Aurreneko baserrien aztarna

Aurreneko baserrien aztarna

Amaia Igartua Aristondo

Euskal nortasunaren ikurrak dira, aspaldiko eraikinak; beharrizan produktiboek eta sozialek moldatu dituzte, eta eraberritu egin dira beharrizanok beste horrenbeste egin dutenean. Inguruak eman die izena baserriei, eta baserriek eman izan diete izena, orobat, hango bizilagunei: egiturari erreparatuta, izan dira Etxebarria, Aurrekoetxea eta Ormaetxea; lanbideak ezarri die Tailleri, Olamuniaga, Olariaga eta Sutegi; eta naturak baldintzatuta izendatu dituzte Madariaga, Arana, Ibarra eta Magalarte. Eta, bide beretik, erabilerak erabaki zuen Zamudioko Kadaltso baserriaren izena.

XVI. mendean sortu zen eraikina. Garai hartan, oholez egindako gotorlekuei deitzen zitzaien kadaltso, Lander Aretxabaleta Zamudioko zinegotziak azaldu duenez. Baserriaren kokapenari erreparatuta, uste dute gotorleku izate horretan egon litekeela izenaren jatorria: izan ere, Kadaltso bide ertzean dago, herriko sarreran, eta Zamudio leinukoen dorretxetik kilometro batera, gutxi gorabehera.

Kadaltsori buruz lehen aipamenak hasiera garaikoak dira, gutxi-asko, zinegotziak xehatu duenez: ezaguna da Martin Cadalsok meako kintalen salerosketan parte hartzen zuela 1548an; 1566an, Maria Diaz de Cadalsok eta Pedro Garcia de Caballak seme bat izan zuten, Pedro Garcia de Caballa Cadalso. Ana Xarabeitirekin ezkondu zen, eta, 1597an, seme bat izan zuten, Pedro Caballa Xarabeiti, zeinak Cadalso abizena ere erabiltzen baitzuen agiri batzuetan.

Hala, cadalsotarren leinukoak ugarituz joan ziren mendeen igaroan. Eta aberastuz: Kadaltso baserriaz gain, hauek bereganatu zituzten: Basatxua eta Madariaga, Zamudio inguruan; Kadaltso Etxebarria, Kaltsoko errota eta Larrazelaietako hariztia, Derion; eta hainbat soro eta basoren jabeak ere baziren. XVII. mendean, errentan hartu zituzten Zamudioko dorrea, Aresti, Artea eta Olabuniagako burdinolak eta errotak. Jabetza horiek guztiak mantentzeko —etxaldeak, kapilautza, errentako etxeak, ikatzen negozioak, seme-alaben ezkontza doteak…—, zentsuak eta maileguak eskatu zituzten.

Kadaltso 2

Egitura, erabilerak aldatua

Euskal baserrien lehenengo belaunaldikoa da Kadaltso, eta oraindik eusten die jatorrizko ezaugarrietako batzuei: lurretik zuzenean altxatutako zutabe handiak, adreiluzko eta egurrezko egitura, erdi-puntuko arkuak dituzten baoak eta mendebaldeko sarrerako harrizko ateburua. Urteekin, gotorleku izateari utzi zion, eginkizunak aldatu egin ziren, eta horrek eragina izan zuen haren egituran. Bizimodu bakarreko etxea izan zen 1720ko hamarkadara arte, eta bizimodu bikora egokitu zen ordutik aurrera.

1726an, goiko zatia kontuan hartuta erdibitu egin ziren solairuak, korta eta lastategia. Behean, eskuinean, korta jarri zuten, eta, ezkerrean, dolarea, mahaiarekin eta armazoiarekin; lehen pisura igotzeko, kanpoaldean harrizko eskailera zegoen, eta handik ailegatzen zen sutera, geletara eta egongelara. 1801ean egindako deskribapen baten arabera, sutea eta dolarea mendebaldean zeuden ordurako, eta eraikinaren barruan eskailera bat omen zegoen lehen solairura igotzeko, oholezkoa. Gaur egun, kanpoko egitura neurri handi batean kontserbatzen da, baina barrukoa galdu egin da, gehienbat.

Kadaltso baserria cadalsotarren esku egon zen berandura arte: 1932an, Hilario Menicak eta Felix Agirregoitiak erosi zuten etxea. Eta, 2019an, Zamudioko Udalak eskuratu zuen. “Bestelako erabilerak emateko helburuarekin erosi zen. Arriskurik izan ez dadin, hesiak jarri dira, eta gunea ahalik eta garbien mantentzeko lanak egiten dira”, azaldu du Aretxabaletak. Etorkizunean zer obra egin daitezkeen zehazteko lan arkeologikoak ere egin dira, eta baserrian interpretazio zentro bat egiteko asmoa dute.