Txakolinaren jauregia

Txakolinaren jauregia

Ibai Maruri Bilbao

Badakite 1526an leku horretan Mendibile izeneko baserri bat zegoela, baina ez zen gaur egungo eraikin bera. Leioako Mendibile jauregia XVII. mende bukaeran eraiki zuten. Ez dakite nork eraiki zuen, ezta norena zen ere. Badakite bizileku izateko eraiki zela. Haren neurriak ikusita, lur jabe garrantzitsuren batena zela uste dute. “Ezaugarri bereziena da atartean bi arku dauzkala, zutabe oboideo bat dutela erdian”, nabarmendu du Mendibile elkarteko idazkari Zuriñe Urrestarazuk. Bizkaian halako arkupea duen lehen baserrietako bat izan zen. Jauregia kudeatzen duen elkartea da Urrestarazunena, eta Leioako Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bizkaiko Txakolina jatorri izena dira kideak. Gaur egun, jatorri izena kudeatzen duen kontseilu arauemailearen egoitza da, erakusketak antolatzen dituzte aretoetan, eta joan den astean berriro ireki zuten jatetxea ere badu.

Bi arkuek adierazten dutenez, bizileku bi zeuden baserrian. Agerikoa denez, Mendibileren ugazabak sozioekonomikoki goi mailakoak ziren, eta horrelako baserrietan ez zen ohikoa izaten bizileku bat baino gehiago egotea. Bi izaten zituztenak, normalean, alokatzeko erabili ohi ziren. Beraz, bi hipotesi dituzte. Batetik, izan daiteke leinu bereko familia bi bizi izateko eraiki izana. Beste aukera da ugazabak bizilekuetako batean bizitzea, eta horregatik eraiki izana hain baserri arranditsua, eta beste erdia alokatzeko erabili izana. Edozelan ere, bizileku bat baino gehiago izateagatik eta nabarmena duen luxuagatik du jauregi deitura.

Oinplano ia karratua du, eta lau isurkiko teilatu irregularra. Aipagarria da fatxada nagusiaren estalkia miru-buztan deituriko eran erortzen dela. Harlangaitza erabili zen eraikitzeko, izkinetan eta lauzetan harlanduz sendotua. Badira eraiki zen garaiari buruzko pista batzuk: sarrerako arku motak; izkinak batzuetan alakatuta eta engolatuta egotea; baoetan harlanduak perimetro osoan ondo presatuta egoteak, baina karelean hiru ilara osatzea. Sistema horiek Errenazimentuko estiloaren oinordekoak ziren, eta XVII. mende amaierako barroko klasizistak berriz hartu zituen.

Lur irregularrean dagoenez, zokalo bat eraiki behar izan zuten. Beheko solairuan, atartea dago. Haren barruan, ukuilurako sei sarbide, beheko solairuko gelak —ezkaratzaren alboetan dauden hegaletan daude— eta lehen solairura sartzeko eskailera daude. Lehen solairuan, neurri ezberdineko sei bao daude; beste bi ganbaran, estalkiaren teilatu-hegalaren azpian. Leiho asko ditu, baina atzeko aldean nabarmen gutxitzen dira.

XX. mendearen erdialdean, eraikina eraberritu egin zuten, bi etxebizitza zeuden lekuan bost egiteko, eta horrek goitik behera aldatu zuen eraikinaren jatorrizko egitura. 1996an, eraikina hondatuta zegoen. Haren interes historiko-artistikoa ikusita, jabeak udalari utzi zion, eta udala arduratu zen eraikina zaharberritzeaz, enplegu tailer baten bidez. Lehen garai hartakoak ditu oraindik ere kanpoko hormak, karga-hormak, bao batzuk eta teilatuaren egitura. Gainontzeko guztia berria da.

Mendibile jauregia

Dastatzeak eta erakusketak

1.471 metro koadroko ditu, lau solairutan banatuta. 2007tik jatetxe bat du beheko solairuan, eta baita erakusketa gela txiki bat. Lehen solairuan, Bizkaiko Txakolina sor-markaren egoitza dago, erakusketa aretoarekin eta erabilera anitzeko gelekin. Hirugarren solairuan bilera gelak dituzte. Sotoa garaje eta biltegi moduan atondua dute. Bizkaiko txakolinari buruzko erakusketa finkoa du jauregiak, Urrestarazuk azaldu duenez. Bisitatzera joateko aurrez ordua hartu behar da. Horrez gain, behin-behineko erakusketak antolatzen dituzte EHUko Arte Ederren fakultatearekin elkarlanean. Jatetxean, herri kirolei buruzko erakusketa txiki bat zuten, baina aretoa berritzen dabiltza.

Txakolinari eta Bizkaiko lehen sektoreko produktuei lotutako jarduerak sarri antolatzen dituzte Mendibilen, horiek sustatzeko helburua baitu gaur egun jauregiak. Esaterako, joan den asteburuan Txakomic txakolina eta komikigintza uztartzen dituen jaialdia egin zuten. Dastatzeak ere ugari izaten dira urtean zehar.