“Lehen bizitza sinpleagoa zen; oraingo gazteriari ez diot inbidiarik”

“Lehen bizitza sinpleagoa zen; oraingo gazteriari ez diot inbidiarik”

Zihara Jainaga Larrinaga

“Irabazi izan ditudan sari gehienak lehiatuta izan dira; hau ezustean etorri zait”. Egindako ibilbideagatik Monzon-Ganuza Euskal Utopikoei III. saria jaso zuen martxoan Xabier Amurizak (Etxano, Zornotza, 1941). Auto gorri bat gidatuz iritsi da Berrizko udaletxe zaharra dagoen aldameneko aparkalekura. Petril batean eserita egin nahi izan du elkarrizketa, eta ia ordu eta erdi iraun du. Datorren hilaren 3an, 82 urte beteko ditu, eta Bizkargi mendira joatekoa da. Santakrutz ermita dago han, 36ko gerran fronte izandakoa. Hain zuzen, Xabier Kruz da Amurizaren izen osoa, eta urte askoan joan izan da hara. Asko oroitzen da haurtzaroaz: mendian ia historiaurrean bizi izan zela dio. Ostean, hamahiru urte eman zituen seminarioan, apaiz izateraino. “Urte ikaragarri zoragarriak”. Kartzelan egin zituen beste zazpi urte. Geroztik, bertsolaritzan aritu izan da 50 urtean. Gaur egun, bertso mundutik aldenduta, erretiratu bizimodua du, erretiratuen elkarretaratzeetara joaten da, eta ordenagailu aurrean idazten igarotzen ditu orduak. Hark dioenez, euskara galtzeak pena emango lioke, baina bera hiltzeak, gehiago. Baina dio horrek ez duela “triste” biziarazten.

“Zoriona ideia komertziala da; nik poza nahi dut”: Monzon-Ganuza saria jaso zenueneko hitzaldian esan zenituen hitzak dira. Zein dira zure eguneroko poz txikiak?

Bizi naizen adinean are gehiago nahi dut poza. Eguzkia egunero datorrenean, esaterako, ikaragarrizko poza sentitzen dut. Bizi naizen tokian eguzkia aurre-aurrean daukat. Egunero dator eta doa, eta ni hortxe nago, denbora pasatu ahala, berari begira. Hilezkor sentitzen naiz. Osasunez, zorionez, ondo nabil. Badakit egunen batean hilko naizela, baina ez naiz horregatik triste bizi. Ohartuago eta konturatuago bizi naiz egun, denbora ez dadila konturatu gabe eta alferrik joan.

Zer oroitzeak pozten zaitu?

Oroitze osoak pozten nau. Oroimenetik bizi naiz, haurtzarotik hasita. Aspaldi idatzi nuen “oroitzen naizena naiz” esaldia. Gogoan daukadan guztia: horixe naiz. Zorionez, nahiko oroimen selektiboa daukat.

Haurtzaroan izan zenuen pozik?

Erreferentzia guztiak haurtzarora doaz. Urik ez, argirik ez zen etxean, baina orduko oroitzapen onak dauzkat. Laurogei urte igaro dira ordutik, eta bitarte horretan konprimitutako poz guztia sentitzen dut.

Euskal Herriari bizi osoko lana eskaini dioten herritarrak omentzen ditu sariak. Makina bat lan egindakoa zara Euskal Herriaren eskubide nazional, politiko eta sozialen alde, urte latzetan.

Bizitzan kokapen ezberdin asko tokatu zaizkit; Euskal Herriaren aro ezberdinak ezagutzea tokatu zait. Toki guztietan nahiko presente egon naiz, eta militantea eta idealista izan naiz, baina, nire meritua baino gehiago, urteen meritua da. Hainbeste urtean zerbait gertatu behar zaizu munduan.

Zerk bultzatuta egin dituzu gauza horiek guztiak?

Seminarioko kontua izan zen; ia bizitza oso bat igaro nuen han. 11 urte nituenetik 24 izan arte. Frankismoaren gordinean, herri txiki batetik joan nintzen hara, komunitate handi batera. Euskararik ez zegoen komunitate batera. Aurrez nituen erreferentzia guztiak ezabatu ziren hasieran, baina 16 urterekin ohartu nintzen zerbait gertatzen zela, eta, orduan, nolabaiteko pizkundea izan zen. Galdetzen nuen nire hizkuntzak zergatik ez zuen ezertarako balio, adibidez; nire ideia eta sentimenduek zergatik ez zuten balio. Oro har, erlijio moralistak ezartzen duen itxikeriatik askatzen hasi nintzen. Neure kontzientziaren jabe izan nahi nuen. 18 urte nituenerako, askapen orokor bat eta errebeldia bat eskuratu nituen.

