Mundua zuriz eta gorriz margotzen

Mundua zuriz eta gorriz margotzen

Mikel Garcia Martikorena

Bilbo, Elorrio, Guardia (Araba), Baiona, Oiartzun (Gipuzkoa), Sevilla (Andaluzia, Espainia), Londres (Ingalaterra) eta Teheran (Iran). Oso ezberdinak diren hiri eta herrien zerrenda bat dirudien arren, denek ezaugarri komun bat dute: denetan, gutxienez, Athleticen peña bat dago. Mundu osoko Athleticen zaleak batu eta haien arteko harremanak hauspotzeko, Athleticen Nazioarteko Peñen Federazioak Athleticeko Peñen Nazioarteko Kongresua antolatzen du urtero.

Duela 50 urte egin zuten lehen aldiz, 1973an, Bailenen (Jaen, Espainia), eta ordutik urtero eutsi diote topaketari —2020an eta 2021ean ez, COVID-19aren izurriagatik—. Urtero, peña batek antolatzen du, gainera. Aurtengoa 49. aldia izango da, eta, bi urteurren baliatuta, Bilbon ospatuko dute euren eguna zaleek: alde batetik, Athleticek 125 urte beteko ditu aurten; bestetik, Bilboko Zazpikaleetako peñak 50 urte beteko ditu. Azken hori izango da aurtengo kongresuaren antolatzailea.

Zazpikaleetako peñaren diruzain Carlos Acero beti egon da Athleticen nazioarteko kongresuetan, hirutan izan ezik. Acerok dioenez, bertaratzen diren zaleen giroa “itzela” da. Urtero legez, ehunka athleticzale batuko dira euren klubaren inguruko iritziak trukatzeko. Antolatzaileen datuen arabera, gaur hasi eta etzi bitarte iraungo duen kongresuan laurehun lagun inguru bilduko dira. Euskal Herriko zein mundu osoko hainbat lekutatik etorriko dira. Acerok baieztatu duenez, Kolonbiako eta Mexikoko peñak egongo dira etorriko direnen artean, besteak beste.

Athletikeko-penak

Bilbo hartuko duten zaleen egonaldia arintzeko, peñen federazioak, Athleticek eta Zazpikaleetako peñak hamaika ekitaldi antolatu dituzte: herri kirolak, kalejirak, musika zuzenean, futbol partidak, bazkariak eta abar. Ekintzak ez dira soilik peñetako kideentzat izango; agertzen den edonork izango du parte hartzeko aukera. Acerok bizkaitarrei gonbidatu die asteburua haiekin “goza” dezaten: “Zuri-gorriz apaindu ditugu Bilboko kaleak, eta hainbat tabernak pintxoak eskainiko dituzte 1,50 euroan. Jendeak Athletic zer den jakin behar du”.

Harremanak ehundu

Kongresua ez da soilik jatea eta giroaz gozatzea: Acerok dio munduko peña zuri-gorri guztien elkartasunerako tartea dela. Zazpikaleetako peñak 1976an antolatu zuen azkenekoz kongresua, eta Bilbon 2004tik ez dute egin. Horrek bidea ematen du munduko athleticzaleen arteko harremanak ehuntzeko; izan ere, kongresua edonon dela ere, Acerok azpimarratu du beti “oso ondo” hartzen dituztela. Joan den urtean, Alacanten (Herrialde Katalanak) antolatu zuten.

Athleticen zaleen talde sutsuak Euskal Herrian Bizkaitik kanpo ere badira; adibidez, Guardian (Araba), Arabako Errioxako Oscar de Marcos peña dago. Duela 28 urte eratu zuten eskualdeko zenbait herritako zaleek, eta, egun, 140 bazkide inguru dira. Aurten ez dira kongresura joango, Juantxu Martinez peñako lehendakariak azaldu duenez. Beste hainbatetan parte hartu dutela esan du, eta giro “paregabea” egoten dela nabarmendu du. Athleticen peñen arteko harremanak, baina, ez dira soilik kongresura mugatzen; Arabako Errioxakoak, adibidez, inguruan dauden bestelako peñekin batzen dira “urtero-urtero”, bazkari bat egiteko.

