Autozaintza eta komunitarioa

Joan den astean Osasunaren Mundu Eguna izan zen, eta Gurutze Gorria bezalako erakundeek gaur inoiz baino beharrezkoago ikusten dute autozaintza emozionalaren aldeko apustua egitea. Osasun krisi betean gaudenez, badirudi lehentasunezkoa dela gure elikadura zaintzea, atsedena hartzea, ariketa fisikoa egitea, estresa murriztea, lotura afektiboak indartzea… Une honetan, badirudi erakundeek osasunaren aldeko apustua egiten dutela negozio gisa; beraz, autozaintza indartzea ezinbestekoa da, baita komunitate osasuna ere, komunitate jakin baten osasunaren adierazpen kolektiboa baita, pertsonen ezaugarrien, familien, gizarte, kultura eta ingurumenaren, osasun zerbitzuen eta faktore sozial, politiko eta globalen eraginaren arteko elkarrekintzak baldintzatua.

Osasun komunitarioko eragileek —Osasun Forokoek (Osalde, Osatzen, Lehen Arreta Arnasberritzen…), esaterako—, urteak daramatzate osasuna gai kolektibo gisa lantzen, eta kolektibo gisa defendatu behar dugu. Azken hilabeteko osasun zentroen aurrean egindako kontzentrazioetan, bilbotarrek argi utzi dute ez dutela murrizketa gehiago onartuko, ezta lehen mailako arretaren desegitea ere, ezta osasuna bezalako oinarrizko eskubide bat ukatzen duen pribatizazio prozesua ere. Gainera, egoera honi gehitu behar zaizkio Eusko Legebiltzarreko osasunari buruzko bilkura monografikoan helarazi ziren bi datu kezkagarriak. Alde batetik, 2019ko udatik —pandemiaren aurreko azkenekotik— 2022kora, %27 hazi ziren ebakuntza baten zain zeuden pazienteak. Baina ordutik urtea amaitu arte bikoiztu egin dira berme dekretuetatik kanpo geratzen diren kasuak, hau da, osasun publikoak erantzuteko konpromisoa hartzen duen gehieneko aldia (sei hilabete kirurgia arrunterako, hiru bihotzeko prozesuetarako eta bat onkologiarako). Beste aldetik, Gabonetan ere jakin zen 100.000 pertsona baino gehiago zeudela itxaron zerrendan kontsulta espezializatu baterako, eta 2019 eta 2022 artean bikoiztu egin zela proba diagnostiko baten zain zeuden pazienteen bolumena: 50.000 baino gehiago dira.

Hala ere, egoera ikusita Eusko Jaurlaritzatik bidali zuten mezua ez zen lasaitzeko modukoa. Elena Lete Legebiltzarreko Osasun Batzordeko presidenteak zera adierazi zuen: “Erkidego guztietako daturik onenak dira”.

Hori guztia kontutan edukita, kalera ateratzeko beharra azpimarratzen ari dira hainbat eragile, eta hilabete honetan aukerak ez dira faltako: Bilbon , hurrengo ostegunerako —apirilaren 20a—, 19:00etan, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak berriro kontzentrazioak antolatu ditu auzoko osasun zentroetan osasungintza publikoa, presentziala eta duina defendatzeko.

Era berean,OPA Herri Plataformak koordinakundean bildutako herri plataformek, hainbat erakunde sozial eta sindikalekin batera, dei egiten dute apirilaren 22an Bilbon, Donostian eta Gasteizen osasungintza publikoaren alde egingo diren manifestazioetan parte har dezaten.