Sarri aritu zara ezinaren alde. Haragoko indarra izan ezean, ezer ez da aldatzen.

Errebeldia bada zerbait egiteko tresna. Hala, ideal batzuk sortu ziren nigan: euskara, Euskal Herria, gizartea, desberdintasunak, eskubideak. Apaiz egin nintzenerako, apaiz errebelde atera nintzen kontzientzia osoz. Intelektualki eta pentsaeraz gauza batzuk ezinezkotzat edo utopiatzat hartzen dira, baina, nolabait, norabide horretan jokatzen duzu. Ondo frogatuta dago gizateria sortu zenetik ezberdintasunak eta zapalkuntzak daudela. Hala ere, nagusitasunik ez egoteraino ez dugu egingo; alde horretatik, ezin dena egin ez da problema.

Iraultzatik iraultzara, garai intentsuak izan ziren. Aldaketa urteak. Gazteria berria zetorren. Bizitzako arorik oparoena, agian?

Gaztetan, idealismorako joera handiagoa egoten da, eta, nik bizi izan nuen frankismoaren gordinean, gauza asko borrokaren bidez lortu genituen. Aro bero eta intentsuak izan ziren, nire bizitzako emankorrenetakoak. 1960 eta 1970 arteko hamarkadan gauza asko aldatu ziren. Hala, gai sozial, politiko eta kulturaletan bizitzako garairik oparoena apaiz garaia izan zen. Laburra, baina intentsua. Gerraosteko belaunaldia ginen; guk, gutxiengo handi batek, hori sentitzen genuen. Bagenekien, halaber, non amaituko genuen, erbestean edo kartzelan, baina konbentzimendu handiz uste genuen beste aro bat lortzen ari ginela.

Utopia aipatu duzu. Euskal Utopikoei saria eman dizute, hain zuzen. Utopiak definitzen zaitu?

Idaztea, literatura edota artea dira utopia. Kontuan izan behar da utopian aritzean fikzio batean ari zarela; fikzio hori errealitatean lorgarri dela pentsatzera beste salto bat dago. Utopia egoera, sentiera edota jarrera bat da, pentsamenduz, intelektualki eta errealki gainditu beharrekoa. Utopia sentitzea polita da, baina utopian ez dut sinisten. Gauzak ez ditut erraz sinisten. Ez dudanez sinisten sinistu behar ez denik eta ez dudanez itxaroten itxaron behar ez denik, ez dut hainbeste dezepzio hartzen. Oro har, faktore bati garrantzi handia ematen diot: zorteari. Norbera non jaio den, mundu osoari begiratuta, zortea asko da. Hori ez dago norbere esku, ez inguruaren, ezta gizartearen esku ere. Nik zortea dut dudan osasunagatik; zorte handiko zahartzaroa bizi dut.

Pribilegiatu sentitzen zara?

Bai. Dudarik gabe. Negar handiak egiten ditugu hemen, eta ikusi behar da pixka bat harago joanda nola aldatzen diren gauzak. Zorte handia duzun sentsaziotik munduari begiratzea errazagoa da. Zorte txarrean bizi direnek ez dute begiratzeko astirik ere izango. Zorteak erabakitzen du asko.

Nola begiratzen diozu zuk munduari?

Mundua ez dago ondo, baina sekula ez da egon. Konstantzia dugunetik, indarrak agindu du beti; horrek zapalkuntza sortzen du eta zapalkuntzak moralitatea dominatzen du. Zorte eta erruki handi batetik begiratzen diot munduari; inpotentzia handitik ere bai.

Zertan desberdintzen da egungo egoera duela 60 urteko garaietatik?

Gaur egungo bizitzan tentsio eta konflikto gehiago ikusten dut duela mende erdi baino. Orain, tentsio handia dago harreman sozialetan; lehen, bizitza sinpleagoa zen. Oraingo gazteriari ez diot inbidiarik. Ez dakit jendea pozago bizi den; ni neu, bai, eta horixe baloratzen dut. Modua badago, eta gutxiagorekin bizi daiteke. Askotan etxean ditugun bi katuei begira egoten naiz, pozik bizi direla ikusten dut, eta gu bezain izaki osoak dira. Ez dute gauza handirik eskatzen. Gu zergatik ezin gara pozik bizi? Horixe da baliorik handiena. Asko eskatzea izugarrizko okerra da. Premia batetik beste bat sortzea konflikto bidea baino ez da.

