Arte garaikidea sudurren aurrean

Arte garaikidea sudurren aurrean

Amaia Igartua Aristondo

Ezin da oharkabean igaro. Sestaoko udal liburutegiaren atarian, bazter batean, oso agerikoa da Raquel Meyers artistaren Woodscii Totem lana, kolpeka uztartutako zurezko plakazko zutabe mardula, bi metro baino garaiagoa. Eskailerak igo, eta parez pare agertzen da obra, bilatu gabe, espero gabe. Iaz, Artoteka artelanak mailegatzeko proiektua antolatu zuten lehen aldiz, Gazte artea Ezkerraldean programarekin elkarlanean, eta katalogoko lagin oparo bat kokatu zuten Barakaldoko Clara Campoamor kultur etxean ikusgai. Aurten, ordea, artea “deslokalizatzea” izan dute jopuntuan, Artotekako kide Oihane Sanchezen esanetan; hori horrela, mailegagarri dauden artelanetako bost ikusi ahalko dira Sestaoko udal liburutegian, Gaztelekuan eta kiroldegian, hiru hilabetez.

Erakusketa formatua saihestu dute aurten, eta hainbat espazio publiko baliatu dituzte, hain justu, jendeak tupust egin dezan ekoizpenokin. Hala, beste publiko batzuengana errazago hel daitezkeela uste du Laura Diez kideak. “Artea eguneroko bizitzara hurbiltzea da helburua, eta jendeak aurkitzea interesatu dakiokeen zerbait; ez da zertan eduki jakin-min espezifikorik arte garaikidean”.

Kontrara, akuilua tematikoa izan daiteke: nola jorratu dute artistek gai jakin bat? Artotekan bildutako artelanek hizpide dituzte, zehazki, eguneroko bizitza; ekologia eta naturak; errituala, identitatea eta memoria; fantasia eta espekulazioa; kolaborazioa eta komunak; eta teknologia kritikoak. “Gaien inguruan ordenatzen dugu bilduma, diziplinen kategoriekin apurtu nahi dugulako, artista askok hainbat jorratzen baitituzte”, Diazen arabera. Euskarrien aniztasuna ere agerikoa da Artotekaren eskaintzan: badaude Helena Goñiren argazkiak, Raquel Asensiren eskulturak, Juana Garcia-Pozueloren pinturak eta Oihane Sanchez beraren ilustrazioak; eta badaude, orobat, formatu ezohikoagoak ere, hala nola Saioa Olmoren liburu-landareak eta Tunipanea luthierraren musika tresna bitxiak, hondarrekin taxututakoak.

Artotekak bitartekari lana egiten du: obrak maileguan uzten ditu, eta bestelako ekintzak ere sustatzen dituzte artistekin; esaterako, ikastaroak eta hitzaldiak. Artelanak ez dira haienak, baina artisten sare batekin daude harremanetan. Hiru hilabetez uzten dituzte maileguan, eta, epea amaitutakoan, akordioa berritu daiteke. Artelanak eskatu izan dizkiete etxe partikularretan kokatzeko, baina baita bestelako lekuetan ere; besteak beste, kliniketan eta kiroldegietako bulegoetan. Areago, orain dela gutxi obra bat utzi dute maileguan, 9 urteko neska baten gelan egongo dena gutxienez hiru hilabetez.

“Joan-etorriko bideak sortzen dira”, Diezen irudiko. “Obrak beste dimentsio batzuk bereganatzen ditu. Artistak proposatzen du esanahi bat edo hurbilketa bat, baina, obra etxean badaukazu, haren inguruan pentsatuko duzu zeuk ere: horrek esanahi geruzak txertatuko dizkio lanari”. Adibidez, Meyersen totemak oso ondo funtzionatu izan du institutuetan, Sanchezen iritziz. “Diskurtsoa eta pentsamendu kritikoa sortzeari bide ematen dio”.

Artoteka 2

Hartu-emanak lanaren interpretazioa aberasten du, eta bizitza luzeagoa ere ematen dio, Diezen hitzetan. “Ez dugu bilatzen obra berri bat ekoiztea, baizik eta zirkulazioan jartzea jada ekoitzita dagoen hori. Obra berriak saltzen ez direnean, lantegian geratzen dira sarri, nobedadea bilatzen delako beti”. Jasangarritasunarekin lotzen du Artotekaren irizpide hori, baita mailegua bera ere. “Erostea baino zirkularragoa da”.

Gai eta euskarri ugari

Bisita gidatu batekin aurkeztu zuten Artotekaren aurtengo aldia Sanchezek eta Diezek, joan den asteko ostiralean. Meyersen totemak ireki zuen bisita, herriko liburutegian, eta balio izan zuen, era berean, bildumaren ezaugarri bati erreparatzeko: artelanetako askok aspaldiko hizkuntzak erabiltzen dituzte, gaurkotuta. Meyersek programazio hizkuntzak darabiltza, kasurako: kontsolak, Commodore 64… “Teknologia zaharrak berreskuratu ditu, eta totem horretan kokatu ditu”, xehatu zuen Sanchezek. Teknologia kritikoen kategorian sartu dute artelana. “Interneten agerraldiarekin, esparru digitalak eta birtualak leku gero eta handiagoa joan dira irabazten eguneroko bizitzan eta harremanetan”.

Ondoren, Gaztelekura abiatu zen taldea. Bi artelan kokatu dituzte han: Borja Gomezen argazki diptiko bat eta Mawatresen Deiadar mendiak argazki sorta. Belako musika taldeko kideekin batera ondu du obra Mawatresek: kide bat ageri da Deiadar mendietako bakoitzean —Kolitza, Ganekogorta, Gorbea, Oiz eta Sollube—, musika tresna batekin. Dei egitearen ekintza eguneratzen du, Sanchezen arabera, beste modu batean ari direlako oihuka: musikarekin. “Gure historiaren eta identitatearen parte diren zeinu horiek gaurkotzen dituzte”.

Kiroldegian bukatu zen Sestaoko ibilaldia. Korridoreetako batean, igerilekura ematen duten leiho zabalen azpian, Belen Cerezoren Harria eta argazkia ipini dute. Lau argazki dira, non hainbat harri mota agertzen diren, argi urdin ilun apal batekin argiztatuta. Diez: “Harriaren materialtasuna —zeina oso eskultorikoa den— eta pisua pasatzen ditu bi dimentsiotara; birplanteatu egiten ditu tradizioa eta memoria”. Kokapena nabarmendu zuen Sanchezek: “Garrantzitsua da. Pisua jasotzeko keinua iradokitzen du obrak; beraz, interesgarriagoa da argazki seriea lurrean kokatu dadin, sentsazio hori azpimarratzeko, eta ez zintzilik”.

Artoteka 3

Frantziako artotèque guneak eredutzat hartu zituzten Sanchezek eta Diezek euren Artoteka propioari ekiteko. Are, Diezek horietako batean egin zuen behar. Ezaugarrietako batzuk Euskal Herriratzen ahalegindu dira; horien artean, artearen deszentralizazioa bultzatzea. Izan ere, artotèque-n bitartez antolatutako ekintzak ez dira soilik hirietan gertatzen; herriak ere artearen leku bilakatzen dira, Diezen berbetan. “Bide ematen dute 50 edo ehun laguneko herriek egitarau kulturala eduki dezaten”. Horregatik, besteak beste, egin dute bat Gazte artea Ezkerraldean egitasmoarekin. “Kultur jardueraren zati handi bat Bilbon gertatzen da. Ezkerraldeko sortzaile gazteei ere balioa eman nahi diegu”, esan du Sanchezek.