Dos Hermanaseko athleticeko peña

Mahaia ez da Arabako Errioxako zaleek beste zale talde batzuekin partekatzen duten gauza bakarra. Izan ere, Dos Hermanasen (Sevilla, Andaluzia, Espainia) Oscar de Marcos Athleticeko jokalari arabarraren izena daraman peña bat dago. Martinezek azaldu duenez, “harreman estua” dute haiekin, eta Sevillara joan ohi dira bisitan.

Ismael Vega Dos Hermanasko peñako kideetakoa zornotzarra da, baina 25 urte daramatza Sevillan, eta betidanik egon da peñan. Vegak esan duenez, Euskal Herritik kanpo daudenentzat aukera “paregabea” da kongresua “antzeko egoera” bizi dutenekin egoteko.

Futbola baino gehiago

Hainbeste urte Euskal Herritik kanpo egon ostean, Vegaren kasuan, Athletici lotuta jarraitzea ez da soilik futbola gustuko duelako: “Athletic euskal herritar izatearekin lotzen dugu kanpoan bizi garenok; gure nortasunaren zati bat da askorentzat”. Zale asko euskal herritarrak diren arren, beste asko atzerrian jaiotakoak dira. “Munduko edozein lekutakoa izanda ere, athleticzalea izan zaitezke. Normalean gurasoek pasata da”, dio Martinezek.

Ildo beretik jo du Txomin Carrecedo Portugaleteko Harroak peñako lehendakariak: “Ez zara Athleticen zaleagoa Euskal Herrian jaio izanagatik. Are gehiago, atzerrian jaiotakoak meritu handiagoa dute, zailago izan dutelako”. Carrecedok dio “ikusgarria” dela Euskal Herritik kanpo Athletic nola “bizi eta animatzen” duten.

Portugaleteko peñako presidenteak “ikusgarritasun” horren adibidetzat jarri du Minglanillan (Cuenca, Gaztela-Mantxa, Espainia) duela hainbat urte peñen kongresu batean bizi izan zuena: “Cuencako antzoki batean Athleticen ereserkia entzutea hunkigarria izan zen oso”. Carrecedok uste du Athleticen zale izatea “barruan” eramaten den zerbait berezia dela.

Euskal Herriko jokalariak erabiltzeko filosofiagatik, zaleak erakartzeko gaitasunagatik edo dena delakoagatik ditu hainbeste jarraitzaile Athleticek mundu osoan, nahiz eta ez diren guztiz gai haien zaletasuna azaltzeko. Denek erantzun bera eman diote “zer esan nahi du Athleticek zuretzat? galderari: ezin dela hitzez azaldu, “sentimendu berezi bat” dela.

Zazpi Kaletako athleticen peña

Gabarra atera

Athletic kirolaz harago doan zerbait den arren, futbol klub bat izaten jarraitzen du; eta, futbolzale guztiek bezala, Athleticen zaleek garaikurrak nahi dituzte. Urteak dira azkenekoz “garaikur handi” baten zaporea dastatzen ez dutela, eta jarraitzaileek gogoa dute. Dos Hermanasen bizi den Vega zornotzarrak gogoan ditu oraindik 1984an irabazitako Espainiako Kopa eta Liga: “Zale batentzat bi garaikur horiek irabaztea eskatu daitekeen hoberena da. Gogoan dut nola bildu zen jendea Bilboko itsasadarraren ertzetan gabarra ikusteko”.

Arabako Errioxako peñaren Martinez presidenteak argi dauka gabarra “gutxi barru” itsasadarrean nabigatzen ikusteko aukera izango duela, 1980ko hamarkadan lortutakoa errepikatzea “oso zaila” dela aitortu badu ere. Hainbat final jokatu ditu Athleticek azken urteetan, eta, gertu izan arren, titulu nagusiek eskuetatik alde egin diote beti. Baina aurten hori zeharo aldatu daitekeela diote zaleek, Espainiako Kopan finalerdietan baita Athletic —hilaren 24an izango du partida— .