera artekoa. Normalean, siluetak harmonia badauka, seguruenik soinu ona edukiko du”. Arroitajauregik uste du bobeda lortzea dela prozesuaren alderik gaitzena, ez baita erreza simetria erdiestea, azaldu duenez: pertsona ezkerra edo eskuina izan, ezberdin lantzen dira aldeak, eta desberdintasun txikienak ere doinua baldintzatu dezake. “Ikasle baten txelo batean, desberdintasun bat ikusten genuen aldeen artean. Neurtu genuen, eta 0,2 milimetrokoa zen. Begiak zorroztasun hori garatu dezake, baina landu egin behar da”.

Baina kontua ez da bakarrik nola moldatu; zer moldatzen den, halakoa izango da doinua. Materiala funtsezkoa baita, irakaslearen arabera. Egurra erosi egiten dute, jada hautatuta eta prestatuta, ezaugarri jakin batzuekin, soinu estandar bat erdiesteko. Sabelerako, izeia erabiltzen dute; eta bizkarrerako, aldeetarako eta mastarako, astigarra. Eta, hari estuak badituzte, hobe. “Harien artean zabalera handia badago, nahiz eta kalitate oneko egurra izan, lantzeko zailagoa da, kutxiloa saltoka baitoa zati gogorren eta bigunen artean”. Italia iparraldeko zura erabiltzen dute, nabarmendu duenez. “Probatzeko, pandemia aurretik Oñatiko [Gipuzkoa] izei bat moztu genuen. Hariak oso zabalak dira. Hari estuak edukitzeko, arbolek klima hotza eta gogorra behar dute 1.200 metrotik gora”.

Lutheria eskola 4

Egindakoa probatzea

Arroitajauregiren azalpenak musika doinuekin nahasten dira; geletako batera hurbildu, eta biolin pare bat gailentzen dira; beste leku batera jo, eta biolontxeloa da nagusi. Alos Quartetekoak joan dira BELEra, eta ikasleek egindako tresnak probatzen ari dira, zorrotz ebaluatzen, eta, are, baita harritzen ere, zenbait alerekin. “Sentsazioa oso ona da”, adierazi du Xabier Zeberio kideak. “Lehenengo aldia da ikasleen instrumentuak probatzen ditudala, eta oso interesgarriak dira; gauza bereziak entzun ditugu”.

Musikariaren berbetan, artista bakoitzak bere preferentziak ditu, parametro mordo bat baitaude. “Jakin behar duzu zertarako behar duzun musika tresna. Agian, sekulako potentzia du, baina ez duzu inoiz bakarlari gisa joko”. Bestelako ezaugarriak lantzen ditu Zeberiok. “Niri ez zait hainbeste inporta potentzia edo indarra, baizik eta soinuaren ezaugarriak gustukoak izatea; askotan, goxotasuna bilatzen dut”.

Lutheria eskola 5