Metroaren lineak lotu ezinik

Metroaren lineak lotu ezinik

Mikel Garcia Martikorena

Metroa Galdakaora iritsiko da 2027an”, esan zuen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Hitzok Bilboko metroaren bosgarren linearen ingurukoak dira, 2022ko otsailekoak. Linea berri horrek Etxebarriko geltokia eta Galdakao-Usansolo Ospitalea lotuko ditu. Lehendakariaren baieztapenak, baina, hainbat arazo topatu ditu azken hilabeteotan. Hasteko, Urkulluk, duela urtebete pasa plana iragarri zuenean, esan zuen aurrekontua 360 milioi eurokoa izango zela, baina handitu egin behar izan dute, teknikariek ibilbidearen zenbait eremutan kostua handitzea aurreikusi ostean. Galdakaotik ospitalera doan zatian, esaterako, 3,5 milioi euro gehiago inbertitu beharko dituzte. Kalkulu okerrek obrak berriz lizitatzea ekarri du.

Diru kontuak ez dira Eusko Jaurlaritzak eta ETS Euskal Trenbide Sareak duela urtebete aurkeztu zuten planak dituen oztopo bakarrak. Sarratun (Basauri) egin behar duten intermodalak zeresan handia eragin du herrian. Sarratuko geltokiak lehen linea (Plentzia-Etxebarri) eta bosgarrena batzea du helburu. Han, Etxebarritik datozenak jaitsi eta tren aldaketa egingo dute Aperribai, Bengoetxe, Galdakao eta Ospitalea geltokietara joateko.

Eredu horrek intermodaletik at uzten du Basauritik igarotzen den bigarren linea: Kabiezes-Basauri. Hori dela eta, Sarratutik urrun bizi den basauriar batek hiru tren hartu beharko ditu Usansoloko ospitalera heltzeko: Basauritik Etxebarrira, Etxebarritik Sarratura eta Sarratutik erietxera. Hori salatu dute, behintzat, Sarratu Intermodala Bai Baina Horrela Ez plataformako kideek. Plataforma Basauriko auzo elkarte denek eta Sagarrak talde ekologistak osatzen dute. Eusko Jaurlaritzak trenaren ibilbidearen plana aurkeztu eta gutxira batu ziren.

“Plataformaren helburua da garraio publikoko sareak ahalik eta zerbitzu egokiena eskaintzea basauriarrei”, esan du Maria Corcuera Pozokoetxe auzo elkarteko eta plataformako kideak. Argi du intermodala Basaurin egotea onuragarria dela: “Beti eskatu izan dugu ospitalerako lotura hobea, gure erreferentziazko zentroa da eta”. Baina dio egungo ereduak gauzak “zailtzen” dituela: “Aurrera eta atzera ibili beharko dugu”.

Pasabidea konponbide

Haien kezkak helarazi eta Basauriko Udalaren jarreraren berri izateko, plataformako kideak udalarekin batu ziren pasa den martxoaren 29an. Bileran udalak adierazi zien egungo ereduaren aurka dagoela. “Udalak bi lineak batzea nahi du, baina hori teknikoki oso zaila da”, adierazi du Gabi Hernandez Sagarrak taldeko kideak.

“Bateratzea ez, baina nolabait lotzea lor daiteke. Linea arteko lotura azkarra eta bizilagun guztiek erraz erabiltzeko modukoa izatea nahi dugu, Unamunon bezala”, baieztatu du Hernandezek. Unamunon (Bilbo) dagoen pasabidea da plataformak eta udalak proposatu duten konponbidea. Horretarako, baina, beste geltoki bat egin beharko litzateke Etxebarri eta Arizen arteko geltokien geralekuan, eta geltoki horretatik Sarraturaino joango litzateke pasabidea.

ETSrekin izan zuten bileraren ostean jakinarazi zieten Sarratuko zatia bukaerarako utzi ahal dela “eredurik egokiena” lortu arte. Horregatik, plataformak mahaian parte hartzeko eskaera egin dio udalari. Corcuerak dioenez, plataforma ez da sortu “soilik” udalari eta ETSri eskariak egiteko, “baita bizilagunei informazioa helarazteko ere”. Hortaz, apirilaren 20rako alderdien mahai bat antolatu dute, udalean ordezkaritza dutenek zer jarrera duten plazaratu dezaten bizilagunen aurrean.

Ekosistema aldatu

Bosgarren linearen planak ez du soilik intermodala eta ospitalera joateko aukera ekarriko Basaurira. ETSren ardurapean egongo den metroaren linea horrek Basauriko Euskotren zerbitzua desagertzea ekarriko du; gaur dagoen bezala, behintzat. Izan ere, Bilbotik Donostiara doan tren zerbitzua aldatu egingo da metroaren linea berriarekin. Ondorioz, Euskotrenek ez du bidaiaririk eramango Bilbotik Basaurira, eta, egun mahai gainean dagoen ereduaren arabera, trenbidea salgaien garraiorako erabiliko da.

Trenbide horren errailak lurpean geratzea aurreikusten da. Plataformak, halaber, “beste pauso bat” eskatu die ETSri eta Basauriko Udalari: egun Basauritik igarotzen diren errailen ekosistema aldatzeko. Corcueraren arabera, aldatzeko hainbat gauza daude; trenbide pasaguneak, esaterako. Horregatik, metroaren bosgarren lineak ekarriko dituen aldaketak “aprobetxatzeko” eta “anbizio handiko aukeren” alde egiteko eskatu die erakunde publikoei.