XABIER AMURIZA

Apaiza. Zazpi urte eman zituen apaiz Xabier Amurizak. Irudian, 1966. urteko uztailean Gautegiz-Arteagako Kanaleko frontoian, sotana eta guzti kantuan, Abel Muniategi lagun duela.

Debeku garaiak bizitakoa zara. Nola ikusten duzu euskararen inguruko pultsua egun?

Ezkor edo baikor egoteak ez du ezertarako balio. Sentimendu subjektiboa da. Sentsazio pertsonalak dira. Ez dute errealitatea aldatzen. Egin dizkidaten elkarrizketa guztietan azaltzen den galdera da, galdera susmagarria. Erdarengatik inork ez dit hori galdetzen. Zerbaiten seinale da hori, duda handi bat dagoen seinale, agian. Ondo ez dut ikusten euskara, segurantzarik ez. Hizkuntza gutxitu bat izaten jarraituko du. Datuak ez dira onak.

Borondatea badago?

Borondate politikoa baino gehiago, borondate indibiduala behar da. Norbanakoek ez badute sentitzen hizkuntza bere eta erabili egin behar dutela, erabaki sentimental eta bital hori hartzen ez bada, hizkuntzak ez dira erabaki politikoz erabakitzen. Erabilerak egiten du. Egun, ez dago galarazita euskaraz egitea; egin nahi duenak, nahi badu, egingo du. Hemendik 50 urtera suposatu behar dugu egin nahi dutenak eta egingo dutenak orain baino gehiago izango direla? Ez dakit, baina euskaraz gehiago egin nahi ez bada, zer egingo zaio, bada. Argi dago euskaraz gehiago egiteak erdaraz gutxiago egitea eskatzen duela. Ez daukat itxaropen handirik honek hobera egingo duenik, ondo egoteko asko egin behar baitu hobera. Hizkuntza idatziak ez du zabaltzen, egiteak baizik. Asko handitu behar da hizkuntza sozial bat garrantzitsua izateko.

Zertan hobetu daiteke?

Euskara bera tresna errazago eta erabilgarriago egin dezakegu. Hizkuntza hitz egiten dena da, eta hitz egin behar da erraz. Gure hizkuntza normalki erabiltzea ez da samurra. Hain zuzen, gure aditzarekin ez dago hizkuntza konpetitibo eta erabilgarri bat egiterik. Aditza sinplifikatzen ez bada, ez dago zereginik. Egun, nahi duen guztia euskaraz esateko kapazak gutxi dira. Horrela hizkuntza bat egiterik ez dago. Euskal telebistako eta gaztelaniako telebistako batez besteko hizkera hartuta, hizkuntzatik hizkuntzara dagoen aldea handia da. Gure hizkuntzaren maila eta kalitatea eboluzioan baino deskonposizioan dagoela ematen du askotan.

Politikan ere aritua zara. Egungo testuinguru politikoa hizkuntzaren antzeko ikusten duzu? Nola dago nazioa?

Ezker abertzalekoa izanik, hiru oihu egin izan ditugu beti: “Gora Euskadi independentea, sozialista eta euskalduna”. Hiru horietatik errazena independentzia da, baina oso zaila. Sozialismoa askoz ere zailagoa, eta Euskal Herri euskalduna…[barrea atera zaio]. Maila horretan ikusten ditut zailtasunak. Gaizki gaudela esatea ez litzake egokia. Beste etapa batean gaude. Ikusiko dugu noraino iristen garen, baina independentzia posible errealetik urrun, bai.

Erretiratuta zaude. Zertan igarotzen duzu egunerokoa?

Hainbat gauza dauzkat idatzita, eta ordenagailua beterik daukat. Argiratuko ditut, baina doan eta sarean jartzea da asmoa. Sarearen hautua egin dut, egun ez dagoelako ziurtasunik argitaletxeek argitaratuko dizutenik, eta, balego ere, prozesu luze batean sartu behar duzu. Nik jada ez daukat gogorik horrelako epeetan ibiltzeko eta inorekin tematzeko. Egingo ditudan lanetako bat Itxi dezagun zirkulua izango da: urte hauetan guztietan enkarguz eskatu dizkidaten dozenaka bertso eta letren bilduma. Hirurehun bat orrialdeko dokumentua dut jasota ordenagailuan. Horrez gain, duela 25 urte bizkaieraz idatzi nuen Enaz, banaz euskara batura itzultzen ari naiz, eta Etxepareri buruzko saiakera bat ere bukatua daukat: Etxepareri gutun atzeratua. Gehiago ematen didate halako kontuek, munduari hilabete batean bira emateak baino. Atsegina ematen dit, eta horretan inbertitu nahi dut sobratzen zaidana eta daukadana. Halaber, ekarpena ere izango dira norbaitentzat.